Toutes les nouvelles

Ihobe eta APIAk biodibertsitate eta natura-ondareari buruzko Ingurumen-komunikazioaren Eskola abiatuko dute UPV/EHUren Uda Ikastaroetan

Ihobe - Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren sozietate publikoak eta APIA - Ingurumen Informazioaren Kazetarien Elkarteak “Biodibertsitate eta natura-ondarea komunikatu" izeneko Ingurumen-komunikazioaren Eskola bultzatzen dute Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Uda Ikastaroen baitan.

Ikastaroaren helburua da aztertzea zer-nolako ekarpena egin dakiokeen komunikazioaren arlotik gure biodibertsitatearen ezagutzaren hobekuntzari eta beraren babesari, eta, horri lotuta, ekosistemek eta naturak eskaintzen dizkiguten zerbitzuen balioa nabarmentzea, zeren funtsezkoak baitira gure ekonomiarako eta gizartearen ongizaterako. Asmoa da komunikazioaren eremutik enpresa, erakunde eta herritarrak ohitura eta bizitzeko jokabideen aldaketan inplikatzearen alde egitea, modu jasangarriagoan bizitzeari eta ekoizteari begira.

Ikastaroa Donostiako Miramon Jauregian egingo da, irailaren 21 eta 22an, eta hainbat lekutako ekimenak emango ditu ezagutzera, ikuspegi desberdinekin, hedabideak eta ingurumen-hezkuntza barne sartuta. Halaber, Euskadiren egoera ere egongo da aztergai, zeren oso eremu aberatsa baita biodibertsitate aldetik; izan ere, Europar Batasuneko lurraldearen % 1 soilik izan arren, 2.500 espezie baino gehiago ditu, eta europar intereseko habitaten % 35, fauna-espezieen % 21 eta flora-espezieen % 2.

NBEren biodibertsitateari buruzko azken txostenak ohartarazten duenez, espezien galera masiboa gertatzen ari da giza jardunaren eraginez. Milioi bat espezie inguru desagertzeko arriskuan dago, eta beste asko hamarkada batzuen buruan desagertu litezke, gizateriaren historian antzeko dimentsiorik ez duen mehatxu baten eraginez.

Ingurumen-komunikazioaren Eskola honen bigarren edizioa da. 2019an, klima-larrialdiari heldu zion, eta aurten biodibertsitatea eta natura-ondarea ditu ardatz, elkarri estu lotutako bi gai baitira. Komunitate zientifiko eta akademikoaren aldetik hainbatek eta hainbatek azpimarratu dute klima-krisiak eta biodibertsitatearen azken hamarkadetako galera izugarriak lotura estua izan dutela COVID-19aren agerraldiarekin, hots, 2020ko hasieraz geroztik munduko leku gehienak gogor jo dituen pandemiaren agerraldiarekin. Klima-krisiari aurre egiteko ekintzak baditu beste inplikazio ugari, zeren barne hartzen baititu, halaber, biodibertsitatearen galeraren kontrako borroka eta natura-ondarea zaintzearen eta bestelako ereduez ekoiztu, kontsumitu eta bizitzearen aldeko jarduna.

Ingurumen-komunikazioaren Eskola Jasangarritasunaren Foroan dago sartuta. Foro hori topaketa, hedakuntza eta prestakuntzarako plataforma ireki bat da, helburutzat duena jasangarritasunaren alorreko erronka zientifiko eta sozial handiak ezagutzera ematea.

Goi mailako hizlariak

Uda Ikastaroa irekitzeaz Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordea arduratuko da. María Garcia APIAko presidenteak azalduko du zer den eta zertarako balio duen ingurumen-komunikazioa. “2002, biodibertsitaterako funtsezkoa den urte bat” da Lourdes Lázaroren hitzaldiaren izenburua. Berau Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren Mediterraneoko Lankidetza Zentroaren Garapen Korporatiboaren arduraduna da. Odile Rodríguez de la Fuentek, zientzia- eta ingurumen-dibulgatzaileak, “Gizon bat lurrean. Naturari buruzko dibulgazioa” izeneko hitzaldiarekin esku hartuko du. Hitzaldiaren inspirazio-iturria bere aita Félix Rodríguez´de la Fuenteri buruz haren heriotzaren 40. urtemugan argitaratu berri duen liburua da.

Cristina Mongek, Ecodes Fundazioaren aholkulari eragile eta Zaragozako Unibertsitateko Soziologia irakasleak, “Natura-ondare eta biodibertsitatea komunikatu” izeneko mahai-ingurua dinamizatuko du. Lehenengo eguna tailer praktiko honekin amaituko da: “Telefono mugikorra ingurumen-kazetaritzaren tresna gisa”. Arduraduna María Josep Picó izango da, ingurumen- eta zientzia-kazetaria eta Jaume I Unibertsitateko irakasle elkartua eta ikertzailea.

Bigarren jardunaldia Xabier González Ihobeko komunikazio arloaren koordinatzaileak aurkeztuko du. Juan Luis Cano, Gomaespuma Fundazioaren kazetari, umorista eta idazlea, “Umorea biodibertsitate eta ingurumena komunikatzeko” gaiari buruz mintzatuko da. “Krisiaren komunikazioa ingurumenaren alorrean” da Javier Valenzuelaren hitzaldiaren izenburua. Berau Gaztela eta Leongo Natura Ondare Fundazioaren Komunikazio zuzendaria da, eta APIAko presidenteordea.

“Formatu berriak biodibertsitatea komunikatzeko” mahai-inguruko parte-hartzaileak honako hauek izango dira: María José Montesinos, Aragoiko RNEren “Tiempo de actuar” ingurumen-programaren zuzendaria; Óscar Menéndez, zientzia-komunikatzailea; María José Parejo, Radio 3en "El Bosque Habitado” programaren zuzendaria; eta Daniel Rodrigo, ingurumen-hezitzailea. Rocío Benaventek, Maldita Ciencia-ren koordinatzaileak, “Biodibertsitate eta natura-ondarea komunikatzea desinformazioaren aroan” tailer praktikoa zuzenduko du.

Online matrikula jadanik dago irekita, eta UPV/EHUren Uda Ikastaroen webgunean egin daiteke:

Escuela de Comunicación Ambiental. Comunicar biodiversidad y patrimonio natural

 

Autres nouvelles d'intérêt