Uda Ikastaroak gizartearen egungo erronken eztabaidarako topagunea dira
Horixe adierazi du Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendariak aurtengo edizioaren balantzearen aurkezpen ekitaldian, eta ez du zalantzarik egin honako hau baieztatzean: “Erreferentzia gara euskal gizartearentzat jakintza transmititu eta partekatzeko orduan”. Agustín Erkiziak UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Ikastaroen Batzorde Antolatzaileko lehendakariak aurkezpenean ere parte hartu du.
Aurkezpenean bereziki nabarmendu da parte hartzaileen gogobetetze maila handia, 8,92koa ikasleen artean, 9,52koa irakasleen artean eta 9,71koa ikastaroen zuzendarien artean, ororen gainetik ikastaroen kalitatea eta sortzen dituzten harremanen kapitala goraipatu dituztenak. Gainera, zuzendariak azpimarratu ditu edizio honetako parte hartze handia eta eskaintza zabala: 13.412 lagunek parte hartu dute eta 221 ikastaro eskaini dira. Nabarmentzekoa da ere edizio honetan euskaraz eman diren ikastaroak: guztira 47 (% 19ko igoera aurreko edizioari dagokionez).
Ikasleei dagokienez, emakumeak izan dira nagusi, profesionalak eta 45 urtetik gorakoak; bigarren tokian goi mailako ikasle gazteak.
Uda Ikastaroen egoitza Topagune gisa finkatzen da eta Ikastaroen presentzia euskal lurralde osora iristen da; Ikastaroak 44 eszenatoki desberdinetan egin dira.
Edukiei dagokienez, edizio honen ezaugarri nagusiak izan dira gaurkotasun gaiei buruzko eztabaidak eta etorkizunarekiko kezka. Lehenik eta behin, Europar Batasunaren auzia. Uda Ikastaroek bokazio europeista izan dute beti, eta krisi instituzionala, populismoa eta Brexita izan dira aurten gai nagusiak Europaren ardatz tematikoan.
Bigarren ardatzak etorkizunera begira jartzen gaitu. Teknologiaren eta gizakiaren arteko harreman zorabiagarria. Adituek ohartarazi dutenez, telefono mugikorra, gaur ezaguten dugun moduan, desagertu egingo da. 3D inprimaketak nabarmen hobetuko ditu ebakuntza kirurgikoak. Wearable-ek edo janzki adimendunek osasunean lagunduko digute, baina arriskutsuak izango dira gure intimitaterako. Aurrerapen horiek denek gogoeta egitera bultzatzen gaituzte, bere mugak eta inguruarenak etengabe desafiatzen dituen espezie gisa. “El origen de casi todo” ikastaroan izan diren adituak argibideak ematen saiatu dira gure planetako biziaren eboluzioari eta espezie gisa ditugun desafioei buruz.
Aurten, ziklo berri bat inauguratu dugu: IRAUNKORTASUNA, maiuskulaz idatzita. 19 ikastaro izan ditu guztira. Adituek hizpide izan dituzte krisi klimatikoa, haren komunikazioa hedabideen bidez eta haren eragina hirietan, proban jartzen duena haien erresilientzia. Ardatz honetan, nabarmentzekoak izan dira klima desafioari aurre egiteko hainbat esparrutako proposamenak: itsas ekosistemak, eraikuntza jasangarria, birziklapena, etab.
Bestetik, euskal kulturak sendotzen jarraitu du Uda Ikastaroen programazioan. Edizio honetan, bi belaunalditako bi idazle izan ditugu, Ramon Saizarbitoria eta Harkaitz Cano, beren lanari buruzko argibideak ematen. Euskarazko ekoizpen artistikoak ere bere lekua izan du, Hitz Enea erakusketaren bidez, Euskal Kultur Elkargoarekin batera antolatua, eta belaunaldi berriko bi emakume bertsolariren –Miren Ibarzabal eta Nerea Amuriza– bertso saio bikaina ere izan dugu. Oihartzun handia izan du ere “Gazteak eta Eleaniztasuna” ikastaroak.
Azkenik, Ikastaroak udan solik egiten ez direla azpimarratu du zuzendariak. On-line ikastaroek hazkunde handia izan dute. Uda honetan, 20 ikastaro egin dira abuztura arte, eta une honetan martxan daude jada abendura arte programatuta zeuden 17 ikastaroak.
Fundazioa hasi da dagoeneko 2020ko edizioa prestatzen. Urriaren 7tik azaroaren 18ra bitartean zabalik egongo da proposamenak egiteko epea. Deialdi irekia egingo da gizarte eragile ezberdinei beren proposamenak aurkez ditzaten, UPV/EHUko Uda Ikastaroak diren Topagunean eztabaidatzeko eta partekatzeko.