Toutes les nouvelles

Uda Ikastaroen aurkezpena Donostian

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuorde Cristina Uriartek, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak, IRIZARko Pertsonaleko zuzendari Roberto Iñiguez de Onsoñok eta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari Carmen Agouések aurkeztu dute hil honen 28an hasiko den XXXVII. edizioa; urriaren 27ra arte, 191 jarduera programatu dira orotara.

Uda Ikastaroen bokazioa izan da egunerokotasunean errotzea beti, etengabe aldatzen ari den gizarte batean. Aldaketa teknologikoak, haien eragin sozialak, kulturalak eta juridikoak. Aurten, gizartean nagusitzen ari den paradigma aldaketa emakumearen eginkizunari eta erretiratuena bezalako kolektiboen boteari lotuta dago; halaber, delinkuentziaren forma berriek edo pribatutasunari egindako mehatxuek protagonismo berezia izango dute, hezkuntza arloan ematen ari den eguneratze etengabea bazterrean utzi gabe.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ikastaro espezifikoak homologatzen jarraitzen du, irakasleen etengabeko prestakuntzarako. Era berean, IRIZAR enpresak “Bizitzaren bidaia” zikloan sartutako ikastaroak babesten ditu.

Kirmen Uribe, Planeta sariaren irabazle Javier Sierra, Juan Velázquez egilea edo Begoña Ibarrola protagonistak izango dira publiko osoari irekitako 13 jardueretako batzuetan.

María del Mar Vivanco doktoreak, CIC bioGUNEko ikertzaileak eta giza bularraren zelula amak identifikatu zituen taldeko kideak, ekainaren 19ko hasierako hitzaldian azalduko du nola zientzialariek, bularreko minbiziari aurre egiteko, jarraitzen duten aztertzen zergatik eta nola agertzen diren tumoreak eta, batez ere, zergatik berragertzen diren eta errezibida bat sortzen duten, tumorea, itxuraz, aspaldi desagertuta egon ondoren, eta nola, batzuetan, metastasi bat eragiten duten.

Herritar guztiarentzat zabalik egongo den mahai inguru batean, ETAren disoluzioaren gaia aztertuko da, Justizia Leheneratzailearen teoria –justizia, egia, erreparazio eta ez-errepikatze printzipioak (bazterkeria ezarena ahaztu gabe)– eta NBEk indarkeria politikoko eta sozialeko egoeren amaierari ekiteko emandako irizpideak, DDR gisa ezagunak, aintzat hartuta. Joxerramon Bengoetxea buru izango den legelarien talde batek parte hartuko du. Procés katalana, Euskal Herriko kasua, erreferendumak, konstituzioaren erreformak eta autodeterminazio eskubideak aztertuko dituzte, besteak beste, Victoria Camps katedradunak eta Javier Pérez Royok.

Ez dugu ahaztuko amatasun subrogatuari buruzko eztabaida delikatua. Bi ikastarotan aztertuko dugu; batean, ikuspegi medikotik, eta, bestean, ikuspegi juridiko eta politikotik.

Egun gutxi barru, datuen babesari buruzko Europako legedi berria sartuko da indarrean, eta orain dela hilabete pare bat Facebookeko eskandaluaren berri izan genuen. Mark Zuckerbergek barkamena eskatu zuen. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen erabileraren eta datuen babeserako oinarrizko eskubidearen arteko oreka; bi bidaide horien arteko erlazioa aztertuko da, Datuen Babeserako Euskal Agentziak zuzendutako ikastaro batean. Profil kriminal berriak, mafia berriak, emakumeak biktima ideal gisa eta haurren sexu abusua ere eztabaidagai izango dira zuzenbidearen ikuspegitik, baita zibersegurtasunari lotutako kontzeptu berriak ere, hala nola Privacy by Desing (PbD); hau da, pribatutasunaren bermea ezin da utzi bakarrik legeen esku.

Aurten, Juan Carlos Izpisúa egongo da gure artean, nazioarteko erreferente bat ama zelulen esparruan. Bereziki pozten gaitu berriro ekartzeak orain dela 17 urte Bernat Soriak landutako gai bat; garai hartan, gaian erreferente zientifiko bat zen hura ere, eta horren bidez, UPV/EHUko Uda Ikastaroak artean ia ezagutzen ez zen kontzeptu bat dibulgatzeko plataforma bat izan ziren.

BC3 Basque Centre for Climate Change-k 9 urte bete ditu jada, eta urtero etorri da gure ikastaroetara. Bederatzi urte klima aldaketaren arriskuak eta gaiari buruzko aurkikuntzak eguneratzen. Eskolaren jarduera Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko (IPCC) batzarrekiko paraleloan egiten da.

Pixkanaka, aurten beste erakunde batzuk batu dira jasangarritasunari buruzko eztabaidari, eta ekarpenak egin dituzte hainbat gairen inguruan, hala nola trantsizio energetikoa, lurzoru degradatuen lehengoratzea, hondakinen kudeaketa ekonomia zirkularraren ikuspegi batetik, eta klima aldaketaren eragin zehatzei erantzuteko Gipuzkoako lurraldean prestatzen ari diren ekimenak.

Eustat-en kalkuluen arabera, 2030. urtean 65 urtetik gorako pertsonak biztanleria osoaren % 28 izango dira. Estatistika zentro horren aurtengo hitzorduan, 2060. urtean zer egoera eman daitezkeen azalduko dira.

Egoera horiek lehen mailako eragin ekonomikoa eta soziala izango dute; izan ere, gaur-gaurkoz, gizarte mugimendu oso garrantzitsu bat ematen ari da jada, eta Helduak Adi bezalako erakundeek lagundu dute horren eraketan, orain dela 10 urte baino gehiago hasitako lanaren bidez. Aurten, plataforma horrek planteatutako analisi, eztabaida eta aldarrikapenen bederatzigarren aldia izango da, eta ardatza izango da, betiere, gizarte sektore horren jabekuntza.

Guggenheim Museoaren eskutik, nazioarteko hainbat adituk “Osagai teknologikoen bidezko artelan garaikideen kontserbazioaz" dakitena partekatuko dute, horren zailtasunak ere azalduz. Hortik labar artera joango gara, eta Zestoan labar artedun haitzuloen Europako lau errepliken (Altamira, La Caverne du Pont d’Arc, Lascaux IV eta Ekainberri) balio museografikoa aztertuko dugu, Ekainberriren irekieraren 10. urteurrenean.

Historia eta artea uztartzen dira ere nao Victoriaren esparru teknologikoaren azterketan eta analisian, Lurrari emandako lehen biraren esparruan. Hala, Euskal ontzigintzak XIII-XVI mendeetan izandako eboluzio teknologikoari buruzko ikerketen emaitzak emango dira ezagutzera, hemengo ontzioletatik atera baitziren Mediterraneoko eta europar Atlantikoko merkataritza bideetan nagusi izan ziren ontziak.

Oria ibaian, Usurbil, Aginaga eta Orio artean kokatutako euskal ontziolen garrantzia aintzat hartuta, ekimen bat antolatu dugu Orion bertan, non laster irekiko baita orain dela 40 urte soilik ibaiertz honetan zegoen Mutiozabal ontziolaren museoa. Hondarribian ere jarduera ireki bat egingo da, tradizio eta erritu sozialek edo espiritualek kohesio elementu gisa duten garrantziari buruz, bai eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko aldaketa eragozteko elementu gisa ere.

Egongo gara ere Eibarren, Azpeitian, Hondarribian, Tolosan, Getarian, Errenterian, Irunen, Azkoitian, Ordizian eta Lesakan. Horrez gain, 25 ikastaro egingo dira Bizkaian, eta 9, Araban.

Prestakuntzan diharduten pertsonen etengabeko prestakuntzarako eskaintza oso zabala izan ohi da UPV/EHUko Uda Ikastaroetan. Jakintzen eguneraketak hezkuntza sistema osoa hartzen du, haur hezkuntzaren beharretatik hasita unibertsitatera. Aurten, lankidetzan jarraituko dugu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin, eta, oraingoz, aurrez aurreko 12 ikastaro homologatu dira, eta beste 11 ikastaro online.