UPV/EHUko XXXVII. Uda Ikastaroen aurkezpena, BBVA Fundazioarekin lankidetzan
Gaur goizean aurkeztu dira BBVA Fundazioaren egoitzan UPV/EHUko XXXVII. Uda Ikastaroak. Ekitaldian izan dira Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea, Carmen Agoués, Ikastaroen zuzendaria, eta Laura Poderoso, BBVA Fundazioaren zuzendariordea, UPV/EHUko Uda Ikastaroen kolaboratzaile pribatu nagusia.
UPV/EHUko Uda Ikastaroek 191 proposamen biltzen dituzte, maiatzaren 28tik urriaren 27ra bitarte garatuko direnak, eta proposamen horietako askok 2018ko gizartearen zeharkako eztabaida egiazkoei erantzuten diete. Hainbat gai jorratuko dira ikastaroetan: gizartearen zahartzea; emakumeek emakume izate hutsagatik gainditu behar dituzten oztopoak; gizarteko delinkuentzia modu berriak; gizarteko aurrerapenak gure bizitza modu osasuntsu eta duinean luzatzeko, edo, paradoxikoki, suizidioaren fenomenoa; giza arrastoaren eraginak gure planetan; hezkuntzaren eta sozializazioaren arloko modu berriak, edo asaldatzen gaituzten gatazka politikoak. Zeharkako sei ziklo izango dira: XXI. mendeko hezkuntza; jasangarritasunaren balioa; kultura demokratikoa; demografia eta zahartzea; genero ikuspegia, eta nazioarteko nahiz Europako hedadura.
Edizio honetan, presentzia nabarmena izango du genero ikuspegiak, eta hainbat ikastarotan landuko da, hala nola hainbat ikastaro historikotan, adibidez “Kultura, Komunikazio eta Garapenerako 9. Nazioarteko Topaketan” Era berean, genero ikuspegiarekin lotuta dago Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak ad hoc aurkeztutako proposamen bat, feminizidioari buruzkoa; baita emakume kirolarien erregimen juridikoa izango duena ardatz aurten, "Genero y deporte: el régimen jurídico de la mujer deportista" izenburupean.
Era berean, genero ikuspegia jorratuko du Espido Freirek emango duen ikastaroak, non emakumeek historian zehar eta arteetan izandako eginkizunari eta islari buruzko eztabaidak proposatuko diren. Edizio honetan amatasun subrogatuaren eztabaida korapilatsua ere landuko da.
Jasangarritasunaren alderdi ugariak eta klima aldaketa eztabaida klasikoak dira, jada, UPV/EHUko Uda Ikastaroetan. Ekonomia zirkularrak izan dezakeen aplikazioa aztertuko da, halaber, eta hainbat eremu landuko dira: egurrezko eraikuntza, Passivhaus eta antzeko kontzeptuekin; hondakinen kudeaketako hierarkizazioa; baso masen kudeaketa bertan behera uztearen ondorioak; gas naturalaren ekarpena energia berriztagarrietaranzko trantsizioan, edo Gipuzkoak klima aldaketari begira egindako gogoeta.
Gure gizarteko “helduenen” protagonismo politiko, sozial, kultural eta ekonomikoa ez da leit motiv berria UPV/EHUko Uda Ikastaroetan. Eustatek berak antolatu du egoera demografikoak aztertzeko ikastaro bat, 2060ko egoera zer nolakoa izango den argitzea helburutzat hartuta. Miramar Jauregian aztergai izango da berriz adinekoen ahalduntzea, oso garrantzitsua baita haiek EAEko gizartean parte hartzea hura eraldatu ahal izateko, eta Helduak Adi elkarteak erakutsitako indarra izango da gaia jorratzeko abiapuntua; ahultasunari eta zahartzeari buruzko ikerketak eguneratuko dira.
Gure ingurune hurbileneko eztabaida politikoak, hala nola Kataluniako prozesua, Euskal Herriaren kasua, erreferendumak, erreforma konstituzionalak edo autodeterminaziorako eskubidea, Victoria Camps eta F, Javier Pérez Royo katedradunak jorratuko dituzte, beste batzuekin batera.
Hezkuntzan dihardutenen etengabeko prestakuntzako eskaintza oso zabala izan ohi da beti UPV/EHUko Uda Ikastaroetan. Ezagutzen eguneratzeak hezkuntza sistemako arlo guztiak barne hartzen ditu. Bai Haur Hezkuntzako premiak (“Haur Hezkuntza, bizitzako oinarrien etapa”), bai metodo pikleriarra, bai unibertsitatea. Alderdi oso zehatzak aztertuko dira, eskola jazarpenari eta antzemate goiztiarrerako tresnei heltzeko (Bizikasi ekimena). Era berean, aztergai izango dira hizkuntzaren nahasmendu espezifikoen eta dislexiaren diagnostiko goiztiarra eta esku hartzea. Era berean, unibertsitateak enpresa munduarekin duen harremana ere jorratuko da, eta ikastaro horretan Euskal Herriko hiru unibertsitateetako, hiru patronaletako eta unibertsitatearekin lotura handia duten enpresetako ordezkariek parte hartuko dute.
Aurten ere Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lankidetza izango da, ikastaroak homologatzeko, eta Nafarroako Gobernuarekin lortutako hitzarmena erantsiko zaio horri, onuragarria izango dena Nafarroako hezkuntza sareko maisu-maistrentzat.
EAEko 3 hiruburuetan ez ezik, beste 14 udalerritan ere eskainiko dira UPV/EHUko Uda Ikastaroak. Gipuzkoan, ikastaroak izango dira Ordizian, Eibarren, Azpeitian, Zestoan, Tolosan, Azkoitian, Errenterian, Getarian eta Orion; Bizkaian, Gernikan eta Barakaldon; Araban, Guardian; Iparralden, Baionan, eta Nafarroan, berriz, Lesakan.
Esponentzialki handitzen ari da Bizkaiko proposamenen kopurua (25). Bilboko Udala eta Guggenheim Museoa laguntzaile berriak dira. Bilbo hiriaren etorkizunari buruz eztabaidatuko da (“Bilbao, ciudad y futuro”), eta museoaren eskutik hainbat adituk (profesionalak) “Conservación de obras de arte contemporáneas con componentes tecnológicos” ikastaroa eskainiko dute.
Publikoari irekitako 13 jarduera izango dira, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Kirmen Uribek, Emilio Calatayud epaileak, Planeta saria jaso duen Javier Sierrak, Juan Velázquez idazleak edo Begoña Ibarrolak.