“Prosodia hizkuntza egoera mentaletik egoera fisikora igarotzen denean sortzen diren azentu egiturak, entonazio ereduak eta soinu etenez osatzen da”. Horrela definitu du gaurkoan UPV/EHUko doktore-gaia den Ainhoa Aizpuruak ikastaroko lehenengo egunean. Izan ere, gauzak esatea baina gehiago, “gauzak ‘nola’ esaten diren du garrantzia. Iritzi berekoa da Itziar Navarro, Mintzola ahozko lantegiko ikerlaria dena. Azken honek Oiartzungo bertsolarien kantaeraren bilakaeraren inguruko bere ikerketaren laburpena aurkeztu du eta zenbait ondorio esanguratsu erakutsi ditu. Itziar Navarrok esan duenez, “’nola’ horrek bertsoen eraginkortasuna baldintatzen du nabarmen”.
Mintzolako ikerlariak, bertsolaritzaren kantaera osatzen duten elementuen sailkapen argi baten faltan, bere sailkapen propioa proposatu du: artikulazioa, azentuazioa, apaindurak, dinamikak, erritmoa, intonazioa, tenpoa eta tinbrea. “Artikulazioak nota batetik bestera igarotzeko estiloari egiten dio erreferentzia. Azentuazioak hitz bakoitzeko silabetan emandako indarrari eta etenei. Apainduretan bribratoa, apoiadura eta bestelako baliabide estetikoak leudeke. Erritmoari dagokionez, erregularra, librea edo irregularra izan daiteke. Intonazioak noten arteko bitarteen kokapenarekin du zerikusia. Tenpoak minutuko taupadak neurtzen ditu. Eta azkenik, tinbrea ahots-korden, sudur hodien eta ahoaren arteko espazioaren araberakoa da, nahita nolabait alda dezakegun arren”.
Itziar Navarroren ustetan, kantaera norberak berezko duen kantu estilo bat den arren, oinarri kultural ukagabe batek eraginda dagoela baieztatu du. “Horrek interesatzen ninduen gehien”. Eta ez dabil oker, Ainhoa Aizpuruak azaldu duenez, euskara, ingelesa ez bezala, “silaba-aldiko hizkuntza bat da”, hau da, silaba guztiak ahozkatzen dira, silaba azentudun eta azentu gabekoen artean alde txikia dagoelako. “Horrek bertsolaritzaren prosodian eragin zuzena du”, adierazi du doktore gaiak.
Ideia hau argiago azaltzeko zenbait bertso erreproduzitu ditu Ainhoa Aizpuruak bertsolari ezberdinen prosodiak erakusteko. Esaterako, Xabier Amurizaren “doinu aldaketa” azpimarratu du, edota Maialen Lujanbioren lastertasuna, etenak eta erritmo aldaketak. Erritmoari dagokionez, Itziar Navarrok Xenpelarren eta egungo garaiak alderatu ditu iraganean “erritmo bizkorragoan” zihardutela nabarmenduz. “Egun, Basarriren garaitik askoz ere motelago dihardugu bertsotan”.
Mintzolako ikerlariaren ustez, bizimodu aldaketan dago bertsorako kantaera ezberdinaren gakoa. “Anjel Mari Peñagarikanok zihoenez, iraganean baserri eta elizan ikasten zen bertsotan. Egun, gizartearen sekularizazioa eta baserri bizimoduaren galera dela eta, bertso eta kanturako espazioak urritu eta transformatu egin dira. Bestalde, iraganean ez bezala, orain soinuak grabatu eta nahi adina erreproduzi ditzakegu. Horrek, ordea, bertsoen doinua estandarizatzeko arriskua eragiten du, eta aniztasuna galdu egiten da”. Baina ez da dena negatiboa, “baserria eta elizaren ordez, bertso eskolak agertu dira eta hauek betetzen dute iraganean beste tokiok betetzen zuten papera”.
Itziar Navarroren ustez, mediatizazio prozesu honek pertsonon “mundo sonoroa” biziki transformatu du. “Orain egunero gabiltza abestiak entzuten, hala supermerkatuan, nola igogailuan. Informazio asko dugu. Baina zenbat abesti dakizkigu benetan ondo? Zenbatekoa da gure jakintza? Lehen abesti gutxiago zekizkiten eta doinuak ez ziren hain anitzak, baina behin eta berriro errepikatzen zituzten, belarria entrenatzen zuten eta abesteko gaitasuna askoz ere orokortuagoa zegoen. Orain gehiengoaren abesteko gaitasuna askoz ere mugatuagoa da”.