Toutes les nouvelles

Ingurumen zuzenbideko masterraren 25.urteurrena

Fernando Tapia jaunak, UPV/EHUko errektoreordeak, “Jardunaldi akademiko irekia. Ingurumen Zuzenbideko Masterraren (UPV/EHU) XXV. urteurrean” Demetrio Loperenaren pertsona,figura eta utzi duen ondarea goraipatuz hasi zuen bere hitzaldia. Errektoreordeak adierazi zuen bezala, Demetrio Loperena bera izan zen UPV/EHUko Ingurumen Zuzenbideko Masterraren sortzaile eta bultzatzaile nagusia. Zentzu honetan, zuzenbidearen adar honetan Demetriok egindako lana nabarmendu zuen. Aitzitik, hura zen iusanbientalistaren (Ingurumen Zuzenbidean aditua) grina nagusia,Ingurumen Zuzenbidea zuen pasio eta ilusio.

Master horretako zilarrezko ezteietan eta gaur egungo egoeraren kontextua aintzat harturik, Fernando Tapia jaunak master horren garrantzia azpimarratu zuen, eta UPV/EHUk Zuzenbidearen adar horren alde egindako eta lan egiten jarraitzeko apustu argia dela azpimarratu zuen. Ingurumenaren degradazioari buruzko kontzientziazio handiagoa dagoela aipatu zuen, baina oraindik bide luzea dagoela egiteko erantsi zuen. Errektoreordeak, diziplinartekotasunak duen eta izango duen garrantzia azpimarratu zituen baita. Ingurumen Zuzenbideko Masterrean jasotzen eta lantzen den diziplinartekotasuna. Era berean, masterraren online modalitatea oso egokia dela nabarmendu zuen, eskaintzen dituen abantaila eta aukera guztiengatik.


Ondoren, Xabier Ezeizabarrenak, Ingurumen Zuzenbideko Masterreko zuzendariak, hartu zuen hitza eta egun horretan bertan Demetrio Loperenak 66 urte betetzen zituela adierazi zuen. Eskertza eta miresmenezko hitz eta sentimenduen artean, Demetrio Loperenak transmititzen zituen gauzen ikuspegi kritiko hori nabarmendu zuen batez ere. Demetrio Loperenak utzitako ondare horretan, egungo zuzendariak hau gogorarazi eta erantsi zuen: “Zer egin behar du juristak? Irakurri, pentsatu, ikasi eta argudiatu".
Demetriori eskeinitako tartearen ostean, pentsamendu juridikoaren ideia orokor horiek azaldu zituen. Hona hemen azpimarratzekoak:

  1. Ingurumen egokia izateko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren (EK) 45. artikuluan giza eskubide gisa onartua dagoena, eta ingurumena behar bezala babestearekin bereiztearen garrantzia azpimarratu zituen. Zuzendariak nabarmendu zuen biosferaren parametroek lotura zuzena dutela bizitzeko eskubidearekin.
  2. Ingurumenaren kontzeptuari buruzko eztabaida, gai hauek planteatzen zituen: Zer da ingurumena? Zer suposatzen du eskumen-tituluen ondorioetarako?
  3. Ingurumen Zuzenbidearen printzipioak. Hirugarren alderdi horretan, subiranotasun klasikoaren mugez eta horren ondorioez hitz egin zuen. Ondasun komunak babesteko subiranotasun klasikoaren ikuskera gainditzeko beharra azpimarratzen du

Xabier Ezeizabarrenak bere txanda amaitzeko, ikuspegi praktiko hori jurista gisa  lantzeko beharra aipatu zuen, hau da, oso garrantzitsua da ikuspegi teorikoaren eta praktikoaren arteko batasuna eta konbergentzia.


Agustin Garcia-Ureta jaunak, UPV/EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak, bere hitzaldian nabarmendu zuen mandatu juridikoa ahazten ari garela. Ildo horretatik, esan zuen gehiago erabiltzen direla estrategia eta dokumentu orientagarriak, hala nola Europar Batasunaren 2020-2030 Estrategia, eta, hortaz, bigarren mailan geratzen dela arau loteslea. Hizlariak berak procrastinar hitza erabili zuen egungo joera eta horrek dakarrena adierazteko. Hainbat zertzelada eman zituen aplikazioren arazo iraunkorrari begira, atzerapenak ematen dira.


Gaur egungo eta etorkizuneko erronken artean, errealitatea ez dela ondo ezagutzen azpimarratu zuen. Batzuetan, azterketak partzialak dira, eta horregatik ez dugu errealitatearen erradiografia argia erakusten duen daturik. Bestalde, klima-aldaketaren erronka horizontala eta hiriguneak ekologizatzearen garrantzia aipatu zituen. Gogorarazi zuen Natura 2000 hiri-ingurunean aplika daitekeela eta Europako Batasunean ez dagoela hirietarako proposamenik. Green City Accord-ek hartu beharko lukeen garrantzia azpimarratu zuen baita.


Agustin Garcia-Ureta jaunak bere txanda ekintzarako eta behaketarako deia egiten amaitu zuen. Kalera irten, behatu eta zuhaitzak non landatu ditzakegun ikusi behar da.

Mahai-ingurua


Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendariak moderatutako mahai-inguruan honako hauek parte hartu zuten:

  1. Javier Sáenz de Pipaón, abokatu penalista eta masterreko ikasle ohia.
  2. Tomás Mingot, abokatua eta Zuzenbide Publikoko irakaslea, Deustuko Unibertsitatea.
  3. Itziar Eizagirre, ingurumeneko aholkularia eta masterreko ikasle ohia.

Itziar Alkortak, UPV/EHUko Uda Ikastaroen izenean aipatu zuen Demetrio Loperenaren omenez eginiko Ingurugiro masterraren urteurrenarekin bat egiten dutela Uda Ikastaroek, hain zuzen ere, ingurugugiroaren gaineko erronken dibulgazioa baita UdaI kastaroek martxan jarri duten Donostia Sustainability Forum-en helburua. Aipatu zituen DSF-k orain arte eskainitako formazio ikastaroak, GazteOn ekimena eta Iraunkortasunerako elkarrizketak direla egindakoaren erakusgarri.


Ondoren mahaikideei eman zien hitza. 


Sáenz de Pipaonek hitz egin zuen lehenik, ingurumenaren babes penalari buruz aritu zen. Zigor Kodearen 319-340 artikuluak aipatu zituen, hau da, arrisku handiko delituak. Ondoren, Aralarko pisten kasua eta minden isurketen eztabaida izan zituen ardatz. Lehenengoan, arauaren itzulpenak erabateko segurtasun juridiko eza eragin zuen. Itzulpenak huts egiteagatik, arauak berak arazo linguistikoa zuen bere baitan.


Bigarren kasuan, baserritar batzuei 4 urteko espetxe zigorra ezarri nahi zitzaien minda botatzeagatik. Javier Sáenz de Pipaónen iritziz, zigor hori gehiegizkoa zen eta ez zuen gaitzespen penalik merezi. Azkenean, zigorra bi urteko kartzelan geratu zen, hau da, espetxeratzea eragotzi zuten. Prestige kasua ekarri zuen gogora eta minden isurketarekin alderatu zuen, legeriaren aplikazioan zegoen desproportzionaltasunean arreta eta azpimarra jarriz.


Tomás Mingot jaunak bere txandan dio araudi aldetik hipertrofia dagoela. Horregatik, Ingurumen Zuzenbideko berariazko prestakuntza behar dela berresten du. Bera hirigintzaren eta ingurumenaren arteko harremanaz mintzau zen, hau da, hirigintza-prozesuek ingurumenean duten eraginaz jardun zen.


Ondoren, mota desberdineko kasuei buruzko epai desberdinetan emandako erantzunak laburtzen ditu. Lehenengoak, 2021eko ekainaren 3ko epaiak, xehetasun-azterketek ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa (IEA) egin behar duten edo ez argitzen da. Andaluziako auzitegiak konstituzio kontrakotasun-errekurtsoa jarri zuen Konstituzio Auzitegian. Konstituzio-Auzitegiak erabakitzen du osagarriak direla eta, beraz, ez dutela behar. Aipatutako bigarren epaia, 2021eko urriaren 1ekoa, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Mendaroko Udalaren ordenantza baten aurka egiteari buruzkoa da. Andaluziako Auzitegi Gorenaren 2022ko martxoaren 16ko epaia ere aipatzen da, eta bertan Plan Orokor baten aldaketa aurkaratzen da.


Itziar Eizagirre andreak klima gobernantzari buruz hitz egin zuen, hau da, gobernantza eraginkorra izan dadin dauden aukerez eta kudeaketaz mintzatu zen. Aurrea hartzeko eta lankidetzarako gobernantzaren garrantzia azpimarratu zituen. Ildo horretatik, agenda hirukoitza (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) behar bezala kudeatzeko, beharrezkotzat jo zituen: ekintza kolektibo eta bateratua, gaitasun handiko gobernuak, ingeniaritza instituzional berria eta iraunkortasunera bideratutako sistema juridikoak eta legegileak izatea. Demetrio Loperena ere aipatua izan zen bere azalpenean, bere esaldi bat ekarri zuen gogora: “Ingurumenak ez du mugarik ezagutzen".

Juana Goizuetak, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoak, jardunaldiaren amaieran, emozioz beteriko hitzak eskaini zizkion Demetrio Loperenari. Parte-hartzaile eta bertaratutako guztiei egun horretako jardunaldira hurbildu izana eskertu zien.