Toutes les nouvelles

Utz diezaiogun informazioa emateari eta has gaitezen komunikatzen

“Twitterrek ez du balio pertzepzio positiboak sortzeko”. Youtube munduko bigarren bilatzailea da. Sare horretan ez dauden alderdi politikoek jendearengana iristeko aukera paregabea galtzen dute. TikTok oso egokia da 24 urtetik beherakoengana iritsi nahi badugu. Ez bada hala, ez nuke ez denborarik ez energiarik ez dirurik xahutuko. Gauza bera gertatzen da Twitch-ekin gizonengana iritsi nahi badugu, eta ultraeskuineko jendea lortu nahi baduzu, erabili Gettr (Trumpen laguntzaile ohiak sortutako sarea).

Zertzelada horiekin laburbildu zizkien Xabier Peytibi komunikazio politikorako eta publikorako aholkulariak “politikaren erronkak” ikastaroko ikasleei alderdi politikoek herritarrekin komunikatzeko dituzten aukerak, gaur egun hain gainbehera doazenak.


Orduak garrantzitsuak dira. “Bakoitzak jakin behar du zein ordutan eta zein gairi buruz eta zein saretan komunikatu behar duen”. Garrantzitsuena ez da jarraitzaileen zerrenda handia izatea, baizik eta ongi erabiltzea. Zure mezuak parteka ditzaten, berritzaileak eta dibertigarriak izan behar dute, eta jendea mobilizatu behar izan duzu.


Politikan, herritarrengan eragina izan nahi badugu, edukiak oinarrizkoak dira. Instagrameko Reel-en bitartez geure burua ezagutzera ematen dugu, politikako light mezuek, hala nola Salviniren katutxoek, olatu handi bat sortzen dute. Peytibik Netanyahuren TikTok gomendatzen zuen, hain serioa den pertsona batek sare mota hori ere erabil dezakeela, eta ongi erabili ere, egiaztatzeko; eta Whatsappa komunikabide politikotzat erabiltzea funtsezkotzat jotzen zuen.


Edukiak oinarrizkoak dira, horregatik zioen honako hau: “Mezuek Tweet baten modukoak izan behar dute. Utz diezaiogun informatzeari eta has gaitezen komunikatzen. Egiten dudanaren berri ematea ezer baino hobea da, baina komunikatzen badut askoz gehiago gogoratuko naute. Komunikatzen badut, memorabilitatea sortzen dut. Zer egiten dugun azaltzeari utzi eta zertarako egiten dugun komunikatu, zer aldatu nahi dugun jendearen bizitzaren mesederako. Mezu motz-motzak, jendeak hobeto gogoratzen ditu eta”.

Sareek mezuak sinplifikatzeko eta askoz jende gehiagorengana iristeko balio dute, politikan interesa izan edo ez izan. Sareek demokrazia hobetzen dutela dioen teoria zaharrak –Ziberbaikortasunaren teoriak– 2011. urtera arte iraun zuen. Liderrekin hitz egin zitekeen eta politika publikoetan elkarreragin. Ideia erreala zen, baina, Xabier Peytibiren arabera: “Twitter iritsi zen. Oso sare garrantzitsua da, oraindik ere, baina gero eta gehiago erabiltzen da lubaki politikotzat, eguneroko borroka kultural eta politiko gisa, erokeriak esateko aukera ematen digun online desinhibizioa esaten zaionaren babespean”.


Eztabaida politikoan ez dago erdibiderik. Edo nirekin zaude edo nire aurka zaude. Sareak gero eta polarizatuagoak daude. “Nire burua erasoetatik defendatu behar badut, ezin dut komunikatu eta nire aurkariak badaki hori”. Aktibistak mobilizatu egiten dira zarata sortu eta arreta galarazteko. Hauteskundeak prestatzeko Twitter erabiltzen dute trending topicak sortuz 1700 txiorekin. Oso erraza da hori lortzea, hein batean antolatuta egonez gero. Espainian bi olatu dabiltza. Eskuin muturrekoa bata, eta goizeko lehen orduan ezkerrari eraso egiten dio; eta, arratsaldean, ezkerrak bere burua defendatzen du. Horrela trending topica bi aldiz ikusten da. “Hiperaktibista hipermobilizatuen gerrak dira; ez dute inor konbentzituko, eta ez dute pertzepzio positiborik sortzen”.

Alderdi politikoekiko desafekzioa, baina baita komunikabideekiko desafekzioa ere; hiru faktore hauek ongi nahastuta, polarizazioa eta gorroto mezuak zergatik sortzen diren uler daiteke: infodemia, gehiegizko esposizioa sareetan eta, funtsean, politikari interesatzen zaion hauteskundeetako populismoa. “Txarrena da jada ez direla ideiak eztabaidatzen, baizik eta arazoa da nork esan duen esandako hori. Eta hori ez da batere positiboa demokraziarako”. Gero eta normalizatuago dago hizkera zikin eta iraingarria. Lehen erokeria zena, orain ohiko bihurtu da, gorrotoa eta hizkuntza polarizatzailea normalizatzen ari garelako. Gainera, alderdiek gero eta gehiago erabiltzen dute framingaren teoria, hau da, errealitatea zuri komeni zaizunaren arabera kokatzea, aurkariari buruz hitz egitean kalifikatzaile edo adierazpen negatiboak erabiliz.


Egindako ikerketen arabera, sareetako gure lagunen % 84k gure sinesmen berberak dituzte, eta hautagai batentzat gero eta zailagoa da burbuila horietan murgiltzea. Sareetako algoritmoek elikatutako eduki guztiak komunitate itxietan hazten doaz, eta hor bolo-bolo dabiltza fake newsak.


Hegel-en tesi, antitesi eta sintesien triadatik sintesia desagertu da sareetan, eta horrek nekea eragiten du politikariengan, etengabe erasotuak sentitzen diren aldetik. Eta aurkariek badakite hori.


Xabier Peytibik zioen komunikabideak etengabe daudela Twitterreko mezu horiei begira, eta oihartzuna egiten dietela. Sintesirako ere ez dago astirik edukiak hain iragankorrak izanik. Gainera, hain gaude konektatuta, ezen arreta gaitasuna ere galdu baitugu (12 segundo 2012an; gaur egun, 8).


Burbuilei dagokienez, Peytibik “likido amniotikoa” aipatu zuen; “gustura gaude likido amniotiko horretan, nire ideiak defendatzen dituztelako”, eta fake newak elikatzen dituzte. Baina “ideia horiek ez dituzte gazteek sortzen, helduek baizik, eta gero Whatsapp bidez zabaltzen dizkiete lagun eta senideei”.

“Sareek gero eta eragin handiagoa dute politikan. Polarizazioa negatiboa da, baina sareak Twitter baino zerbait gehiago dira. Oso ondo funtzionatzen dute, baina arriskua dagoela jakinda. Ez dut ziberezkortasunera igaro nahi. Ongi erabilita, tresna ona dira eduki egokiak zabaltzeko, zentzua duten, entretenitzen duten eta aspertzen ez duten edukiak, gogoratuak izan daitezen”. Komunikazio politikoko aholkulari naizen aldetik, “gure xedea ez da bozkak lortzea, harremanak egin nahi ditugu. Pertsonekin harremanetan jartzeko tresnarik onena sareak dira, pertsona horiek beren zirkulu pertsonalean komunikatuko dituztelako gure edukiak”.