Toutes les nouvelles

Gazteak jasangarritasunean eta lidergoan trebatzen dituen Gazte Ekoliderrak programaren edizio berria abian da

Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, UPV/EHUko Uda Ikastaroen Fundazioaren (UIK) laguntzarekin bultzatutako programa honek 18 eta 30 urte bitarteko 21 gazte hautatu ditu, eta matrikularen % 80ean diruz lagunduko die.

Joan den ostegunean Gazte Ekoliderrak ekimenaren edizio berriaren irekiera ekitaldia ospatu zen Kutxa Kultur Plazan. Mónica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak eta Itziar Alkorta UIKeko zuzendari akademikoak ekitaldian parte hartu zuten, hautagaitzak eta gazteak ekolidergoan datzan prestakuntza hau babestuz, gizarte jasangarriago bat eraikitzera eramango gaituena. 

Gazte Ekoliderrak ekimenaren edizio berria profil ezberdinetako 21 gazteek osatuko dute eta ekainera arte iritsiko den ibilbidearen lehen urratsa eman da. Edizio honetako kideek elkar ezagutzeko dinamikak sustatu ziren, eta, horien ondoren, mahai-inguru bat egin zen, Zer dio Lurrak? izenburupean, iraunkortasunean esperientzia duten erreferenteen parte-hartzearekin. Juan Arizagak biodibertsitatearen ikuspegitik hartu zuen parte, Aranzadi Zientzia Elkartetik; Cristina Peñak, EHUtik, kontsumoaren eta ekonomia zirkularraren inguruan hitz egin zuen; David Zabalak, Naturklimatik, larrialdi klimatikoari buruz, eta Arantza Achak, UN Etxetik, iraunkortasunaren eta herritarren parte-hartzearen alderdi sozialetik. Argi geratu zen ikuspegi sistemikoa beharrezkoa dela egungo erronkei erantzun egokiak emateko.

Lehen pauso hau eman ondoren, aurtengo ibilbidean murgilduko dira buru-belarri datozen asteetan aurrez-aurreko saio eta topaketekin, egun eta erdiko 3 egonaldiekin, hitzaldi eta garapen pertsonalerako hausnarketaren lanketekin, metodologia ezberdinen bitartezko proiektu garapenekin.


Ander Aizpuruak adierazi zuen moduan: “Ekosistemetan gertatzen den bezala gizarte baten eraikuntzan profil guztiek dute berebiziko garrantzia berrikuntza sozialean eta hala islatzen da Gazte Ekoliderretan. Aktibista izateko eremuak ere anitzak dira: gure gertuko komunitatea, gizarte antolatua, lan esparrua, politika publikoak…”. 

Mónica Pedreirak, Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak, belaunaldi gazteak eraldaketaren funtsezko kontzeptuetan trebatzearen garrantzia azpimarratu zuen: “Ekonomia zirkularrak, trantsizio energetikoak eta erronka klimatikoak gure ekonomia eta gizartearen eraldaketa eskatzen du, eta bide batez, gure gizartea iraunkorki garatzeko aukera ezinhobea da. Eraldaketak erronkak eta aukerak eskaintzen dizkigu, eta beharrezkoa da talentu gaztea irizpide berrietan formatzea euren etorkizuna lurraldean jorratzeko aukera izan dezaten”.

Itziar Alkortak, Uda Ikastaroetako UPV/EHU zuzendari akademikoak, bere aldetik nabarmendu du formazio programa honen bitartez, UIKren jasangarritasunaren aldeko apustua irudikatzen dela. “Gure planetaren etorkizunak ekoliderrak behar ditu, ingurunearekiko ardura ereduak aitzinaraziko dituztenak. Jasangarritasunean interesatuak, motibatuak, aktiboak, eta gehiago aktibatzeko desioa dutenak! Helburu garbiak dituzte; jasangarritasunaren ezagutzan sakondu eta ikuspegi holistikoa landu, lidergo sistemikorako konpetentziak eskuratu eta trebatu, ekiteko ahaldundu eta ideietatik ekintzetara igarotzea bultzatu, eta kontzientzia, pentsamendu kritikoa eta enpatia komunitatean sustatu”.

Ekainean, etorkizuneko ekoliderren emaitzak eta bizipenak ezagutuko ditugu. Trebatu, Ekin, Izan!

Autres nouvelles d'intérêt