200dik gora lagunek hartu dute parte ‘Partaidetza aztergai: nahi, ahal, jakin’ zikloan
Hiru hitzorduren ostean, pasa den astean amaitu zen topaketa zikloa.
Pasa den ostiralean amaitu zen UIK-k, UPV/EHU-ko Uda Ikastaroak Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Departamenduak eta Herritarren Partaidetzarako Gizarte Kontseiluak elkarlanean sustatutako Partaidetza Aztergai: nahi, ahal, jakin solasaldi zikloa. Solasaldi ziklo honen baitan 2023ko urtarrila eta martxoa bitartean egin diren hiru lan saioetara 200dik gora lagun hurbildu dira parte hartzeko aukeretan, baldintzetan, eskubideetan eta betebeharretan eragina izan duten eta eragiten ari diren gakoei buruz gogoetatzera.
Parte hartzaileen zenbatekoari eta ekarpen mailari dagokionez, balorazioa positiboa da oso, Gipuzkoan gaiarekiko kezka, interesa eta lanketarako beharra dagoenaren erakusle dela, azpimarratu nahi dugu ekimenaren antolakuntzatik.
Urtarrilean 26an egin zen lehen saioa, Azpeitiko San Agustinen aretoan, ‘Partaide izan nahi’ izenburupean parte hartzeko beharrezkoak diren motibazio eta konfiantzan sakonduko zen. Herritarrak, teknikariak eta arduradun politikoak elkarrekin aritu ziren, beraien bizipenetan oinarrituz, partaidetzan gehiago sakontzeko izandako arrazoien inguruan ikuspegi autokritiko batetik.
Otsailaren 25ean egun osoko lan saio bat egin zen Miramar Jauregian, ‘Parte hartzeko aukerak eta baldintzak aztertu ziren bertan. Partaidetza prozesuak irisgarriak ote diren, pertsona guztiei parte hartzeko aukerak eskaintzen zaizkien… Gai horiei buruzko esperientziak entzuteko aukera izan zen Miramarreko lan saioan.
Azkenik, martxoaren 24an, ostiralez, Donostiako Okendo Kultur Etxean, azken urteotan erronka teknologikoek eta digitalek ohiko ‘Partaidetza ereduetara ekarri dituzten aldaketak’ eta prozesu horietan parte hartu ahal izateko jakin beharrekoaren inguruko lanketa egin zen.
Saio guztiak irekiak izan dira, eta horietan administrazioko teknikarien, arduradun politikoen eta antolatutako edo antolatu gabeko herritarren parte hartzea sustatzea zen asmoa, eta zentzu horretan esperientzia aberasgarria izan da. Horiekin batera, aholkularitzetatik eta unibertsitatik partaidatzaren gaia lantzen ari direnak ere bide lagun izan ditugu hiru saioetan.
Aurrera begira, partaidetzan sakontzeko gako interesgarriak ondorioztatzeko guztiz baliagarria izan da eta sustatzaileon aldetik esker on hitzak baino ez ditugu esperientzia honetan parte hartu duten guztientzako.