Toutes les nouvelles

Larrialdi klimatikoaren aurrean, iparraldeko eta hegoaldeko hiriek dituzten erronkak eta aukerak

Marta Olazabal eta Marcelle Mardon ikertzaileek Donostia Sustainability Forumek antolatutako Hiriak klima-aldaketaren aurrean ekitaldian parte hartu zuten. Adituek, klima-aldaketaren eta urbanizazio-prozesu gero eta handiagoen testuinguruan, hiriek dituzten erronka nagusietako batzuk partekatu zituzten. Deskarbonizazio-politikek eta hirietako klima-eraginetara egokitzeko politikek dakartzaten aukerak ere nabarmendu zituzten.

Marta Olazabal ikerlaria hirietako ekintza klimatikoaren arloko politikak aztertzen ari da, diziplina arteko ikuspegitik. Olazabal BC3 klima-aldaketari buruzko ikerketa-zentroko Egokitzapenari buruzko Ikerketa Taldeko burua da, ingurumen-ingeniaritzako prestakuntza du, lurraldeko ekonomian doktoretza eta ia 20 urteko esperientzia hiri jasangarritasunean eta gobernantza klimatikoan.


Bestalde, Marcelle Mardon arkitektoa eta Londresko IIED think-tankean ikertzailea da eta bere lana komunitateek gidatutako hiri-garapen jasangarriaren arloan kokatzen da. Azken 12 urteetan, Hego Globaleko hirien kokaleku informalak aztertzen aritu da; hiri-azpiegiturak, etxebizitza, osasuna eta bizirauteko bitartekoen hobekuntza ardatz hartuta.
 

Klima-politikaren aurrerapena hirietan

Marta Olazabalek eman zion hasiera Donostiako Miramar Jauregian egin zen ekitaldiari, eta datu garrantzitsu batzuk partekatu zituen: munduko biztanleriaren erdia hirietan bizi da, eta proportzio hori %80raino igotzen da Europan. Gaur egun hiriek lurraldearen %3a baino ez dute hartzen, baina horietan energiaren %60 kontsumitzen da eta berotegi-efektuko gasen isurketen %70a sortzen dute. Kontsumo hori, gainera, ez da modu homogeneoan banatzen, gehienak herrialde industrializatuetan gertatzen baitira. Hala ere, urbanizazio-prozesuen hazkunde gehiena Hego Globaleko herrialdeetan gertatzen ari da, batez ere Sahara azpiko Afrikan eta Asiako hego-ekialdean, eta, beraz, eremu horietako kontsumoek ere gora egitea espero da.


Klima-aldaketaren inpaktuei dagokienez, Olazabalek tenperatura anormalen ondorioz urtero 5 milioi heriotza gehiago izango direla adierazi zuen. Gehienak hotzari loturikoak badira ere eta hegoaldeko herrialdeetan gertatu arren, klima-aldaketaren inpaktu nagusietako bat gehiegizko tenperatura da. “Espainian soilik, 2022an, 11.000 heriotza gehiago izan ziren uda hartan bizi izan ziren bero-boladen ondorioz”, adierazi zuen Olazabalek. Horri hirietako airearen kutsadurarekin lotutako inpaktuak gehitu behar zaizkio, 2022an 25.000 heriotza goiztiar eragin baitzituen. Baina testuinguru horretan, munduko milaka hiri klima-aldaketaren inpaktuei aurre egiteko eta emisioak murrizteko prestatzen ari dira. Ikertzaileak azpimarratu zuenez “ekintza klimatikoa ipar globaleko hirietan kontzentratzen da; Europan 10.000 hiri daude, 280 milioi pertsona biltzen dituztenak, eta dagoeneko lanean ari dira”. Horrekin alderatuta, Olazabalek hau gehitu zuen, “Sahara hegoaldeko Afrikan 360 hiri bakarrik ari dira klima-aldaketari aurre egiteko planifikatzen, baina bertan 160 milioi pertsona bizi dira”. Hiri txikiak ere hasi dira lanean, klima-plangintza ezartzeko behar den finantzaketaren erakarpenari eta gaitasun teknikoari dagokienez zailtasunak dituzten arren.


Europako hirietako plangintzaren aurrerapenari dagokionez, Frantzian, esaterako, aurrerapen askoz handiagoa ikusten dela adierazi zuen Olazabalek, bertan derrigorrezkoa baita udalerriek klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko planak izatea. Gainera, ikertzaileak ezinbestekotzat jotzen du sinergiak aprobetxatzeko batera aritzea eta egokitzea, eta portaera-aldaketak bultzatzeaz gain. potentzial handiagoa duten eremuak honako hauek direla nabarmendu zuen: espazio publikoa berritzea, garraio publikoa eta mugikortasun aktiboagoa sustatzea, azpiegiturak hobetzea eta berdeguneak sortzea.

Azkenik, hiriek klima-aldaketaz gain, kontuan hartu beharreko erronka askori aurre egin behar dietela gogorarazi zuen Olazabalek, eta klima-plangintzan identifikatutako indargune eta hobekuntza-arlo batzuk partekatu zituen.
 

Klima-aldaketa eta urbanizazioa Hego Globalean: konbinazio arriskutsua?

Marcelle Mardon ikertzaileak hirigintzaren alorrean informaltasunaren ikuspegitik lan egiten duela adieraziz hasi zuen bere mintzaldia. Mardon, Afrikako biztanleriaren %60 inguru bizi den asentamendu informaletan bizi den egoerari erreferentzia eginez, hausnarketa hau egiten hasi zen: hastapenetan klima-aldaketaren testuinguruan erantzun behar ditugun arazo askoren konponbide gisa ikusten diren urbanizazio-prozesuak konbinazio arriskutsu ere bihur daitezke. “Bizileku informalak azpiegitura gutxiko eremuak dira, eta bertan oinarrizkoak diren baldintzak, edateko ura, errepideak, saneamendua edo etxe duinak, ez dira existitzen. Ikertzaileak munduko 8 pertsonatik bat baldintza horietan bizi dela gogorarazi digu, eta hori erronka global handia dela.


Klima-aldaketari dagokionez, eremu horietan klima-aldaketa dagoeneko badagoela azaldu zuen ikertzaileak. “Urtero, hiri batzuetan uholdeei edo ia 50 graduko bero-boladei aurre egiteko prestatu behar izaten da biztanleria; hau da normaltasuna. Bere osasunari eta bizitzeko moduari kalte egiten dio”, adierazi zuen. Baina alderdi positiboak ere aipatu nahi izan zituen. Adibidez, 11. GJHren esparruan, “inor atzean ez uzteko” kanpainak jarri dira abian, zaurgarritasun mota horrekin bizi diren pertsonak aintzat hartuz. NBEren Hiri Agenda Berriak ingurumenaren garrantzia, klima-aldaketaren eta hondamendi naturalen aurreko erresilientzia eta inklusibitatea jorratzen ditu, eta horietan zentratuta ari da lanean Mardon, ekonomia informalak ahaztu gabe.

Testuinguru horretan, Mardonek erresilientzia disruptiboa izeneko lan-ildoa planteatzen du, 2030ean %60 hirigune gehiago izango dela aurreikusten baita. Afrikak berotegi-efektuko gasen isurketen %4a baino ez du sortzen; beraz, galdetu behar diogu gure buruari zergatik egin behar dioten aurre komunitate horiek erronka horri. Adituaren ustez, argi dago populazio horiek klima-aldaketaren inpaktuen aurretik lehen lerroan daudela. Nolanahi ere, eremu horietako giza-taldeak dagoeneko laguntzen ari dira klima-aldaketari eta beste ingurumen-arazo batzuei aurre egiten, hala nola plastikoa eta kartoia birziklatzeari. Horrela, funtsezkoa da hiriko justizia klimatikoaz hitz egitea, justizia soziala eta deskarbonizazioa uztartuz. Azkenik, ikerlariak azpimarratu zuen ez dela ahaztu behar, aurreko guztiaz gain, hiri horietako asko aldaketa klimatikoak mugitutako komunitateak hartzen ari direla. Pertsona horiek iritsi eta bizileku informaletan ezartzen dira, baina are eskubide gutxiago dituzte. 
 

Bideo osoa ikusi