Toutes les nouvelles

Etorkizuneko hiri eta herri desiragarriei buruzko Uda Ikastaroa Errenterian

Herriaren etorkizuna irudikatzeko denboran jauzia egitea proposatuko dugu Errenteriako Udalarekin elkarlanean antolaturiko Uda ikastaroan.

Errenteriako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroek, elkarlanean antolaturiko Etorkizuneko hiri eta herri desiragarriak: mapa bat utopiarako izeneko ikastaroa hartuko du Errenteriako Agustinak Zentroak irailaren 6an. Udalgintza komunitarioaren inguruan aurreko urteetan hasitako hausnarketari jarraipen praktikoa eman nahi diote ekimenaren arduradunek.

Ikastaroa etorkizun bizigarrietan, gobernantza ereduetan eta gizarte mugimenduetan interesa duten pertsonei zuzenduta dago oro har eta, bereziki, herriko eragileei zein biztanleei, udalgintza alorreko profesionalei, kargu publikoei eta gai hauekin zerikusia duten diziplinetako ikasleei.

Maider Kortajarena UIKko idazkari akademikoak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak eta UPV/EHUko Maitane Basasorok eman dituzte ikastaroari buruzko argibideak.

2040 zerumugan

Errenteriako Udalak herriaren plan estrategiko berri bat osatzeko lanak hasiko dituen unearekin bat eginez antolatu du etorkizunerako begirada lantzeko plaza izan nahi duen ikastaro hau.

Gaurtik 2040ko gizarte eta herri desiragarria irudikatzea izango dute erronka ikastaroan parte hartuko dutenek eta irudikatutako horren bidean pausoak emateko kontutan izan beharreko gakoak mahai gaineratuko dituzte. Horretarako, hainbat gaietan aditu direnen ekarpenak jasoko dituzte ikastarora hurbilduko direnek, guztiak ere giltzarri etorkizuna irudikatzeko garaian.

Hasteko, hitzaldi bana eskainiko dute goizean Alba Garmendiak eta Igor Ahedok, utopien ezaugarriez batak, etorkizuna komunitatean pentsatzearen garrantziaz besteak.

Ondoren beste bost adituk hartuko dute hitza, gazte izateak batzen dituena. Gaurko gazteen ikuspegitik etorkizuneko erronkak landuko dituzte zenbait erpin diferenteetatik, hala nola, tokiko garapena, trantsizio eko-soziala, feminismoa, kultura eta etorkizuneko subjektu-herritarraren perspektiba. Atal honetan honako hizlariek hartuko dute parte: Naia Begiristain Etxezarreta, Gorka Laurnaga Peña, Jone Arrazola Maiztegui, Mikel Urdangarin Irastorza eta Maialen Akizu Bidegain.

Arratsaldean, berriz, goizeko ideiak Errenterian lurreratzea izango da erronka. Horretarako, euren jarduna esparru profesional desberdinetan garatzen duten Errenteriako 6 herrikidek, herria 2040an nolako izatea nahiko luketen azalduko dute, baita desiragarria den herria lortzeko eman beharreko pausoak irudikatu ere, goizean entzundakoak kontuan hartuta. Egiteko hori izango dute Arantxa Iraola Alkorta, Enara Maiz Gonzalez, Youssef Maes, Jon Maya Sein, Maitane Basasoro Ziganda eta Beñat Irasuegi Ibarra.

Jardunaldiaren sintesia, berriz, herriko bi sortzaileren eskutik etorriko da. Izan ere, Idoia Beratarbide ikusizko artistak eta Oier Gillanek, hitza baliatuta, egunean jasotakoaren bilketa egingo eta bertaratutakoekin partekatuko baitute.

Pentsamendurako abagunea zabaltzea EHUrekin elkarlanean

Hirugarren aldia da Errenteriako Udalak EHUren Uda Ikastaroetan parte hartuko duena. Izan ere, aurtengo ikastaroak 2021an hasitako ibilbideari jarraipena emango baitio, oraingo honetan etorkizuna elkarrekin marrazteko ariketa eginez.

Ikastaroak pentsamenduari tokia eskainiko dio Errenterian, eguneroko praktikaren zurrunbiloari pausatzeko abagunea eskainiz. Hain zuzen ere, Errenteriak herriaren garapenerako hainbat espazio eta proiektu martxan dituen une honetan, lankidetzan eta herritarren partaidetza aktiboan oinarritutakoak, gogoetarako espazio honek prozesu horiek elikatzeko aukera emango baitu.

Ezagutzaren bidez etorkizuna marrazten

Maider Kortajarena UPV/EHUko Uda Ikastaroetako (UIK) idazkari akademikoaren hitzetan, Errenteriako Udalarentzat bezala, herritarrei hausnarketarako marko lagungarri bat eskaintzea estrategikoa da UIKrentzat.

Gizarteko arlo guztietako eragileen eta herritar ororen elkargune dira Uda Ikastaroak eta, horri esker ezagutza mota guztiak gurutzatzea ahalbidetzen da. Akademikoak, zientzialariak, enpresariak, langile profesionalak, administrazioko ordezkari eta beharginak, gizarte eragileak, belaunaldi ezberdinak, guztiak elkartu nahi ditugu ezagutzaren plazan eta xede horrekin hartzaile mota guztien intereseko programa osatu dugu askotariko eragileekin elkarlanean.

Errenteriko Udalarekin lankidetzan gaur aurkezten dugun ikastaroa da adibide garbia, askotariko eragileen parte hartzea sustatzea baita besteak beste gaur aurkezten dugun Uda Ikastaroaren helburua.

Lurraldetasunari dagokionez ere bat egiten dugu, hiriburuetan ez ezik Uda Ikastaroak euskal geografia osora zabaltzea ere helburu baita UIKrentzat. Uda Ikastaro Ibiltarien programaren bitartez, udalerriek esku artean dituzten erronkei buruzko ezagutzaren transmisioari eta hausnarketei lekua ematen diegu horrela.

Gainera, Ezagutzaren Alde ikuspegi berriak esploratzeko aukera eskaintzen dute UPV/EHUko Uda Ikastaroek. Hausnartzea, pentsamenduari tokia eskaintzea, errespetuzko eztabaida eragitea, guzti hori sustatu nahi dugu Uda Ikastaroen bitartez, gizarteari ekarpen bat egin asmoz, eta, beraz, estrategikoa da hiri ereduaren inguruko pentsamendu kritikoa eragiteko Errenteriako udalarekin lankidetzan aritzea.

Gauzak horrela, irailaren 6an izango den Uda Ikastaroan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Izen-ematea zabalik dago UIK.eus atarian.

Izen ematea, martxan

Dagoeneko irekita dago izen ematerako aukera https://www.uik.eus/eu/jarduera/etorkizuneko-hiri-herri-desiragarriak-mapa-bat-utopiarako orrialdean. Gainera, aurreko urteetan egin bezala Errenteriako herritarrek ikastaroan dohainik parte hartzeko aukera izango dute. Antolatzaileek herritarrak eta eragileak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Bihar izan nahi dugun herria elkarrekin pentsatu eta gaurdanik eraikitzen hasteko.

Errenterian erroldatutakoentzat, doakoa

Matrikula prezioa EHUren gainontzeko ikastaroetako bera izango da Errenteriarrak ez diren pertsonentzat. Aldiz, Errenterian erroldatutako herritarrentzat doakoa izango da izen-ematea.

Errenterian erroldatutakoak: 0€

Matrikula orokorra: 40€

Matrikula murriztu orokorra: 34€

Matrikula exentzioa: 28€

ELKAR txarteldunak: 34€

Euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuetako ikasleak: 34€

Ikastaroan presentzialki edo online formatuan parte hartzeko aukera egongo da.