Toutes les nouvelles

David Hoyosek Euskal Herriko Unibertsitateak inpaktu-sozialaren neurketan duen eginkizuna azpimarratu du

ehuGuneko zuzendariak EHUko eztabaida foroak, lankidetza eta inpaktu soziala bezalako gaiak jorratu ditu

ehuGuneko zuzendaria den David Hoyosek Eragin soziala neurtzeko azken aurrerapenak eta erronkak Uda Ikastaroa zuzendu zuen pasa den irailean. Hitzaldian zehar konpromezu sozialari buruz, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) gizartean duen inpaktuaz eta elkarrizketak sustatzeko foroen eta lankidetza jardueren beharraz mintzatu zen.

Zer lan egiten duzue ehuGunen? Eta nola banatzen duzue?

ehuGuneko eta Konpromezu eta Inpaktu Sozialeko zuzendari gisa, hiru zutabe ditu gure lanak. Lehenengoa, gai interesgarrien bitartez unibertsitateko jakinduria gizarteari gerturatzeko eztabaida-foroak dira.

Konpromezu sozialaren arloan batez ere bulegoarekin egiten dugu lan eta lankidetzaren bulegoa eta UPV/EHUn egiten ditugun boluntariotzak zuzentzen ditugu. Eta orain dela gutxi, inpaktu sozialaren gaia gehitu dugu, UPV/EHUk gizarteari egiten dioen ekarpena ildo estrategiko gisa txertatuz.

Azal zenezake zertan datzan inpaktu sozialaren neurketa?

Inpaktu sozialaren edo balio sozialaren neurketa irabazi-asmorik gabeko elkarteek, gure unibertsitateak adibidez, enpresetan ohikoa izan ohi den etekin ekonomikotik harago gizarteari egiten diogun ekarpena erakusteko neurgailu bat da

Zerbitzu publiko bat garen heinean, gizarteari helarazten diogun balioaz jabetzea interesatzen zaigu, gizarteak UPV/EHU horrelakoa delako zer irabazten duen jakitea, bai irakaskuntzari dagokionez, bai ikerketari dagokionez, bai ezagutzaren transferentziari dagokionez. Asko interesatzen zaigu jakitea zer balio sortzen ari den, balio hori kudeatzen, hobetzen eta handitzen ere lagun diezagun.

Zein ondorio atera dituzu aurtengo jardunaldietatik?

Antolatu ditugun jardunaldiak aipatutako inpaktuaren inguruan dugun jakinduria zabaltzeko izan dira eta horretarako nazioarteko adituak ekarri ditugu, diagnostiko hori hobetzeko eta zabaltzeko asmotan.

Egiten ari garen lana sendotzeko eta unibertsitatean erabil ditzakegun ebaluazio teknikak ulertu eta hobetzeko balio izan digu eta, aldi berean, horrek balio diezagula etorkizunean unibertsitatean egiten dugun kudeaketa, lehen esan dudan bezala, gizartean oro har dugun eragina handitzera ere bideratuta egon dadin.