Euskal Herrian 16 urtetik gorakoen %16,5a euskaldun trinkoa da
<p class="rtejustify"> Bingen Zupiria: “Euskal hizkuntza ezagutzen dugunon bihotz, buru eta ezpainetan dagoen edo ez dagoen zerbait da” </p>
“Euskal hizkuntzaren inguruko ikerketek herritarrok hizkuntzarekiko dugun ezagutza maila eta ohiturak jakiten laguntzen digute hizkuntzaren osasun egoera zein den ulertzeko”. Halaxe baieztatu du Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren eta Soziolinguistika Klusterraren artean antolaturiko “Euskararen erabilera: egoera, bilakaera eta norabidea, datuen argitan” izeneko ikastaroan. Sailburuak ikerketak “eraginkoarrak” izan daitezen, “pertzepzioez aratago” joateko beharra azpimarratu du, “euskal hizkuntza ezagutzen dugunon bihotz, buru eta ezpainetan dagoen edo ez dagoen zerbait” dela baieztatuz. Ildo horri jarraiki, Bingen Zupiriak, hizkuntza politikak “bere fruituak ematen” dihardutela esan du, bai eta politika hauen helburuak “anbizioso” izateaz gainera, “egingarriak” izan behar dutela ere. “Azken batean, politika hauek ezartzeko pertsonak izan behar ditugu beti buruan. Pertsonek hizkuntza nola erabiltzen duten jakin behar dugu, hizkuntza erabiltzeko nola motibatu behar dugun ezagutzeko”.
Jarraian, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako plangintza eta azterlaneko arduradun den Jon Aizpuruak ikerketa aurkeztu du ikastaroan. “Ikerketa 8.200 ikesten bitartez egin zen Euskal Herriko zazpi lurraldeetan” azaldu du. Ikesten emaitzen arabera, “Euskal Herriko populazioaren %69ak beti erdaraz egiten du, %5,2ak oso gutxi euskaraz, %9,2ak euskaraz erdaraz baino gutxiago, %6,2ak euskaraz erdaraz beste eta 10,3%ak euskaraz erdaraz baino gehiago”. Plangintza eta azterlaneko arduradunaren arabera, Azkeneko bi multzook, hau da, “euskaraz gutxienez erdaraz beste egiten dutenetik gora daudenei euskaldun trinko deritzegu, eta bien portzentaiak gehituz gero, %16,5a osatzen dute”. Ikerketako gainerako datu eta grafikoak ehuneko honen gain egin direla azaldu du, 1991tik aurrerako gainerako ikerketen emaitzekin alderatuz “tendentziak identifikatzeko”.
Aski jakina da ez dela berdina euskara etxean, lanean edo eremu publiko batean erabiltzea, “horregatik ikerketan euskararen tipologiaren sailkapen bat egin da ‘etxeko erabilera’, ‘lagunarteko erabilera’ eta ‘eremu formaletako erabilera’ ezberdinduz”. Halaber, “eremu geografikoa beste faktore garrantzitsu bat da”, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoak hizkuntzaren erabilera “baldintza baitezake”. Era horretan, euskararen erabilera erkidegoka sailkatuz gero, EAEk du euskal hiztun trinko gehien %20,5arekin. Nafarroak %6,6 eta Nafarroa Beherea eta Zuberoa aldiz, %8,1. Bestalde, alderaketa hau lurraldeka eginez gero, Gipuzkoa (%39,5), Nafarroa Beherea eta Zuberoa (%27,9) eta Bizkaia (%13) dira euskal hiztun gehien biltzen dituzten lurraldeak. Eta alderantziz, Lapurdi (%5,2), Araba (%5,6) eta Nafarroa (%6,6) dira euskaldun gutxien dituzten lurraldeak.
Egoera honen eboluzioari erreparatuz gero, “orokorrean tendentzia gorantz egin duela dirudi”. 1991ean euskaldun trinkoen kopurua 325.600koa zen eta 2016koa aldiz, 437.700koa izan zen, “%34,43ko igoera alegia”. Baina errealitate hau erkidegoka sailkatzean tendentzia gorakor hau “Iparraldeko lurraldeetan ematen ez dela ikusten dugu”. Bertan, 1991an 29.300 euskaldun trinko zeuden eta aurreko urtean aldiz, 20.300 baino ez”. Tendentzia hori beherakorra izango dela dirudien arren, badaude itxaropentxu izateko beste arrazoiak. “EAEko probintzia guztietan tendentzia gorakorra ikusten dugu”, Gipuzkoan bereziki, non duela 26 urte euskaldun trinkoen ehuneka 33,1koa zen eta 2016an 39,5koa izan zen. Bestalde, Arabak hazkunde “esanguratsua izan du”, Nafarroak bezalaxe. Lehenak %5,1ekoa, eta bigarrenak 2011 eta 2016artean %1,6koa. Hala ere, Jon Aizpuruak datuok isladatzen duten tendentzia hauek “benetan ematen ari dela ziurtatzeko” hurrengo ikerketako emaitzei erreparatu beharko zaiela azaldu du “errore estatistikoa ez dela bermatzeko”.
Euskararen etxeko erabilerari dagokionez, “etxeko erabilera orokorra 1991 eta 2016 artean, tartean beheraldi batzuk izan diren arren, %15,5an mantendu dela esan dezakegu”. Bikotekidearekiko harreman euskaldunak %2,6ko “jaitsiera nabarmena” izan zuen 1991 eta 2001 artean, “baina tendentzia gorakorra berreskuratu da berriro ere” 2001eko %10,7tik aurreko urteko %12,2ra igoz. Bestalde seme-alabekiko euskaldun trinkoen portzentaia %18,7koa izan zen 2016an eta neba-arrebekikoa berriz, %16,9koa.
Salkapena adinka egiten badugu, “1991an euskaldun trinkoen portzentai handiena 65 urtetik gorakoen artean zegoela ikusten dugu, %20,6arekin. 2016an ordea, 16 eta 24 urtekoak dira euskara gehien dakitenak 21,8%arekin”. Sailkapen hau erkidegoka banatzean hizkuntza politiken eragina nabari dezakegu. Izan ere, 2016ko inkestan EAEko gazte euskaldunen tendentzia gorakorra baieztatzen da, Iparraldeko beherakortasunaren aurrean, hots, 65 urtetik gorakoak %13,5a dira eta 16 eta 24 urtekoak %4,3a.
Jarraian, Jon Aizpuruak hizkuntzaren gaitasunaren araberako sailkapenaren emaitzak aurkeztu ditu. Sailkapen honen arabera, Euskal Herriko biztanleen %28,4a euskalduna da, %16,4a euskaldun hartzailea eta gainerako %55,2a erdalduna. Errealitate honen arrazoiak argudiatzeko, ikerlariak “etorkinen eragina” aipatu du. “Etorkinek, logikoa den bezala, hizkuntza ikasteko zailtasunak izaten dituzte eta bertakoek haiekin harremantzean euskararen erabilera gutxitzen da. Fenomeno hau lurralde askotan antzematen da”. Urteen arteko hiztunen euskal erraztasunaren bilakaera neurtuz gero, “1991an euskal elebidunak %34a, elebidun orekatuak 27,7a eta erdal elebidunak %37,8a zirela ikusten da”. Aldiz, 2016an erdal elebidun gehiago identifikatu ziren ikestan (%44,5a). Halaber, euskal elebidunak %26a osatzen zuten eta elebidun orekatuak, bestalde, %29,5a. Adinaren arabera kategorizatuz, orokorrean gazteak erdal elebidunak dira (%56,7) eta 65 urtetik gorakoak, euskal elebidunak (%42,2%).
Gainera, 1991an euskaldunen %79,3a euskaldun zaharrek osatzen zuten eta 2016an %50,2a. “Euskaldun berrien portzentaia, aldiz, nabarmen igo da 13,6%tik %36,2ra”. Jon Aizpuruak eskolen eta euskaltegien lana azpimarratu nahi izan du, “berebiziko garrantzia” izan dutela baieztatuz. Baina euskalduntze lan horretan familiak ere bere tokia du. “Datuak familia euskaldunetako 3 eta 15 urte arteko seme-alaben hizkuntza euskara dela erakusten dute %93an”. Portzentai hori gurasoak erdaldunak diren einean jaisten doan arren, “Euskal Herriko haurrek orokorrean familian euskararen garrantzia handia” dela aipatu du.
Jon Aizpuruak Euskal Herriko biztanleek euskararen erabilera sustatzearen inguruko jarrera “aldekoa” dela baieztatu du, %55,8arekin. ‘Ez alde ez aurka’-k %28,2ko pisua du, %18ko ‘aurka’-ren aurrean. “Beraz, euskal gizarteak euskararen alde egiten duela esan dezakegu”.