Informazioaren eta komunikazioaren beharraz eta indarraz garai berriotan
<p> Gizakiak paretetan pintatzen hasi zenetik izan du komunikatzeko beharra, eta, mendeetan aurrera eginda, areagotu egin da behar edo nahi hori. Pareten ondoren pergaminoak etorri ziren, geroago harrian zizelkatutako irudiak, handik gutxira paperean idatzitakoak, liburuak inprimategian, egunkariak, irratia, telebista, digitalizazioa… eta etorriko dena.</p>
Adimen landuaren ondorioz, berezkoa du gizakiak komunikatzea, salbuespenak salbuespen, oso animal komunikatiboa baita. Biologoei galdetu beharko genieke ba ote dagoen gizakiak baino gehiago komunikatzen duen animaliarik. Komunikazioaren ondorio logikoa da informazioa lantzea eta hedatzea. Jardun normala zena, lanbide eta negozio bihurtu dute azken mendean, batik bat informatzeko enpresa handiak sortu zirenetik.
Hamarkada askotan, familiak edo enpresari txikiak izan dira negozio horren jabeak, azken 30 urteotan ofizioz kanpoko enpresak sartu diren arte: finantzarioak hasieran, eta teknologikoak azken urteetan. Ofizioa ezagutzen zuten enpresariak, alegia negozioa gurasoengandik hartu zuten enpresariak galtzen ari dira, edozein enpresa kudeatu dezaketen tekniko orokudeatzaileen mesedetan, eta ofizioaren kaltetan.
Informatzeko tresnen jabe izateak dakarzkien botereaz ohartuta, “jar ezazu komunikabide bat zure negozioan” irizpideari segituta, inbertsio handiak egin dituzte talde ekonomiko horiek komunikabideen salerosketetan. Deigarriena Jeff Bezosena da. Amazoneko buruak The Washington Post egunkari historikoa erosi zuen 2013an, horretarako bere fortunaren %1 gastatuta. Graham familiarena zena, Bezos milioidunarena da orain; ez Amazonena. Bezosena.
Zer leku eta eginkizun daukate jokaleku horretan hizkuntza minorizatuetan lantzen diren komunikabideek? Nola egingo diote aurre digitalizazioak sortu duen egoera berri eta aldakorrari? Orain arte egia unibertsal eta iraunkorrak geneuzkan gure lanbidean, gure ofizioan. Digitalizazioaz geroztik, euli baten bizialdia irauten dute ofizioko egiek.
Giza eskubideetan sinesten duten gizarteetan, adierazpen askatasuna balore gorenetako bat da, sistema politikoaren ikur eta zutabe. Nola ajornatu dezakegu adierazpen askatasunaren kontzeptu klasikoa? Bi egoera desberdin bizi ditu adierazpen askatasunak munduan. Eskubide hori eta lanbide hori, gutxi gora behera, errespetatzen eta babesten dituzten estatuak, gizarteak… alde batetik; eta bestetik, eskubide eta lanbide hori praktikatzeak kartzela eta, kasu askotan, heriotza dakarkizuten estatuak eta gizarteak. Larriena, bistan da, bigarren kasua da. Bigarren horretan, adierazpen askatasunak formulazio kategoria ere ez daukan kasu horretan, hil ala bizikoa da kazetarien eta komunikabideen eskubidea errespetatzea, jardun askea izatea, ezeren mehatxurik gabe jardutea. Izan gaitezen errealista, ametsa egitea da pentsatzea herritarren eskubideak errespetatzen ez dituen estatu batek, kazetariena errespetatuko dituela. Batera doaz, kazetariok ezin dugu pretenditu kasta berezi bat izatea erregimen gogor horien barruan. Hortaz, bigarren kasu horretan, ezinbestekoa da estatu horien sistema politikoaren erroko aldaketa.
Aurreneko kasuan, alegia askatasun formal horiek errespetatzen dituzten estatu eta gizarteen kasuan, garai batean askatasun burgesak esaten zieten askatasun horiei, oso serio pentsatu behar dugu nola gauzatzen den adierazpen askatasuna. Digitalizazioa etorri den arte, praktika errealean, adierazpen askatasuna klub esklusibo baten jarduna izan da, alegia, komunikabideak osatzeko nahiko dirua bazeukaten elite politiko eta finantzario batzuen jarduna. Herritarrak, gutxi gora behera, nahi zuena adierazteko eskubidea zeukan, baina praktikan, ez zeukan tresnarik eskubide hori burutzeko. Eman dezakegu urrats bat aurrera eta eztabaidatu gizarte moderno batean iritsi dela garaia herritarrei eta gizarte taldeei bermatzeko nahiko tresna edukiko dutela haien iritziak, proposamenak, eztabaidak, alternatibak… zabaltzeko eta gizarteari jakinarazteko. Zer paper jokatu behar dute komunikabide publikoek adierazpen askatasunaren irakurketa eta, are garrantzitsuagoa dena, praktika berri batean. Ameskeria da komunikabide publikoek, esate baterako, haien programazioaren barruan denbora bat edukitzea, gizarte taldeek kudeatuta, haien programazio propio egiteko? Edo kanal bat zabaltzea gizarte taldeek kudeatuk luketena? Ez dezagun ahaztu herritar guztien diruarekin ordaintzen direla komunikabide publikoak… Eliza katolikoak bere tartea baldin badauka, zergatik ez gizarte taldeek? Ausartuko gara aitzindari izaten adierazpen askatasunaren praktika ausart, hedatzaile eta ajornatua egitera?
Egin dezagun prospekzio ariketa bat. Noraino iritsiko dira hizkuntza teknologiak 20 urte barru? Zer aurrerapen ekarriko dizkigu neurolinguistikak 2040an? Tresnekin segituko dugu, eskuekin erabiliko ditugun tresnekin, edo burmuinean egindako interbentzioetan oinarritutako teknologia erabiliko dugu. Jar gaitezen bigarren hipotesian, 2040an iritsi ez bada, ez da urruti ibiliko. Jar gaitezen burmuinean orain txip bat ezarri diguten garaian, 2040an. Txipa deitzen diot nik orain, auskalo zer izango den eta nola deituko zaion 2040an. Hori badator. Munduan dauden 5.000 hizkuntzetatik, zenbat egongo dira aurrerapen teknologiko horiek erabiltzeko moduan, kategorian? Gutxi batzuk, zoritxarrez. Egongo al da euskara puntako teknologia garesti horietan? Bi modu egongo dira teknologia horietan egoteko, eta hori orain ere horrela da: lehena, zure hizkuntzak hiztun asko edukitzea, milioi asko, eta ondorioz negozio interesa sortzea teknologia horien saltzaileei; bigarrena, hiztun askoren faltan, dirutza ordaintzea teknologia horietan egoteko. Badakigu euskarak ez dituela sekula egun milioi hiztun edukiko, beraz, dirua ordaindu beharko dugu gogotik. Klub horretan edukitzeko modu bakarra izango da. Baldin bagaude, erabat aldatuko dira gure eguneroko paradigmak, ez bagaude, oraingoekin segitu beharko dugu lanean, gutxi gora behera.