Teknologia digitalaren helburua mendekotasuna sustatzea da
Nuria Oliver ingeniariak “XX Congreso Internacional de Interacción Persona-Ordenador” kongresua zuzendu du. Teknologiaren eta gizartearen arteko erlazioa eta ordenagailuaren eta garunaren artekoa ikertzen du adituak. Europako Batzordearen aditu-taldeetako baten kide da, zeina big dataren eta adimen artifizialaren erabileraren inguruko txostenak prestatzen ari den. Oso garrantzitsua iruditzen zaio entitate pribatuen esku dauden milioika datuak gobernu eta gobernuz kanpoko erakundeekin (GKE) partekatzea. «Datuen ekonomia 700 bilioi euroren erantzule da, baina datu horiek ez daude sektore publikoaren eskura. Datuekin osasungintzaren inguruko politikak diseina daitezke, adibidez, epidemia edo natura-hondamendien kasuan giza mugikortasuna kontuan hartuta; gainera, honako galderari erantzun geniezaioke: zenbat pertsona kaltetu dira eta non daude? Kalteturiko gunearen aktibitate zelularra (telefono mugikorrak) kontsultatuta, beharrezko esku-hartzea planifika dezakegu».
Giza mugikortasunaren inguruko datuak izanez gero, garraio-sistema adimentsua sor dezakegu, auto-ilarak saihesteko eta C02 isurketak kalkulatzeko. Gainera, gizakiak baino mugikor gehiago daudenez, mundu osoan izango litzateke posible, mugikorrak munduko toki guztietan baitaude, baita garapen bidean dauden herrialdeetan ere. Gune txiroenen garapena eta NBEren 2030 Agendaren lehen helburua betetzeko bidean, big data erabil liteke, adibidez, eskualde bateko biztanle kopuruaren berri izateko eta horren pobrezia maila zein den jakiteko, erroldak maiz, baldin badira, zaharkituta daudelako.
Krisi klimatikoari helduz, Oliverrek esan zuen ezin ditugula datuak erabili egoerari buelta emateko, hartzen diren erabakien mende baitago hori, baina argi diezagukete hondamendien eragina zenbatekoa den, gune kaltetuenak zeintzuk diren eta zer eta non jardun beharko genukeen. Adibidez, adimen artifizialaren tekniken bidez zehaztasunez lorturiko datu meteorologikoek, lehorteen, tenperaturen eta prezipitazioen ingurukoek, egin beharrekoa determina dezakete giza migrazioen kasuan, hau da, errefuxiatu klimatikoen kasuan.
Desagertu egingo da egun ezagutzen dugun mugikorraren formatua; izan ere, egun jada erabiltzen diren wearable deritzenak mugikorraren funtzioak gorputzean barrena barreiatzeko moduak dira (smartwatchak, adibidez). Mugikorraren hainbat funtzio miniaturiza ditzakegu eta, gorputzean barreiatu ondoren, beren funtzionaltasuna handitu. Tatuajeek eta larruazalpeko chip txikiek funtzio fisiologiko eta biologikoak kontrolatzen dituzte diabetesa bezalako gaixotasunen kasuan, edo eliteko kirolari baten konstanteak kontrolatzeko, esate baterako.
Makina bidezko garunen arteko interakzioa existitzen da jada. Ikerketa-lerro horrek kirurgiarik gabeko estimulazio artifizialean aurrerapauso handiak eman ditu, hau da, elektrodoen bidezko interakzioa ahalbidetzeko bidean. Elektrodoen bitartez, organismoko motor-sistemaren aktibitate neuronala hautematen da. Besoa mugitzean, neurona motor horiek aktibatzen dira, baina besoa mugitzen ari naizela pentsatzen dudanean ere aktibatu egiten dira. Beso edo hanka prostetikoak mugitzen ari direla pentsatzen badute, mugitu ahalko lituzkete, beso prostetikora informazioa bidaliko bailukete hala.
Etorkizuneko helburua da «beste batek pentsatzen duena jakitea». Hori erabilgarria izan liteke komunikatzeko desgaitasun bat dutenentzat, hartzaileak mezua jaso bailezake horrela.
Nahigabez adierazten du komunikazio interpertsonala mezuetara mugatzen ari dela, eta, hortaz, komunikazioa asko pobretu dela. «Giza espeziearen ezaugarria espezie soziala izatea da». Gizakien arteko komunikazioa oso aberatsa da, % 70-80 ez baita hitzezkoa. Esateko erak gehiago balio du. Hori guztia, ordea, idatzizko mezuetan galdu egiten da, eta hori da komunikazio berriaren erronketako bat. Nahi adina funtzio eduki ditzakegu mugikorrean edo chip ezberdinetan, baina, azken finean, ez gara giza komunikazioa hobetzen ari.
«Kezka handia sentitzen dut homo sapiens espezieak antolatzeko bere gaitasunari esker biziraun zuelako beste espezie batzuekiko borrokan». Gure espeziearen bereizgarria da adimen sozial eta emozionala. «Biologia oso jakintsua da, eta erabiltzen ez dena galdu egiten da. Ez badugu gure adimen sozial eta emozionala garatzen, normalena galtzea da. Gure gaitasunak galduz gero, ondorio lazgarriak izan litzake gure espeziean, baliteke baita bestelako espezie bilakatzea».
Aurrez aurrekoan berehala erreakzionatu behar dugu, baita zerbait gustatzen ez zaigunean ere. Idatzizko mezu batean, ordea, hitzezkoa ez den komunikazio guztia galtzen da eta, gainera, komunikazio asinkronoa da, ez baitugu berehala erantzun, baizik eta guk erabakitzean.
Nuria Oliver “Urteko Ingeniari” izendatu dute aurten eta “MITeko gazte berritzaileak” saria irabazi du, eta uste du elkarren arteko kontaktu fisikoa berreskuratzea posible dela, lehenik eta behin, teknologiak efizienteago egiten gaituelako eta, hortaz, ingurukoekin egoteko denbora gehiago dugulako. Bigarrenik, 3D hologramen baitako komunikazioaren eta komunikazio haptikoaren garapenari esker, urruti dauden pertsonekin era errealagoan komunikatzeko gai izango ginateke. Haatik, darabilgun teknologiaren helburua mendekotasuna sortzea da. Gure atentzioak dirua balio du, eta hori da enpresek monetizatzen dutena. Apostu-makinen kasuan gertatzen den bezala, gure arretaren oinarrian ausazko sari bat dago. Ez genuke txanponik sartuko saririk ez jasotzea ziurra balitz. Sari bila aritzen gara saria ausazkoa denean bakarrik. Mugikorrarekin eta Twitter, Facebook eta YouTube bezalako plataformekin gauza bera gertatzen da, egunean zehar jaso ditzakegun atsegin dut guztien esperoan gaudelako, adi-adi.
Adimenaren eta teknologiaren arteko interakzioan gauza asko sor daitezke. Ditugun erronkei ezingo diegu aurre egin teknologiaren laguntzarik gabe. Teknologia ez da soluzioa, baina bai soluzioaren parte. Ezingo dugu sendagai zehatz eta pertsonalizaturik sortu adimen artifiziala erabili gabe, ezta klima aldaketari aurre egin ere. “Ahalmena handia da, baina guk geuk erabaki behar dugu nola erabili nahi dugun teknologia hori eta nora iritsi nahi dugun. Jendarte gisa, ez gara ahaldun sentitzen teknologia horrekin zer egin nahi dugun erabakitzeko. Hortaz, pentsatzen dugu beste batek —gehienenetan enpresa teknologiko handiek— gure etorkizunaren bizitza erabakitzen dutela, baina ez luke hala izan behar. Baina ez dago ezagutza eta kontzientzia askorik ez gizartean ez klase politikoan. Ezjakintasun horretan errazagoa da jendartea kontrolatzea. Horregatik da hain garrantzitsua hezkuntzan inbestitzea. Haur eta gazteen derrigorrezko hezkuntza eraldatu behar dugu eta bigarren iraultza industrialaren eredua alde batera utzi eta laugarrena erakutsi, orain gaudena, hain zuzen.