Donostia hiri adimentsuen edo smart hirien gailurrean
Egun, mundu mailako populazioaren erdia baino gehiago hiriguneetan bizi da, eta kopurua % 70era igoko dela aurreikusten da. Hiriek garapen-aukera ugari sortzen dituzte beren biztanleentzat, baina, aldi berean, erronka zail asko dituzte. Kutsadura atmosferikoa, aldaketa klimatikoaren eragina, auto-pilaketak, hirigunearen hedapena, ezberdintasun sozialak eta segurtasun faltaren arazoak beste erronka orokor batzuekin uztartzen dira, hala nola langabeziarekin edo populazioaren zahartzearekin. Horrek guztiak biztanleen bizi-kalitatean eragin negatiboa du.
Egungo jendartean, elkarren arteko konexioa inoiz baino garrantzitsua den honetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) berebiziko garrantzia dute, hirietan erronka horiei aurre egiteko, gobernuaren efizientzia hobetzeko eta ekonomiaren eraberritzea sustatzeko. Ingurumari horretan, hiri adimentsuaren kontzeptuaren baitan eta garapen berri eta berrikuntza teknologikoen bidez, hiri efizienteago eta iraunkorragoak erdiesteko eta bizi-kalitate hobea lortzeko nahia dago.
Azken urteotan, hiri adimentsuen inguruko proiektu eta ekimen anitzak sortu dira mundu osoan, eta, aldi berean, aldaketa-prozesu horiek ebaluatzeko metodologien beharra sortu da. Metodologia horiek, hiri ezberdinen erkaketa ardatzean izanik, puntu indartsu eta ahulak identifikatu beharko dituzte, eta ikuspuntu estrategikoa hobetzen lagundu.
Rosa Arcek Madrilgo Unibertsitate Poliklinikoak buruturiko azterketa izan du hizpide, zeinak estatuko batez besteko hiriak ebaluatzen dituen hiri adimentsuaren kontzeptuaren aurrerapenen baitan. Horretarako, kontzeptuaren oinarriak hartzen ditu kontuan: gobernantza, iraunkortasuna, mugikortasuna, bizi-kalitatea, kapital intelektuala eta garapen ekonomikoa. Alde batetik, adimentsu bilakatzeko prozesua neurtzeko dauden adierazle nagusiak kontuan hartzen dira, eta, bestetik, hiritarrek horien inguruan daukaten ikuspuntua.
Zehatzago esanda, ikerlan horren parte izan diren hiriak 150.000-250.000 biztanle dituztenak dira, 27 hiri, hain zuzen. Horien artean dago Donostia. Aipatu horiek, nahiz udalerri guztien % 0,33 osatzen duten, populazioaren % 11,38 biltzen dute eta, halaber, hiri-sistemaren eskala hierarkikoan erdialdean daude eta probintzien edo azpieskualdeen zentroak dira. Ezaugarri horiek dituzten hirien arteko konparaketa egitea planteatzen da hiritartasun adimentsuaren helburuak lortzeari dagokionez.
Hiritartasun adimentsuaren inguruan alor jakin batzuk analizatu dituzte, eta ikerketak erakutsi du, beste gauza askoren artean, Donostia lehen lau hirien artean dagoela alor horiei guztiei dagokienez. Gipuzkoako hiriburua mugikortasunaren eta kapital intelektualaren alorretan nabarmentzen da, azterturiko 27 hirien artean lehenengo postua lortu baitu horietan. Hirugarren postua du ingurugiroaren iraunkortasunari dagokionez; haatik, bizi-kalitatearen alorrean dabil kaskarren, hamargarren postuan baitago.
Aurkezpenari amaiera emateko, ikerlanaren ondorioak laburtu ditu irakasleak: hiri adimentsua (smart city) izatea hiri guztien helburu bilakatu da, eta iraunkortasuna eta erresilientzia indartzen saiatzen dihardute. Oro har, estatuko udalak oso aktiboak dira alor honetan, eta, emaitzei dagokienez, Donostia gailentzen da batez besteko hirien artean. Hiritartasun adimentsuaren oinarri guztiak lantzen diren arren, mugikortasunean (garraioa, trafikoaren kudeaketa, etab.) eta hiri zerbitzuetan egin da inbertsiorik handiena; beste alor batzuetan, ordea, diru gutxiago inbertitzen da, hala nola gardentasunean eta eraberritzean.