All news

Mexikoko ikasle guztiek badakite nor izan zen Cuauhtemoc. Espainiarrek badakite nor izan zen Hernan Cortes?

“Ez da berria, baina ikusten ari gara historia erabiltzen ari dela eztabaida politikoan. Historia beti erabili izan da polarizazio kolektiborako elementu gisa”. Horixe da Tomás Pérez Vejo Mexikoko ENAHko (Escuela Nacional de Antropología e Historia) irakaslearen ideia nagusietako bat.

Kontuan hartu beharreko bi gai bereizten ditu. Alde batetik, historia (historialarien eremua), nahiz eta ezin den bereizi hura politikan erabiltzeko joeratik. Beti egin da horrela, diziplina gisa jaio zen unetik beretik. Ikuspegi horretatik, historia baino gehiago memoria da interesatzen dena. Komunitate batek gogoratzen duena ez da bakarrik historialariok kontatzen duguna, memoria kolektiboak iraganaren inguruan egiten duen berreraikuntza baizik.


Historiarekin gertatu ez bezala, memoria denboran zehar eraikitzen dute kolektibitate bateko norbanakoek. Botere politikoa beti saiatu da memoria kontrolatzen edo bere zerbitzura erabiltzen.


Zer geratzen da memoriarekin? Tomás Pérez Vejok ohartarazten digu ezen “memoria asko daude eta botere politikoa saiatzen da memoria normalizatu bat eraikitzen. Nire ustez, asko du borondate totalitariotik, beste memoria posible batzuk ezkutatzen ari delako”. Eta historia ez dute beti irabazleek idazten. “Irabazleak historia idatz dezake hasieran, baina denbora bat igarota bumeran moduko bat sortzen da. Espainiako gerra zibilaren historia frankistek idatzi zuten. Zer gelditzen da gaur egun historia horretatik? Oso gutxi. Une honetan, historiaren bertsio nagusia da gerra galdu zutenena”.

Mexiko eta Espainia


López Obrador Mexikoko presidenteak konkistagatik barkamena eskatzeko exijitu dio Espainiari. Zergatik da logikoa neurri batean? Eskaera horren harira, Tomás Pérez Vejok gogoratzen du nazioaren sorrera subjektu politiko gisa dela modernitatearen fenomeno nagusia.  XVIII. mendearen amaieratik eta XIX. mendearen hasieratik aurrera, nazioa bihurtzen da subjektu politiko behinena. Ordura arte, “boterea” legitimatzen zen zuzenean Jainkoaren graziaz. “Nazio bat da fedea edukitzea kontakizun batean”. Historia bat eraikitzen dugu komunitate baten gainean; historia hori sinetsi eta nazioa eraikiz goaz.


1521ean ez zen mexikar naziorik existitzen, eta Inperio Azteka delakoak egungo Mexikoren % 10 bakarrik hartzen zuen gutxi gorabehera. Independentziaren unean ere ez zen existitzen, eta 1821eko burujabetza politikoko aldarrikapena soil-soilik izan zen Monarkia katolikoaren, Nueva España erregeordetzaren, zatiketa administratibo bat. Hala eta guztiz ere, indenpendentzia aldarrikatu zen asmatu beharreko mexikar nazio baten izenean. Nola? Kontakizun edo errelato baten bidez, zeina mintzo baita antzina-antzinako mexikar nazio baten existentziaz, Espainiak konkistatu zuena (une horretan Estatu-nazio gisa ere existitzen ez zena). Kontakizun horren arabera, konkistak nazioa suntsitu zuen, hiru mendez desagertu eta 1821eko independentzia aldarrikapenarekin birsortu zen. Tomás Pérez Vejok dionez, “Jesukristoren jaiotza, heriotza eta piztueraren historiaren eskema bera jarraitzen du. Kontakizun horrek konkista bihurtzen du Mexikoko politika osoaren etengabeko arreta gune, zerbait mingarria izango balitz bezala”. López Obradorrek barkamena eskatzeko exijitzen dionean Espainiako gobernuari, aditzera ematen du du 1521ean Mexiko existitzen zela, Espainia existitzen zela, espainiarrek mexikarrrak suntsitu zituztela eta Mexiko hiru mende geroago berpiztu zela”.


Aldiz, Espainiaren ikuspegia guztiz desberdina da. Mexikoren konkista bihurtzen da espainiar nazioaren kontakizun, espainiar nazioak inperio bat eraikitzeko prozesuaren parte gisa, nahasiz Antzinako Erregimeneko Estatu-inperio bat gaur egungo espainiar Estatu-nazioarekin. Horrela, Espainiaren loria nazionalen parte bihurtzen den gertakari bat da: “ezin daiteke barkamenik eskatu horren loriatsua den gertakizun bategatik”.


“Gatazka identitarioak dira ideologikoak eta ekonomikoak bezain garrantzitsuak, eta gizartea polarizatzeko gaitasun ikaragarria dute”. Gatazka gisa, askoz zailagoak dira negoziatzen, “garenari buruz” negoziatu nahi badugu, ezin garelako izan “pixka bat gehiago edo pixka bat gutxiago” (ukrainiarra edo errusiarra izan zaitezke, baina ez biak batera). Tomás Pérez Vejoren hitzak dira, Mexikon bi kontakizun alternatibo egon direla gogoratu aurretik. Bataren arabera, jatorriak zerikusia du espainiarrak iritsi aurreko munduarekin; horren kontrakoa den beste kontakizunaren arabera, Mexiko sortzen da konkistaren garaian eta hurrengo hiru mendeetan garatzen da. Egungo Mexiko espainiarren konkistaren oinordekoa da. 


“Ikuspegi edo gatazka bikoitz honen ertzetako bat izan da klase gatazka eta gatazka etnikoa eta ideologikoa. Espainiartasuna defendatu dute batik bat goi klaseek, talde kontserbadoreek eta zuriek. López Obradorrek, joera populista nabarmenekoa, “txiroak lehenbizi” ideian oinarritzen du bere zeregina. Ez du inolako interesik Espainiarekiko harremanetan, baina herrialde barruan gatazka bat sortzen zaion bakoitzean, Espainiaren mamua astintzen du bere hautesleria mobilizatzeko. Mexikok Espainiarekin duen arazoa ez da arazo bat Espainiarekin, Mexiko barruko arazo bat baizik”.


“Nazioak eraikitzen dira aldi historiko luzeetan. Mexikoren kasuan, nazio garaikide gehienen antzera, XIX. mendean zehar eraikitzen da, eta Porfirio Díazekin iristen da unerik gorenera, 30 urtez presidente izan zen militar bat. 
Tomás Pérez Vejok dioenez, “espainiarrentzat Mexikoren konkista gai itxi bat da; espainiar ikasleentzat Hernan Cortes ezezagun bat da, eta, ezagutuz gero, ez dute inolako lotura afektiborik sentitzen harekiko. Aldiz, lehen eta bigarren hezkuntzako mexikar umeei galdetzen bazaie nor izan zen Cuauhtemoc, Mexikoren aldeko borrokalaria izan zela erantzungo dute, eta etsaitzat hartuko dute Hernan Cortes. Ilehoriak eta norvegiarren edo maien ondorengoak badira ere. 

Cuauhtemoc izan zen “egungo Mexikoko hiriburua baino pitin bat handiagoa izan zen lurralde bateko enperadore azteka. Egungo herrialdearen gainerako eskualdeetan ez zuten haren hizkuntza hitz egiten eta ez zuten inolako zerikusirik harekin, baina sinbolo bat da.

Egia esan, apenas dakigu ezer hari buruz, baina haren heriotza Mexikoren heriotzatzat ere hartzen da. Haren sinboloa da. Ikasleen testuliburuetan Cuauhtemocen sakrifizioa izeneko margolan baten irudia agertzen da, egia den ala ez ez dakigun istorio bat kontatzen duena, zeinaren arabera buruzagi aztekari oinak erre zizkioten altxorrak non gordetzen zituen ez jakizarazteagatik. Irudi hori mexikar izan nahi duten mexikar guztiek ezagutzen dute”.


Tomás Pérez Vejoren arabera, irudi hori garrantzitsua da, “onak eta gaiztoak nortzuk diren bereizten dituelako. Cuauhtemoc pertsona duin eta zintzoa da, kapaz dena sakrifikatzeko, eta konkistatzaileak gaiztoak dira, urrea besterik nahi ez dutelako”. Amaitzeko, Pérez Vejok dio konkistaren historia presente dagoela beti mexikarren bizitzan. Itxi gabe jarraitzen duen iraganeko zauria, gaur egun oraindik ere gogoratzen dena nazioaren historiako gertakizun traumatiko gisa. Ez kasualitatez, Mexikar Estatuak horrela gogoratzea nahi izan duelako baizik.