All news

Espido Freirek digitaltasunak gure emozio eta harremanetan duen eragina aztertu du

Idazleak garai digitalean sare sozialek duten inpaktuaz, errealitatearen egiaztatzeaz eta hezkuntzaz gogoeta egin du.

Espido Freire idazleak Donostiako Miramar Jauregian ponentzia bat eman zuen Javier Urraren zuzendaritzapeko “Las relaciones emocionales, en la era digital” ikastaroan. Bere hitzaldian, sare sozialek dituzten eraginez eta hauek gure egunerokotasunean sortzen dituzten erronkei buruz mintzatu zen.

Sare sozialen eraginez, gizartea erabat aldatu da, zure ustez era positiboan ala negatiboan?

Sare sozialekin dugun harremana ez da ez positiboa ez negatiboa, saihestezina da; eta erraminta bat diren heinean, beste erramintekin bezala, kontuan izan behar dugu zertarako balio diguten.

Are gehiago, sare sozial motari, gure adinari eta gure interesei erreparatu behar diegu ea sare sozial horien erabilerak benetan merezi digun jakiteko. Jakintza hori izango da gakoa sare sozialei erabilera hobea eman ahal izateko, hortik abiatuta jakingo baitugu onura ala kalte gehiago dakarzkiguten.

Egun jendeak oinarri bezala pertzepzioak ala benetako gertakizunak dituela uste duzu?

Errealitatea egiaztatzeko garaian arazo larriak ditugu gaur egun, amen-omen, “fake news” eta identitatearen ordezkatzeak ohikoak bilakatu baitira. Lehenengoak erromatarren garaian omen du jatorria, baina noski, ez zuten egun duten abiadura eta egiatasunik. Adimen artifizialaren zabalkundearen ondorioz, abiadura eta egiazkotasun maila handiagoak lortuko dituztela aurreikusten da.

Benetakoa zer den eta zer ez bereizten ikasi beharko dugu eta, batez ere, zer sinetsi nahi dugun eta ondorioz, zer informazio arbuiatzen dugun. Ezin dugu gure interesen, sineskerien arabera sailkatu baliagarria zaigun informazioa.

Aurretik dugun erronka horrekin batera zabalduko dira “fase news”ak eta horrexegatik komeni da oreka bat bilatzea gizakionganako konfiantzan eta egia izateko onegia denarekiko mesfidantzaren artean.

Zure hitzaldian gertatzen diren iruzurrei buruz eta hauek gertatzean inorengana laguntza eske jotzeko ezintasunari buruz mintzatu zinen. Honek, epe luzera begira, zer eragin izan ditzakeela uste duzu? Eta makinek pertsonak ordezkatuko dituztela uste duzu?

Lanbide eta prozesu batzuetan gertatu den mekanizazio eta robotizazio prozesuak ez dira ordezkapen erradikalak izan, pixkanaka gertatu den prozesuak izan dira.

Sarri arriskuan gure ingurukoen edo gure ofizioak direnean larritzen gara. Nire kasuan, idazle bezala adibidez, larritzen nau adimen artifizialak, maila kaskarrekoak izanda ere, irakurleei aski interesgarriak zaizkien testuak sortu ahal izatea. Baina larritasun hori niri eragingo lidakeelako sortzen zait, bestela balitz, agian ez nuke halakorik sentituko.

Egia da gainera, orain arte erosketak egiteko, administrazioko gauzetarako edota tramiteak egiteko genituen bitartekariak ordezkatu dituzten makinak etsaitzat ditudala erabiltzailea, kontsumitzailea edota gaixoa bere ingurunetik kanporatzen dutelako.

Nire ustetan atzera bueltarik ez duen kontu bat da. Egin daitekeena tratu digitala eta giza tratua bateratzea da. Lehenengoaren abantaila bat da adibidez munduko edozein txokotik gauerdian hitzordu bat eskatu ahal izatea baina arazoak sortzen jarraituko du.

Prozesu batzuk sinplifikatzean eta beste batzuk babestean dago gakoa. Interesgarria litzateke bi aukerak ematea bezeroari, nahi duenean gizaki batek artatzea eta ez soilik roboten aukera izatea, askotan frustraziora baikaramatzate eta.

Ponentzian emozioen eta kontaketen garrantzia azpimarratu zenuen. Zer esan nahi izan zenuen hitz horiekin?

Nire lanak bi ardatz izan ditu. Horietako bat emozioak eta nola hauek hitz eztabaidaezinak bilakatu diren izan da; hainbeste, non digitaltasunaren gainetik dirauen. Beste ardatza kontakizunen eraikuntza izan dut. Hau da, gure historia kontatzeko erabiltzen ditugun elementu ezberdinen (argazki, hitz, emozio...) erabilerari.

Aipatutako bi ardatz horien azterketak gure identitate digitalari buruzko ikuspegi oso interesgarri bat ematen digutela pentsatzen dut. Ez soilik norbanakoen kasuan, instituzio, marka eta herrialdeen kasuan ere bai. Azken hauen kasuan, herrialdeak on eta txarretan banatzen ditugu hauei buruz iritsi zaigun informazioaren arabera gehienbat.

Hasiera batean boteretsuen jabetzan zeuden irudi horiek gaur egun edonori irits dakizkioke. Guk sortu eta eraiki ditzakegu irudi horiek eta horrexegatik interesatzen zaizkit horrenbeste. Gainera, idazle bezala, emozio, sentimendu eta kontakizunekin egiten dut lan.

Azkenik, zein adin esango zenuke dela egokiena sare sozialetan murgiltzeko?

Haurrak digitaltasunean murgiltzerakoan arazo larri baten aurrean aurkitzen gara. Hasteko, jadanik badakigulako zenbaterainokoa den haurra sareetan gehiegi ibiltzearen kaltea eta, batez ere, sobre estimulazio horrek haurraren kontzentrazio eta ulermen gaitasunean dituen izugarrizko kalteak.

Beste alde batetik, ezin ditugu errealitatearen digitaltasunetik aldenduta eduki. Gurasoek izan dezaketen kontrola ez da beti nahi adinakoa. Eta pantailak erakargarriak dira, helduontzat ere baldin badira, gaztetxoenentzat zergatik ez dira bada izango? Pantaila batekin lehiatzea haurraren arreta lortzeko erronka oso zaila da.

Eta zaila da pantailak kolektiboak direlako. Zu bakarrik zaude, zure pazientzia falta eta defektuekin, baina pantaila horretan dagoen edukiaren atzean pertsona eta entitate asko daude. Nire ustetan, egun haurrek pantailekiko duten harremana goizegi gertatzen da.

Ohiko bilakatu da Lehen Jaunartzean telefono bat jasotzea opari gisa. Gurasoek hau egitearen arrazoiak desberdinak izan daitezke. Alde batetik, haurrak non dauden jakiteko balio dutelako erabiltzen dutenak daude; eta beste aldetik, beste gurasoekiko lehian dabiltzanak. Hauek uste dute mugikorrek haurrak bizkorragoak egiten dituztela eta mundura lehenago moldatuko direla. Nire ustez, arriskutsuegia da, baina ez naiz aditua arlo honetan.

Esan dezakedana da, pantailak agertzen diren unetik aurrera, testu idatziak, idazteko aukera eta gauzak eskuz egiteko aukera albo batera geratzen direla. Eliteko hezkuntza sistemetan ikasgeletatik digitaltasuna kanporatzea eta metodo tradizionalera itzultzea erabaki dute. Aberatsenek egiten badute, agian bide horretatik jarraitu beharko genuke.