Adimen Artifizialari, Etikari eta Legeriari buruzko I. Jardunaldia
Description
Workshop-a aurrez aurre ospatuko da eta online zuzenean parte hartzeko aukera ere egongo da ZOOM bidez. Matrikula prozesuan nola parte hartuko duzun aukeratu: aurrez-aurre edota online zuzenean.
Adimen artifizialaren definizioa eta erreferentziak aurreko mendearen erdialdetik aurrera egon arren, gero eta nabarmenagoa da haren protagonismoa eremu zientifiko, industrial edo sozialean. Disruptibo adjektiboarekin, gure bizitzako alderdi guztietan jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat markatuko duen teknologia gisa aurkezten da. Eta, hain zuzen, hamaika aukera eskaintzen dizkigu, baina beste teknologia batzuekin gertatu den bezala, haren diseinua, garapena eta aplikazioa interes jakin batzuek baldintzatu eta mugatuko dituzte. Adimen Artifizialari, Etikari eta Legeriari buruzko I. Jardunaldi honetan adimen artifizialari buruz arituko gara hainbat ikuspuntutatik eta jakintza-arlotatik: teknologiak, giza zientziak eta zientzia juridikoak. Hala, arlo desberdinetako adituek beren ikuspegia eta esperientzia eskainiko dizkigute, Adimen Artifiziala zer den zuzenean ezagut dezagun, eta teknologia berri horrek sortzen dituen alderdi etiko eta legalak ezagut ditzagun.
Objectifs
Adimen artifizialak hainbat diziplina eta teknologia biltzen ditu. Horrek terminoen eta deskribapenen nahasketa dakar, nahasgarriak izan ohi direnak. Gainera, adimen artifiziala arlo zientifiko-teknikotik bideratzen da batez ere, eta alderdi etiko eta legalak bigarren mailan uzten ditu.
Adimen Artifizialari, Etikari eta Legeriari buruzko I. Jardunaldiaren helburua teknologia disruptibo horri buruzko hausnarketa kritikoa eta diziplina anitzeko eztabaida sustatzea da. Horretarako, ikuspegi dibulgatzaile batetik, Adimen Artifiziala aztertuko da, funtsezko hiru alderditan sakonduz: (1) Zer da eta nola funtzionatzen du Adimen Artifizialak, (2) Zer alderdi etiko hartu behar ditugu kontuan Adimen Artifizialean oinarritutako sistema bat diseinatu edo erabiltzen dugunean, eta (3) Nola bateratu pribatutasun-, askatasun- eta berdintasun-eskubide oinarrizkoak agertoki berri horretan.
Activité s'adressant à
- Unibertsitateko ikasleak
- Unibertsitarioak ez diren ikasleak
- Irakasleak
- Profesionalak
- Publiko orokorra
Directeurs
Alexander Mendiburu Alberro
Informatika Fakultatea - UPV/EHU, Dekanoa
Alexander Mendiburu Alberro Informatikan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Irakasle osoa da EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean, eta Intelligent Systems Group ikerketa-taldeko kidea da. Konputagailu-sareen esparruan egiten du bere irakaskuntza-lana, eta bere ikerketa-ildo nagusiak optimizazio konbinatorioa eta errendimendu handiko konputazioa dira. Hainbat ikerketa- eta berrikuntza-proiektutan parte hartzen du, eta ekarpen zientifiko ugari ditu JRC aldizkari eta estatuko eta nazioarteko biltzarretan. Gaur egun, EHUko Informatika Fakultateko dekanoa da.
Borja Calvo
UPV/EHU, Irakaslea
Borja Calvo Biokimikan lizentziatua eta Informatika Ingeniaritzan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Doktoretza tesian Biomedikuntzaren alorrean adimen artifizialeko metodoak erabiltzen lan egin zuen. 2011n Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Saileko irakaslea izatera pasa zen, non Machine Learning arloan bere ikerketa irakaskuntzarekin uztartzen duen. Gaur egun, Informatika Fakultateko Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimendunen Masterra koordinatzen du.
Conférenciers
Itziar Alkorta Idiakez
Uda Ikastaroak / Cursos de Verano, Zuzendari akademikoa / Directora académica
Zuzenbidean doktorea eta EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle titularra. Bere ikerketaren ildo nagusia bioetika da eta gai horren inguruan hainbat monografia, artikulu zientifiko eta dibulgaziokoak argitaratu ditu. VI eta VII Europako Programa Marko-ko 4 ikerketa-proiektutan parte hartu du, baita Programa Nazionaleko hainbat ikerketa-proiektutan ere. New Yorkeko Hastings Center for Bioethics, Filadelfiako Unibertsitateko Center for Bioethics eta Bordeleko Unibertsitateko irakasle bisitaria izan da. Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusia izan zen, eta ondoren Jakiundekoa, Zientzia, Arte eta Letren Akademiakoa. UPV/EHUko irakaskuntzako kalitate eta berrikuntzako errektoreordea 2008 eta 2012 urteen artean, eta hezkuntza-ereduaren garapenaz, kalitate-programez eta unibertsitateko irakasleen prestakuntza eta ebaluazioaz arduratzen da. 2013 eta 2015 urteen artean, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea izan zen.
Informatikan doktorea UPV/EHUn 2002an. UPV/EHUko Konputagailuen Arkitektura eta teknologia saileko irakaslea 1995etik eta ikerlari bisitaria hilabete batzuez Sydneyko unibertsitatean, Shangaiko Jiao Tong Unibertsitatean eta Lisboako Instituto de Telecomunicaçoes-en. ALDAPA (Algorithms Data Mining and Parallelism) ikerkuntza taldeko eta UPV/EHUko ikerkuntza batzordeko kide da eta nazioartean hamarnaka argitalpen ditu ikasketa automatikoan: alde batetik gainbegiratutako eta gainbegiratu gabeko ikasketan aurrerapen proposamenak, eta bestetik, gure inguruneko problemei teknika hauek aplikatzea gizartearen onura helburu izanik. Azken urteetan landutako testuinguruen artean daude web elkarrekintzaren modelatzea behar bereziak dituzten pertsonen kasuan eta osasun aplikazioetarako sistema adimendunen sorkuntza. Gainera, bereziki interesatzen zaio adimen artifizial zuzena eta justua eta gaian sakontzen dihardu.
CSICeko Filosofia Institutuko zientzialari titularra (GEA Etika Aplikatuko Taldea). Filosofian doktore da Euskal Herriko Unibertsitatean (sari berezia), irakasle gonbidatua da zenbait unibertsitatetan eta Gobernantza Demokratikoaren Globernance Institutuan kolaboratzailea da. Bere lan-arloak etika publikoa, bioetika, giza eskubideak eta teknologia disruptiboen filosofia dira. Gai horiei buruzko hainbat lanen editore eta egile, DILEMATA etika aplikatuen aldizkari elektronikoaren sortzailea da. Gaur egun, INBOTS CSA network: Inclusive Robotics for a better Society, EXTEND: Bi-directional Hyper-connected Neural System, BIODAT: Osasunari buruzko datuak eta COVID-19rako triaje- eta lokalizazio-algoritmoetan alborapenak detektatu eta ezabatzea. Eusko Jaurlaritzako Etika Publikoko Batzordeko kide independentea da, eta ESPACyOS (Etika Osasungarria Ekintza, Zainketa eta Behaketa Sozialerako) Sarean ere parte hartzen du.
Elena Lazkano Ortega
Informatikan lizentziaduna (UPV/EHU 1992), Adimen Artifizialeko Masterra (Katholieke Unibersiteit Leuven 1993) eta Informatikan Doktorea (2004). Informatika Fakultateko irakaslea naiz 1996tik hona. Informatika Fakultateko idazkari akademikoa (2014-16) eta Ingeniaritza Informatikoa doktorego programaren arduraduna 2017tik. Ikerkuntza aldetik, RSAIT taldearen robotika arloko burua, A talde gisa aitortua euskal unibertsitate sisteman. 4 tesien zuzendarikide. Egile zein egilekide hainbat artikulu zientifiko, liburu kapitulu eta nazioarteko biltzarretan (aitortutako 3 seiurteko). Egile hainbat argitalpen zientifikotan, eta testu-orraztaile nazioarteko kongresu eta aldizkaritan. Nire intereseko ikerketa lerroak dira: robotika adimenduna, robot sozialak eta robotak, adimen artifizial txertatu gisa. Robotikaren garapen egoeraren dibulgatzaile gisa hainbat ekitalditan hartu dut parte (ZientziaClub, Zientzia astea, JakinMina, Kultura Zientifikorako katedra, Jakinduriek mundua erreko dau!)
Jose Antonio Lozano Alonso
José A. Lozano UPV/EHUko Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedraduna da eta Basque Center for Applied Mathematics zentroko zuzendari zientifikoa. Bere ikerketa-interesak ikaskuntza automatikoan, optimizazio heuristikoan eta biologian, medikuntzan eta ekologian hainbat agertokitan duen aplikazioan oinarritzen dira, batzuk aipatzearren. 130 JCR artikulu baino gehiago argitaratu ditu, eta 1.400 aipu inguru jaso ditu (google scholar) 50eko h indizea lortzeko; 22 doktore-tesi zuzendu ditu (horietako 6k aparteko saria jaso dute), eta ikerketa-proiektuen IP izan da 2M€ baino gehiagorako. José A. Lozano IEEE Fellow da, eta ikaskuntza automatikoaren arloko aldizkari nagusietako (IEEE Trans. on Neural Networks and Learning Systems eta IEEE Trans. Evolutionary Computation) argitalpen-kontseiluko kidea. Gainera, arloko kongresurik garrantzitsuenetan ere parte hartu du; esaterako, European Conference on Machine Learning 2021eko lehendakari nagusia izan da.
Eider Mendoza Larrañaga
Kargua: Gobernantza diputatua eta bozeramailea. Ikasketak: Enpresan lizentziatua (École de Commerce Européenne, Bordeaux, Frantzia), espezializazioa Nazioarteko Merkataritzan. Hizkuntzak Euskara, Gaztelania eta Frantsesa: hirueleduna. Ingelesa: erdi maila. Ibilbide profesional eta politikoa • 2001 arte: Irungo nazioarteko garraio/logistika enpresa baten lan egin nuen. • 2001-2011: legebiltzarkidea Gasteizen. Taldeko koordinatzaile eta gizarte politiketako bozeramailea. • 2011-2015: Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkide. Talde politikoko koordinatzailea eta erakundeko presidenteordea. • 2015-2019: Batzar Nagusietako presidentea. • Hainbat komunikabidetan kolaboratutakoa, prentsan zein telebistan. Bestelakoak Lau seme-alaben ama.
Alberto Sotomayor
Industria-ingeniaria eta MBA – Informazioaren teknologietan esperientzia jarduera hauetan: planifikazio estrategikoa, IT gobernantza eta kudeaketa, prozesu eta on line zerbitzuen diseinua eta oinarri teknologikoko irtenbideak ezartzeko aholkularitzan. Data analytics proiektuetan aditua, ECM, estrategia digitala, eCommerce, eta dokumentuen kudeaketa eta web edukien kudeaketan aditua. Erakundeen eraldaketa digitalaren esparruan garatu dut nire karrera profesionala. Gaur egun, Kutxa Fundazioan lerro horren buru naiz. Aurreko esperientzia, Ibermática, Accenture eta Soluciona teknologia-aholkularitzetan izan dut, web-edukiak, aplikazio mugikorrak, datu-analitika eta BigData kudeatzeko proiektuen aholkularitza eta ezarpenean.
Tarifs inscription
Aurrez aurre | 2021-06-25 arte |
---|---|
25,00 EUR | |
0 EUR | |
0 EUR |
Online zuzenean | 2021-06-25 arte |
---|---|
25,00 EUR | |
0 EUR | |
0 EUR |
Lieu de l'événement
Miramar Jauregia
Mirakontxa pasealekua 48, 20007 Donostia
Gipuzkoa
Miramar Jauregia
Mirakontxa pasealekua 48, 20007 Donostia
Gipuzkoa