Toutes les nouvelles

UPV/EHUko Uda Ikastaroak indarberrituta atera dira pandemiatik

Uda Ikastaroen 40. edizioa 4. olatuarekin hasi zen, eta uztailean eta abuztuan iritsi zen jarduera bere gailurrera, 5. olatu betean. Testuinguru horretan, ia pandemia aurreko partaide kopuru bera lortu da. Aste honetan eta urriaren lehenengoan oraindik ere ikastaro batzuk egingo direla kontuan izanik, 12.704 pertsonak parte hartuko dutela aurreikusten da; 2019an aldiz, 13.412  izan ziren partaideak.

Edizio hau osasun gorabeherarik gabe egin da, ezarritako neurriei eta ikastaroetako zuzendari, hizlari eta ikasleen laguntzari esker. Aipatutakoei beren laguntza eta kolaborazioa eskertu nahi diegu. Esperientzia honek, bertaratzea berreskuratzeko eta zuzeneko online eskaintza finkatzeko balio izan du, horri esker, hain zuzen, atzerriko herrialde askotako ikasleek parte hartu ahal izan dute. Ia 1.000 pertsona inguru matrikulatu dira Mexikotik, Brasildik, Argentinatik edo Kolonbiatik, eta Europa mailan hitz egin ezkero, gehienak Alemaniatik, Italiatik eta Frantziatik iritsi dira. Online ikastaroak kontinente guztietako ikasletara heldu dira, Australia barne.

2021eko lemak dioen bezala, “berrikastea” izan da Uda Ikastaroetan entzun den eta konpasa berreskuratzeko aukera eman duen hondoko musika. Edizio hau 7 gizarte-erronken inguruan antolatu da. Erronka horiek gaurkotasunari eta pandemia ondorengo etorkizun hurbilari erantzuten diotela ikusi dugu. Hala ere, azpimarratzekoa da Uda Ikastaroetan azaldu diren ideia eta galdera askoren zeharkakotasuna.

Donostia Sustainability Forumak, DSFk, ingurumen, gizarte eta ekonomia iraunkortasunaren inguruan egindako 33 Uda Ikastaro jaso ditu.  Ikastaroak arloko galdera nagusiei erantzuten saiatu dira: ETEak al dira enpresa-eraldaketan galdutako kate-maila? Klima-aldaketaren aurkako borrokan, dena ondo egiten ari gara? Abeltzaintzaren eginkizuna ahazten ari gara? Zer abiaduratan haz daitezke energia berriztagarriak hidrogeno berdea hondar-errealitatea bilaka ez dadin? Uda erdian iritsi zen IPCCren azken txostena eta honen aritik,  "Ekoantsietatea" sortzea ez da ona, geldiarazi egiten gaituelako, baina "azkar jardun behar dugu, gradu bakoitzak axola duelako" zioen Mikel González-Eguinok, “Basque Center for Climate Change”eko ikertzaileak.

Bigarren uda pandemiko honetan, Antoni Trilla Osasun Publikoko katedradunak Uda Ikastaroen irekiera akademikoan esan zigun "hau ez dela amaitu". Pandemiari buruzko gure programako aipuei esker jakin genuen gure gizarteak, gutxienez biztanleriaren erdiak, antsietatea eta segurtasun-gabezia sentitu izan dituela edo sentitzen dituela. Gipuzkoako Foru Aldundiak osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisiak egiaztatu zituen. Bartzelonako Krisi Unitateko zuzendari teknikoak (UTCCB) erresilientzia sortu nahian ohartarazi zigun aurrera jarraitzen dugula esateak, eta hemen ezer gertatu ez balitz moduan jokatzeak ez duela balio, orbaindu beharreko zauri psikologikoak ditugulako. Gipuzkoako Erizainen Elkargoarekin batera, “pentsatzeko etenaldia” egin genuen, agian hurrengo pandemiarako ezer ikasi ez dugula azaleratuz.

Digitalizazio estrategia Europar Batasuneko berreskuratze-planen bigarren erronka da, eta uda honetan luze eta zabal hitz egin dugu gaiaren inguruan. Digitalizazioa izan da gai hauek jorratzeko garaian gehien erabili den hitzetako bat, hala nola, krisi klimatikoa, hezkuntza, justizia, tokiko merkataritza, mugikortasuna edo gobernantza (beste erronketariko bat). Europak herritarrei zuzendutako "Europaren etorkizunari buruzko konferentzia" abian jarri duen bitartean, bere erakundeekiko sentitzen duen distantzia handia neutralizatzeko ahaleginean, Udako Ikastaroetan Errenteriako gobernantza publiko komunitarioaren esperientzia aztertu zen; landa-eremuetako bizitza eta balio komunitarioak aztertu ziren Zerainen; Arartekok antolatuta, administrazioen gardentasun eza errepasatu zen, eta gizarteak pandemia garaietan gobernu-maila desberdinen inguruan duen iritzi txarra egiaztatu zen. Administrazioarekin oro har izandako online harremanak oztopo bat izan dira adinekoentzat, baina baita herritarrentzat ere, zerbitzu gehienen diseinua "tranpa teknikoz beteta" dagoelako.

Gizartearen zahartze prozesuak gure arreta eskatzen jarraitzen du. Uda honetan ere eztabaidagai izan dira iraupen luzeko zaintzak, zahartzaroaren zentzua eta garrantzia, bizitza zaintzea jomuga duen sozietatea (Emakunde), lehen erretiratuen elkarte moduan ezagutzen genituen adinekoentzako zentroak behar bezala eraldatu beharra eta Matia Fundazioarekin batera egindako Uda Ikastaro batean argi gelditu zen moduan, zahartzeko inguruneen diseinuan dauden akats nabarmenak.

Duela urte batzuk hasi zen hezkuntzaren eraldaketa digitala, Uda Ikastaroetan egiazta daitekeenez, azkartu egin da azken bi edizio hauetan. Hezkuntzak, halaber, ikasgelatik kanpoko irakaskuntzarekin edo naturarekin harreman estua du, berdintasuna eta tratu ona alde batera utzi gabe eta eskolan txikitatik lantzeari utzi gabe. Edizio honetan, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak Molac legearen inguruan emandako epaiaren ondorioak eztabaidatu dira. Euskadin hainbeste nabarmendu diren heziketa dualak eta errendimendu handiko LHk ere irakurketa berriak izan dituzte.

Generoa erronkaren abaroan, prostituzioaren gezur eta errealitateak azaleratu zituen Uda Ikastaro bat ospatu genuen. Beste ikastaro batean, genero indarkeriak jasan dituen lege aldaketei begiratu bat eman genien; izan ere, magistratu talde batek bere ezintasuna adierazi zuen denboran errepikatzen diren kasuen aurrean, eta, kasu askotan, biktimek erasotzaileak espetxeratzeko duten borondate automugatuak sor ditzakeen traben inguruan. Sare sozialek eragindako indarkeriaren biktimak, emakumeak eta haurrak, pandemian esponentzialki ugaldu dira eta gai honen inguruko Ikastaroa ere izan dugu programan.


Aurten, bira handia egin dugu euskal kulturaren inguruan. Uda ikastaroak Costa Rocosara bidaia batekin eta Cristina Iglesiasen "Hondalea" azken obra eskultorikoarekin hasi genituen, Eduardo Chillidaren 1. eskolan lehorrera salto egiteko, baina, iparraldeko Done Jakue Bidean bidaia luzea egin ondoren, Euskal Herri zaharrera (vasconiara) ere bidaiatu genuen denboran zehar, euskara noraino iristen zen ezagutzeko, eta gero, munduan zehar ibili zenean Juan Sebastian Elkanok ezagutu zuen Euskal Herria bisitatu genuen.

Euskararen inguruan eta euskaraz emandako eskaintzagatik nabarmendu da edizio hau. Edizioa, jende ugari bildu zuen Euskal Herri zaharreko euskararen mugei buruz egin zen Uda Ikastaroarekin batera zabaldu zen. Euskararekin loturiko eragin handiko beste bi Uda Ikastaro ere egin ziren; Molac Legearen inguruan lehena, euskara Frantzian murgiltzeko goraberak eta konstitutzioa aldatzeko bere proposamena eztabaidatu ziren Paul Molac diputatu bretoiarekin batera;  eta Karmele Jaiorena bigarrena, bere literaturari buruzkoa. Halaber, "Public diplomacy & cultural diplomacy. Basque Public Diplomacy" egungo politika edo diplomazia kulturalari buruzko ikastaroa egin zen, Renoko (AEB) euskal enbaxadore ezagunen ordezkaritza zabalarekin.

Franziska Marie Ullman arkitektoa, arkitekturan eta generoan aitzindaria; Carlos Duarte itsas biologo eta ozeanografoa; Munduko Biktimologia Elkarteko lehendakaria eta idazkaria; Carlos Briones CSIC astrobiologia zentrokoa; María Ángeles Durán; Adela Cortina etika katedraduna; Txetxu Ausín etika eta adimen artifizialean aditua; gaur egun hainbeste erabiltzen den “ekoantsietate” kontzeptua asmatu zuen Andreu Escrivá edo “¿Qué comes?” liburuaren idazlea, Miuel Ángel Martinez Uda Ikastaroak jakituriaz bete dituzten adituetako batzuk dira.

2021eko Uda Ikastaroetan parte hartu duten 12.704 pertsonak antolatutako 192 jardueretako batean edo batzuetan parte hartu dute. 44 euskaraz izan dira. Eta nahiz eta denak zuzenean online ere eskaini diren, 104 Gipuzkoan egin dira, 20 Bizkaian, 5 Araban, 2 Nafarroan eta 2 Iparraldean. 18 izan dira online zuzenean eman direnak, eta 41 iraupen luzeko on line ikastaroak. Horrez gain, jende ugarik parte hartu duen doako 13 jarduera ireki antolatu dira.

Aste honetan, Elizondora eta Ordiziara eramango gaituzten azken Uda Ikastaroak ospatuko dira. Fundazioak, berriz, epe luzeko on line ikastaroekin eta Donostia Sustainability Forumaren esparruan garatuko den urte osoko programazioarekin jarraituko du bere misioarekin.

Eta 2022an beste edizio bat prestatzeko lanak hasi dira jada; azaroaren 2an irekiko da Uda Ikastaroen edizio berrirako proposamenak jasotzeko epea.

Guzti hau ez litzateke posible BBVA Fundazioak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen duten Antolakuntza Batzordearen laguntza gabe. Gure eskerrik beroena urteroko zita errespetatuz, jarduera bakoitza gauzatzeko lan egin duten zuzendari eta hizlari zein erakundeei eta ikasleei. Hedabideei ere eskerrak, Uda Ikastaroetan ematen diren hausnarketa eta ikasketak gelaz haratago zabaltzen laguntzen diguzuelako. ESKERRIK ASKO GUZTIOI!