Arantzazuren eta Euskal Herriaren etorkizuna lotzen dituen ibilbideak aztergai, lehen aldiz, Uda Ikastaroetan
Aurten UPV/EHU-k, Arantzazulab-ek eta Joxe Azurmendi Katedrak uda ikastaroa antolatu dute Arantzazuko Gandiaga Topagunean etorkizuneko galderak “elkarrekin” egiteko eta erantzuteko. Ikastaroek eskaini ohi dutenaz haratago joango da prestatutako programa, izan ere, mahai-inguruez gain Arantzazu ezagutzeko askotariko esperientziak eskainiko dira.
‘Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer?’ izenburua duen uda ikastaroa egingo dugu Arantzazun, Gandiaga Topagunean, uztailaren 22tik 23ra. UPV/EHU-k, Arantzazulab-ek eta Joxe Azurmendi Katedrak antolatuta, aurten, lehen aldiz, Arantzazuren eta Euskal Herriaren etorkizuna lotzen dituen bidexkak, naturalak zein kulturalak, elkarrekin aztertzeko egitaraua prestatu dugu. Aratz-Aizkorri parke naturalean kokatuta, 5 mendeko ondare aberatsaz gain, Santutegiak badu esanahi berezia euskal kulturan: erabakigune eta elkargune garrantzitsua izan da, bertan hainbat ezagutzak, arteak, tradizioak eta berrikuntzak bat eginez.
Arantzazu herri-tokia da, herriarentzako. Gurean toki apropos gutxi daude elkarri etorkizun-galderak egiteko: Gandiagaren eta Azurmendiren belaunaldiaren ahaleginak jarraipena izango du? Mundu konplexu, arrotz eta zabalean, bakardadea eta isolamendua nola gainditu ditzakegu, lankidetza forma berriak nola sortu? Ba al dugu gure herriaren biziraupenerako sustraiko gaien inguruan anbizioz aritzeko eta pentsamendu berria sortzeko Arantzazu bezalako gunerik? Zer erakusten digu zientziak lankidetzaren sorreraz eta beharraz? Zer Arantzazuren naturaz eta historiaz?
Gisa honetako galderek adituekin eta arituekin jorratuko ditugu Arantzazun, euskal jendartearentzat erreferentziazko espazioa dena, eta 500 urtez eraldaketarako energiaren konfluentziaren gunetzat jotzen duguna. “Zer dauka Arantzazuk? Nor da Arantzazu? Nor gara Arantzazu? Etorkizun-erronken aurrean, non dago Arantzazu?” Bada, beti egon den tokian: aniztasunaren ertzak josten, elkar-hizketarako, elkarri entzuteko egokiera pribilegiatu eta paregabea eskaintzen. Askotariko eraldaketa sakonek bizitzaren ardatzak (balioak, komunitatea, kultura eta jasangarritasuna) bidegurutzera eraman dituzte. Mendeetan zehar sortu dugun GU handi horrek berriro erantzun beharko ditu etorkizunari egin nahi dizkiogun galderak.
Bi eguneko programan, goizetan, hausnarketarako eta eztabaidarako gonbitea zabalduko diegu parte-hartzaileei. Arratsaldeetan, aldiz, Arantzazu hobeto ezagutzeko esperientziak eskainiko dira Arantzazuk eskura jartzen dizkigun dimentsio eta txoko ezberdinetan barneratzeko (Artea, Kultura, Natura, Espiritualtasuna). “Ikastaro batek eskaintzen dituen ohiko formatuez haratago joan gara esperientzia integrala eskainita, pluri-sentsoriala: bisita gidatua, arte erakusketa, musika kontzertua…”azaldu dute Naiara Goiak eta Antonio Casadok, uda ikastaroaren zuzendariek.
Bidaia: NI-tik GU-ra
Astelehenean, uztailak 22, goizeko 9:00etan uda ikastaroaren inaugurazio instituzionala egingo dugu Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren; Joxe Mari Arregi Arantzazuko Frantziskotar Probintziako ministro probintzialaren; Agustin Erkizia UPV/EHU-ko Gipuzkoako Campuseko errektoreordearen; eta Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiaren eskutik. Irekiera ofizialen ostean, antolatutako mahai-inguruek NI-tik GU-rako bidaia egingo dute “mendeetan zehar sortu dugun GU handi honetan inon baino egokiago izan daiteke erantzun hori bilatzeko”. Goizeko lehen solasgunean nahi ez den bakardadeari aurre egiteko HARIAK eta BBK-Kunaren proiektuez arituko dira Aitor Sorreluz (Arantzazu aldizkariko zuzendaria) eta Ainhoa Becerra (Adinberriko berrikuntza arduraduna). Jarraian, duela 50 urte, Bitoriano Gandiagak ‘Hiru gizon bakarka’ bere bigarren poesia liburuan heldu zion nahigabeko bakardadearen gaia jorratuko dute Antonio Casadok (UPV/EHU) eta Paulo Agirrebalzategik (Jakin taldeko ohorezko kidea).
Goizeko azken mahai-inguruan “Ni”a eta “Gu”a giza espezian nola gauzatu diren, eta bakardadeari aurre egiteko lankidetzaren beharraren ulermenean sakonduko dute Arantza Etxeberriak (UPV/EHU irakaslea), eta Juan Ignacio Pérez Iglesiasek (Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburua). Astelehenean, arratsaldez, ‘Arantzazun Sortutakoak’ arte erakusketa ikusgai izango da Basilikako Kriptan. “Arantzazuren inguruan sortutako hainbat eskultura eta lan grafiko biltzen ditu erakusketak, batzuk lehen aldiz ikusgai. Artista-liburua, arte iragankorra, collage eta found artlanak aurki daitezke, denak Arantzazuko kultura eta natura ondaretik abiatuta”. Lan gehienak Orbelaun Taldeko kideenak dira, eta pieza horiekin batera, ‘Arantzazuko Brebiarioa’ Ahiku (Arkitektura eta hiri kultura) elkarteak egindako lana ere dago.
Etorkizunari begira: Arantzazu non den eta galdera berriak
Halaber, uda ikastaroa etorkizunari begira jarriko da uztailaren 23an, asteartea. Geroari buruzko gogoeta bat egitea xedea, etorkizun-erronken aurrean, Arantzazu non den esploratuko dugu; baina batez ere, Arantzazutik galdera berriak egin egingo ditugu. Horretarako 3 solasaldi proposatu ditugu, eta horietako aurrenekoan Lorea Agirrek (Jakineko zuzendaria), Xabier Peritz Mendizabalek (EITB, kazetaria) eta Jon Sarasuak (Mondragon Unibertsitateko irakaslea) hitz egingo dute. Hiruak daude ‘Arantzazu: 36 zm, 5 mende, herri 1’ dokumentalean parte hartu dutenen artean, eta ikastaroan Arantzazuren etorkizunaz hitz egitera gonbidatu ditugu herrigintzarekin eta kulturgintzarekin Arantzazuk duen lotura aintzat hartuta. Jarraian, euskal herrigintzan sakontzeko, begirada ezberdinetatik lanean diharduten lau fundazioetako ordezkariak solasean jarriko ditugu: Urko Aiartza (TMelab-eko zuzendaria), Gorka Espiau (Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria), Mireia Zarate (Sabino Arana Fundazioaren lehendakaria) eta Naiara Goia (Arantzazulab-eko zuzendari nagusia). Mahai-inguru honetan, Arantzazutik, Euskal Herriaren etorkizunari buruz arituko gara. “Gure herriaz oinarrizkoa izan daitekeen hortaz galdetuz, etorkizun-galdera nagusi baten bueltan jardundo dira: Euskal Herriaren etorkizuna Arantzazu-tik: Behar al dugu gure herriaren biziraupenerako sustraiko gaien inguruan herri anbizioz aritzeko eta pentsamendu berria sortzeko gunerik?”, adierazi dute ikastaroaren zuzendariek.
Astearte goizeko azken solasaldian ‘Euskozenoa’ izeneko egitasmo berritzailea emango da ezagutzera Olatz Ibarretxe, DOT kooperatibako zuzendari sortzaile eta proiektuko sustatzaileetako baten eskutik Arantzazulab eta Arantzazuko Frantziskotar Probintziarekin batera. ‘Euskozenoa’ euskal nortasunaren inguruko hausnarketa plataforma bat da, mundu eta kultura globalizatuen errealitatean euskaldun izatea zer den eta zer izan nahi duen pentsatzeko gunea, 4 frantziskotar eta egungo 4 gazte erreferente etorkizunera begira gogoetan jarri dituena. Arratsaldeko mahai-inguruan ‘Espiritualitatearen azpiegitura garaikideak: Arantzazu’ aztergai izango dute Iñaki Martinez de Albeniz-ek (UPV/EHU-ko irakaslea) eta Onintza Etxebestek (Mondragon Unibertsitateko irakaslea). Programa bereziak ez ohiko eran bukatuko du ikastaroa, hots, Basilikaren bisita gidatuarekin. Gainera, eguna biribiltzeko Urmagaren Urtanta ekimenak (20:00etan Basilikan) hartuko du Arantzazu Nestor Basterretxearen omenez euskal artistek sortutako ikuskizun bereziarekin.
Gehiago jakin nahiko bazenu, ikusi ikastaroaren kontakizuna jasotzen duen dokumentua edota bisitatu www.uik.eus webgunea.