Mónica Guxens: "Errotiko aldaketa bat egin beharko litzateke gure hirietan, haurren garunak babesteko"
Kataluniako ikerlariak Ingurumen-esposizioak eta garunaren garapena: zer dakigun eta etorkizuneko erronkak hitzaldia eman zuen Donostia Sustainability Forumek Ihoberen (Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa) laguntzarekin antolatzen dituen Euskadiko Ingurumen Esparru Programa 2030 Elkarrizketak izeneko doako jardunaldi irekietako batean.
Hiri-plangintzak kontuan hartu eta babestu egin behar lituzke ikastetxeak, ospitaleak, adinekoen egoitzak eta, azken batean, pertsona bereziki kalteberak biltzen dituzten tokiak, kutsadura atmosferikoak garunean dituen ondorioengatik. Horixe adierazi du Mónica Guxensek, Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko mediku espezialistak. Guxens, halaber, ICREA ikerketa-irakaslea da Bartzelonako Munduko Osasunaren Institutuan, zeinetan INMA proiektua zuzentzen baitu. Ikerketa-sare horretan, ingurumen-kutsatzaileek haurren hazkundean eta garapenean duten eragina aztertzen du. Kataluniako ikerlariak Ingurumen-esposizioak eta garunaren garapena: zer dakigun eta etorkizuneko erronkak hitzaldia eman zuen Donostia Sustainability Forumek Ihoberen (Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa) laguntzarekin antolatzen dituen Euskadiko Ingurumen Esparru Programa 2030 Elkarrizketak izeneko doako jardunaldi irekietako batean.
Azaldu zuenez, fetu-etapa eta lehen haurtzaroa funtsezko aldiak dira garunaren garapenerako; hain zuzen ere, une horietan garuna ingurumen-esposizioekiko bereziki kaltebera da. Airearen kutsadura, bereziki ibilgailuen trafikoaren ondoriozkoa, kezkagarrienetako bat da, hirietan prebalentzia handia duelako. Guxensek azaldu zuenez, partikula kutsatzaileak garunera irits daitezke arnasbideen bitartez, eta plazenta zeharkatu dezakete haurdunaldian. Zenbait azterlanek frogatu dutenez, lotura dago airearen kutsaduraren eta garunaren garapenean gertatzen diren zenbait ondorio kaltegarriren artean. Adibidez, Bartzelonan egindako ikerketa batek frogatu zuenez, kutsadura handiko eremuetako ikastetxeetako haurrek funtzio kognitiboaren garapen txikiagoa zuten, aire garbiagoko inguruneetan zeuden ikastetxeetako haurrekin alderatuta.
Hala, hitzaldian adierazi zuen orain arte dagoen ebidentzia zientifikoaren arabera airearen kutsadurak, bereziki ibilgailuen trafikoaren ondoriozkoak, zenbait arazo eragin ditzakeela haurren garunean. Garuneko gai zuria da garuneko eremu batzuen eta besteen artean informazioa transmititzen duena, eta hor gertatutako alterazioek kalteak eragin ditzakete garuneko konektibitatean eta, beraz, errendimendu kognitiboan. Oro har, ondorio negatiboak ikusi dira funtzio kognitiboan, baita inhibizio-kontrolarekin lotutako zenbait arazo ere. Garunaren funtzio hori funtsezkoa da erabakiak hartzeko orduan, aukera ematen baitu arriskuak ebaluatu eta bulkadak kontrolatzeko. Halaber, kutsadurak garun-egituraren garapenean dituen ondorioak dokumentatu dira.
Hiri-plangintzaren garrantzia
Bestalde, Guxensen taldeak egindako beste azterlan batean ikusi zutenez, zaratarekiko esposizioa, bereziki berdegune gutxiago eta trafiko handiagoa duten eremuetan, garuneko gai zuriaren garapen eskasarekin lotuta dago. Hizlariak adierazi zuen hiriak sistema konplexuak direla ulertu behar dela, arazo horiek guztiak jorratzeko, baita muturreko tenperaturen esposizioa ere. Haren ikerketak frogatu du bizitzako lehen urteetan tenperatura oso altuen edo oso baxuen esposiziopean egotea lotuta dagoela gai zuriaren garapen eskasarekin, bereziki ingurune sozioekonomiko xumeetan bizi diren haurrengan.
Horregatik, Mónica Guxensek azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela ikerketaren emaitzak herritarrei eta arduradun politikoei helaraztea, hiri-plangintzan aldaketak bultzatzeko. Hirietako erdiguneetako trafikoa murriztea, garraio publikoa sustatzea eta berdeguneak sortzea funtsezkoak da herritarren osasuna babesteko, bereziki haurrena.
Bestalde, adierazi zuenez, oso garrantzitsua da argi-kutsadura eta argi urdinarekiko esposizioa aztertzea, osasunean eragina izan dezaketen faktoreak diren aldetik. Hirietan gero eta argi LED urdin gehiago daude eta gauez gailu elektronikoak erabiltzen ditugu, eta horrek erritmo zirkadianoak alda ditzake eta eragin kaltegarria izan dezake loan eta errendimendu kognitiboan.
Nola aztertu haurren garuna
Kutsadurak haurren garunean duen inpaktua aztertzeko, Mónica Guxensek eta haren taldeak askotariko teknikak erabiltzen dituzte: garunaren egitura eta garun-eremuen arteko konexioak erakusten dituzten erresonantzia magnetikoak, ebaluazio psikologikoak eta funtzio kognitiboak ebaluatzen dituzten ordenagailu-testak, besteak beste. Horrez gain, gurasoei, irakasleei eta haurrei galderak egiten zaizkie haurron portaerari eta ongizateari buruz.
ISGlobaleko ikertzailearen ustez, funtsezkoa da ingurumeneko elementu kutsatzaileekiko esposizioaren epe luzeko ondorioak aztertzen jarraitzea; izan ere, garunaren plastikotasunak ez du bermatzen kalteak guztiz itzulgarriak izatea. INMA proiektuko taldearekin egindako ikerketak orain barne hartzen ditu heldu gazteak ere, eta aukera emango du esposizio goiztiarrek pertsonen osasun mentalean eta funtzio kognitiboan haien bizialdian zehar duten inpaktua ebaluatzeko.
Hitzaldian eta ondorengo eztabaidan, Mónica Guxensek adierazi zuen beharrezkoa dela herritarren eskura egongo diren informazio-plataformak sortzea, osasun publikoko ikerketei buruzko informazioa jaso ahal izan dezaten. Era berean, azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela ikertzaile, arduradun politiko eta, oro har, gizartea lankidetzan aritzea, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldien osasuna babestuko duten aldaketak sustatzeko.