Toutes les nouvelles

COP29: gutxienekoen akordio bat klima-finantzazioaren arloan, Brasilgo COP30erako trantsizioan

2024ko azaroan Azerbaijanen egindako COP29k, emaitza nagusi gisa, klima-finantzaziorako helburu berri bat ezartzea lortu zuen, eta karbono-merkatuen inguruko akordioak ixtea ahalbidetu zuen, BC3 - Basque Centre for Climate Changeko zuzendari zientifiko María José Sanzek azaldu zuen bezala. Bere esanetan, gainera, aurrera egin zen, ahal izan zen neurrian, egokitzapenaren helburu globalean eta genero-agendan.

María José Sanzek, beste urte batez, Donostia Sustainability Forumaren baitan, Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen azken Konferentziaren balantzea egiteko hitzaldia eskaini zuen. “Sarri askotan, alde anitzeko prozesu hauek ez dira ondo ulertzen, eta espektatiba jakin batzuk sortzen dira ezein gobernuren burujabetzari ezartzeko eginkizuna ez duten prozesuetan. Izan ere, haien eginkizuna herrialdeen artean eztabaida kolektiboak sortzea da, politika publikoak Parisko Akordioak ezarritako helburu kolektibo baterantz bidera ditzaketen akordioetara iristeko xedez, hau da, tenperaturaren igoera bi gradutik behera mantentzea, edo, segurtasun handiagorako, gradu eta erditik behera”, azaldu zuen. Bere iritziz, goi bilera gisa, COP29 trantsizio bat izan da garrantzitsuagoa izatea espero den beste bilera baterantz, hots, Brasilen 2025ean egingo den bilerarantz.

Arintzeak ez du aurrera egiten

Funtsezkoa da gogoratzea, adierazi zuen María José Sanzek, eztabaida hauen oinarria zientzia dela. IPCCk - hau da, klima-aldaketaren adituen taldeak- orain dagoen ezagutza zientifikoa egituratzen du, orientabide argiak eskaintzeko, eta klima-aldaketaren kausak neurri handi batean antropogenikoak direla berresten du, hau da, klima-aldaketa gure garapen-ereduaren eta berotegi-efektuko gasen isurketaren ondorio dela.

Zehaztu zuenez, herrialde batzuetan isurketen murrizketan aurrerapenak egon diren arren, isurketa globalek hazten jarraitzen dute. Nahiz eta ekonomia batzuetan nolabaiteko desakoplamendua ikusten den hazkunde ekonomikoaren eta isurketen artean, prozesu hori ez da Parisko Akordioaren helburuak betetzeko behar bezain azkarra. Premiaz jarduteko beharra agerian geratzen da –gaineratu zuen- klima-aldaketaren inpaktuetan, zeren biderkatzen ari baitira tenperatura globala igotzen den neurrian.

Klima-finantzazioa

Finantzazio-akordioa herrialde aberatsek hartutako konpromisoarekin lortu zen, alegia, 2035erako urtean gutxienez 300.000 milioi dolar jartzea, garapen apalagoko herrialdeentzat. Ekarpen pribatuak gehituta, konpromiso globala 1,3 bilioi dolarrekoa [1012] da, herrialde pobreagoek euren isurketak murriztu ahal izan ditzaten, karbono gutxiko ekonomietara aurrera egiteko eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko. Zenbateko hori hegoalde globaleko herrialdeek eskatzen zutena baino askoz ere txikiagoa da, eta -hala aitortzen da- beharrezkoa dena baino txikiagoa, baina “hirukoiztu egiten du lehen onartutako finantzazioa”, eta hori lorpen bat da, berez, gaineratu zuen.

Aitortu zuen beharrezkoa dela inbertsio pribatua katalizatzea eta nazioarteko finantza-erakundeak berregituratzea eta klima-finantzazioaren beharretara egokitzea. Orobat, gardentasunaren garrantzia azpimarratu zuen, eta baita funtsen eskuragarritasunaren urgentzia ere.

Karbono-merkatuak

Karbono-merkatuak malgutasun-mekanismo gisa daude diseinatuta, karbono gutxiko ekonomiara zuzendutako eraldaketa errazteko, eta eztabaidagai egon dira isurketak murrizten laguntzeko tresna gisa izan dezaketen ahalmenagatik.

María José Sanzek azaldu zuenez, COP29n aurrerapenak lortu ziren karbono-merkatuen ingurumen-osotasuna hobetzeko estandarren definizioan, batez ere karbono-hustubideen proiektuei dagokienez, eta jarraibide argiagoak ezarri ziren merkatuko tresnak Parisko Akordioaren helburuekin uztartzeko; halaber, isurketen murrizketa neurtzeko gida hobeak ere onartu ziren.

Beste aurrerapen batzuk

COP29k beste gai batzuetan ere lortu zituen aurrerapenak, hala nola egokitzapenaren helburu globalean, genero-agendan eta galera eta kalteen funtsean. Egokitzapenaren helburu globalerako lan-programa bat abiatu zuen, adierazleen definizioa jomugan jarrita. Orobat, generoari buruzko lan-programa berritu zen, genero-berdintasunak klima-aldaketaren aurkako borrokan duen garrantzia aitortuz. Gainera, konpromiso berriak planteatu ziren galera eta kalteen funtserako, eskualde-gobernuen ekarpenak aurreneko aldiz barne sartuz.

Balantzea eta itxaropenak

COP29an funtsezko gaietan aurrerapen esanguratsurik lortu ez bazen ere, María José Sanzen ustez etorkizuneko negoziazioen oinarriak jarri ziren. Klima-finantzazioa funtseko gai bezala finkatu zen agenda globalean, eta garapen bidean dauden herrialdeentzako finantzazioa hirukoizteko konpromisoa urrats garrantzitsua da, aski ez bada ere.

Gainera, ikertzaileak nabarmendu zuenez, estatukoak ez diren eragileen parte-hartzea, hala nola eskualde-gobernuena, gobernu nazionalen ekintza osatzeko bide gisa itxuratzen da. Gainera, bereziki aipatu zuen gizarte zibilak sektore pribatuaren eraldaketa bultzatzeko duen ahalmena, eskatu eta kontsumitzen dituen zerbitzu eta produktuak oinarritzat hartuta.

Gaineratu zuenez, etorkizuneko COPek arrakasta izan dezaten, herrialdeek gai izan behar dute desberdintasun kulturalak, interes kontrajarriak eta mesfidantzak gainditzeko eta etorkizun jasangarriari buruzko ikuspegi konpartitu bat eraikitzeko. Hau da, faktore horien mende dago arrakasta. “Espero dugu datorren urtean zirkunstantziak apur bat egokiagoak izatea, gaur egun mahai gainean dauden gaiei buruzko akordio zabalago bat lortu ahal izateko”.

Brasilen 2025ean egingo den COP30ek erronka handiak izango ditu. BC3ko zuzendariak azaldu zuenez, herrialdeek euren isurketak murrizteko konpromisoak berritu beharko dituzte, anbizio handiagoa bilatuz. Goi bilera horrek berebiziko garrantzia izango du, klima-finantzazioa ekintza konkretuetan islatuko den ikusiko baita. Espero da, gainera, COP30 goi bilera Amazonasen kokatuko denez, basoekin eta egokitzapenarekin lotutako gaietan aurrerapenak bultzatuko direla.

Ikusi hitzaldi osoa