Geoinformazioa, mapa bat baino gehiago
geoEuskadi Kongresua geoinformazioaren sektoreko erakunde, enpresa, profesional, ikasle eta ikertzaileentzako topagune zabala izan zen. 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten bertan; 44 hitzaldi izan ziren, eta 7 enpresa kolaboratzailek erakusmahaiak ipini zituzten; horrez gainera, Ingeniaritza Geomatiko eta Topografikoaren Elkargo Ofizialak tailer bat antolatu zuen, eta geoEuskadiko tresnei buruzko tailer praktiko bat ere izan zen, drone baten hegaldiaren erakustaldi batez gain.
Erakunde antolatzailea izaki, Eusko Jaurlaritzak geoEuskadi proiektuak mapak eta era askotako informazio geografikoa kudeatu eta argitaratzeko plataforma gisa izan dituen hainbat berritasun aurkeztu zituen zenbait hitzalditan. Euskadiko hirigune guztietako 10 cm-ko bereizmen handiko hiri hegaldi berria aurkeztu zuen, baita aireko irudien konparadorea eta geoEuskadiko mapa bisorearen potentzialtasunak eta etorkizuneko berritasunak ere. Eusko Jaurlaritzako zenbait erakundek abian jarritako proiektuak ere azaldu ziren, hala nola EUSTATen LurData proiektua, lurraldeari buruzko datu estatistikoak hedatzekoa, Uraren Euskal Agentziaren informazio kudeaketarako proiektua edo HAZI Fundazioaren LIDAR edo zehaztapen nekazaritzako teknika berriak. Hirugarrenen beste hitzaldi batzuetan, argi geratu zen geoEuskadi tresna eta geozerbitzua beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ere erabil dezaketela, datuei begirako politika irekia baitu, CC by 3.0 lizentziarekin.
Horrez gainera, Kongresuan modu aktiboan parte hartu zuten honako hauek: Geografia Institutu Nazionalak, hainbat autonomia erkidegok (Balearrak, Kanariak, Errioxa, Madril, Nafarroa eta Valentzia), Donostia eta Bilboko udalek eta hainbat diziplina eta arlotako enpresa, profesional eta ikertzaileek (ingurumena, arkeologia, estatistika, laguntza mediko-humanitarioa, udal kudeaketa, smart-cities, adimen artifiziala, etab.).
Kongresuan landutako teknika edo joera adierazgarrienak nabarmentzearren, dronek edo Mobile Mapping moduko sentsoreek datu masiboak eskuratzeko duten erabilgarritasun praktikoa, Europako Copernicus proiektuko satelite berrien aplikagarritasuna edo denborazko bereizmen handiko informazioa lortzea ahalbidetzen duten mikrosatelite berriak aurkeztu zituzten zenbait hitzalditan. Era berean, azpimarragarria da geoEuskadi eta antzeko datu zein zerbitzu irekiko ekimen publikoen bidez sektore askotako ikertzaile eta erakundeek ortoargazkiak, LIDAR eredu digitalak eta GPS kokapen zerbitzuak erabiltzen dituztela, hala nola elementu arkeologikoak eta kulturalak lokalizatzeko, edo fenomeno hidraulikoak, geologikoak edo ingurumenekoak modelizatzeko. Nabarmentzekoa izan zen, halaber, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak oso garrantzitsutzat jo zuela informazio geografikoa hainbat gatazka mediko-humanitarioren kudeaketarako.
Bestalde, Ingeniaritza Geomatiko eta Topografikoaren Elkargo Ofizialaren laguntza jaso zen “Geoerreferentzia katastroaren eta erregistroaren arteko koordinazioan” izeneko tailerra antolatzeko. Bertan, jabetza erregistratzaileek, foru katastroetako teknikariek eta Ingeniaritza Geomatiko eta Topografikoaren Elkargo Ofizialeko teknikariek parte hartu zuten, besteak beste. Tailerrean, Hipoteka Legearen Erreforman eta Katastroko Legearen testu bateratuan jasotako legezko aldaketa berrietan zehaztuta dauden zenbait prozedura azaldu ziren; prozedura horietan beharrezkoa da ondasun higiezinaren irudikapen grafikoa.
Azken batean, kongresuan geoinformazioaren arloko erakunde, enpresa eta profesionalek aukera izan zuten esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, bai datu kartografikoak lortzearekin eta telematikoki hautematearekin lotutakoak, bai informazio geografikoa eta geozerbitzuak diziplina desberdinetan aplikatzearekin lotutakoak. Era berean, Datu Espazialen Azpiegituretako ekimen publikoen balioa azpimarratu zen. Azpiegitura horiek hirugarrenek informazio geografikoa eskuratzea eta erabiltzea errazten dute, eta, horien artean, geoEuskadi Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeko nodoa da. Azkenik, informazio geografikoak diziplina askotan aplikazio ugari dituela ikusi ahal izan zen, eta, hortaz, argi geratu zen geoinformazioaren sektorea hazten ari dela eta potentzialtasun handia duela arlo ugaritan.