Trantsizio energetikoa eta demokrazia: eragileak eta esperientziak
Hauek dira azken aldian berrietan irakurri zein lagunekin eztabaidatuz aurki ditzakegun hitzak. Gaur egungo energia arloan aldaketak nabariak dira, eta honek problematika zein zalantza berriak sortzen dizkigu.
Ikastaroaren antolatzaileak oso ondo batu zituzten ekarri beharreko gonbidatu eta saioak. Mugarik Gabeko Ingeniaritzak arlo teknologikoa eta hegoalde zein iparraldean sortzen diren arazon berri emateko ardura zuen, Ekologistak Martxanek berriz gure errealitatearen ispiluan begiratzeko ahaleginak egin zituen, azken urteetan ikertzen ari diren arloari, Trantsizio Energetikoari, jarraiki. UPV/EHUtik berriz arlo akademikoagoaz arduratu zen, nazioartean dauden azken artikulu eta berriak ekarriz, eta azkenik Betiko Fundazioak eragile sozialen ikuspuntua erakarri zuen.
Zer esan nahi du pobrezia energetikoak? Zein da energia arloko langileen egoera? Zein motatako energia erabiltzen dugu gure egunerokotasunean? Ba al dugu alternatibarik? Zergatik gertatzen dira hainbat eskubide urraketa energia proiektu handien inguruan? Zenbat energia behar dugu ondo bizitzeko?
Pentsa al dezakegu Euskal Herriko trantsizio energetiko batean, jasangarritasun, justizia sozial eta parte hartze prozesuen bitartez?
Ikastaro honekin galdera guzti hauen gainean egin genuen solas eta horrek berak sortu zizkigun zalantza gehiagori ere erantzuna ematen saiatuko ginen. Erantzun hauek bai akademiatik, bai herri mugimendu zein norbanakoengandik sortzea izango da helburua, denon arteko jakintza sortuz. Argi geratu zena, denok batera egin beharreko lana dugula gure aurrean.
Eredu Energetiko Berrirantz: Plataformak eta lankidegoak nola sustatu eta zein egoeratan gauden Aitor Urrestik, Esther Muñozek eta Álvaro Camposek azaldu zuten, bertaratu ziren guztiekin Euskal Herriko zein atzerriko istorioak elkarbanatuz.
Ekofeminismoaren aldetik Energia eta patriarkagoa: “Emakumeen energia ikustezina” lelopean jo eta su aritu ziren Alba del Campo, Mònica Guiteras eta Maitane Arri. Hauek argi erakutsi zuten energiaren mundua gizonezkoz josita egoteak dauzkan arazoak, zaintza lanen ikusezintasuna eta energiaren helburu zein den hausnartzeko tresnak elkarbanatuz.
Lan eta Energia eredua ezagutzezko, zeinentzako egiten dugu lan eta nola eta zein baldintzetan galderei erantzuteko; energia eta lan munduko adituek izan zuten hitza Daniel Chávez, Ainhoa Etxaide eta Iñaki Barcenaren saio animatuan.
Energia eta Giza-Eskubideen gainean egin zen galdera nagusia: Zenbat energia ondo bizi ahal izateko? Izan bazen ere, María Campuzanok Kataluniako esperientzia azaldu zigun, pobreziaren aurkako ekintzak erakutsiz. Beste aldetik, eta Ecuadorreko egoerara salto eginez, Miriam Garciak eta Martin Mantxok hango energia eta jardunaldien berri eman zuten.
Energia trantsizioaren beste atal garrantzitsu bat energia berriztagarrien esku dagoela argi dago, baina ikastaroan plazaratu zen bezala ez da Teknologia arazo bat bakarrik. Teknologiatik harago, Rodrigo Ruiz, Leire Gorroño eta Olatz Azurza egon ziren solasaldi politean, energia berriztagarrien aldeko arrazoiak eta baita kritika zorrotzak eginez.
Azkeneko saioan energia burujabetasunari heldu genion, nondik, hasi? Noraino iritsi gaitezke? Galdera hauei erantzuteko Xabier Zubialde eta Estitxu Villamor egon ziren prest, Izaro Basurkoren laguntzaz.
Ikastaroan zehar egindako galdera eta hausnarketa kolektiboen bitartez Trantsizio Energetiko Demokratikoa bezalako kontzeptu zailak herriratzen saiatu ginen, eta bertaratutakoek elkarbanatutako informazio eta kritiken bitartez guztion jakintza hobetzea lortu genuen.
Lan eta Energia eredua ezagutu genuen, genero eta energiari buruz hausnarketak egin, eta erregai fosilen ustiaketak sortzen dituen inpaktuak (ingurumen zein inpaktu sozialak) baloratzeko aukera ere izan zen. Erregai hauen amaierak ekarriko dizkigun agertokiei buruz hausnartzeko denboraz larri ibili ginen arren Energia berriztagarrien mugak eta aukerak aztertu genituen.
Kolektibo askoren eraikuntza izanik, ikastaroan ahots asko eta ezberdinak entzuteko aukera izan genuen honek dakarren aberastasunarekin.
Energiaz betetako ikastaroa dinamika kolektibo polit batez borobildutakoa.