Feminismoak salbatuko ditu gizonak
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak inaugurazioan azpimarratu zuen “legeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aitortzen badu ere, errealitatean hori egia izatetik oso urrun gaude(la)". "Gure gizartean, generoak eta horren inguruan eraikitzen diren rol zein estereotipoek baldintzatu egiten dituzte norbanakoen aukerak”. Hori dela eta, gizarte benetan ekitatiboa lortzeko, Landaidarentzat funtsezkoa da “eredu berdinzale baten alde egingo duen eta aldaketaren eragile izango den gizon masa kritiko bat sortzea”.
Bestalde, Juan Carlos Vázquezek adierazi zuen tamalez oso gizon gutxi joaten direla oraindik horrelako topaketetara. Ikastaroaren zuzendariaren ustez, nahiz eta erakunde publikoek hainbat politika sustatzen dituzten berdintasuna bultzatzeko, alderdi askotan atzeraka goaz, nagusiki gazteen artean.
Lehenengo eguneko hitzaldi nagusiak gizonek berdintasun politiketan betetzen duten eginkizuna jorratu zuen. Ander Bergarak, Emakundeko Lankidetza Instituzionalaren Arloko arduradunak, politika horien historia berrikusi zuen, eta, amaitzeko, Gizonduz proiektuan sakondu zuen, zeina baita Eusko Jaurlaritzaren ekimen aitzindari bat, Emakundek sustatua, xedetzat duena gizonen artean berdintasunaren aldeko kontzientziazioa, partaidetza eta inplikazioa bultzatzea.
Bergarak azaldu zuen berdintasunaren printzipioa Ilustrazioarekin batera agertu zela lehen aldiz, baina hasiera batean printzipio horrek ez zituela barne hartzen emakumeak. II. Mundu Gerra amaitutakoan, eta Nazio Batuen sorrerarekin, berdintasun printzipioak gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna jaso zuen estreinakoz. Hainbat hamarkadetan zehar nazioartean ahaleginak egin badira ere, gaur egun, oraindik, berdintasun politika gutxi garatzen dira munduan. Zorionez, horietako bat Euskadin garatzen da, Gizonduz ekimenari esker. Ekimen horren jatorria Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako 04/2005 Legean dago.
“Matxismo leninismoa”
Bigarren egunean, Maskulinitateen Iberoamerikako eta Afrikako Sareko (RIAM) kide den Julio César Gonzálezek eman zuen hitzaldia, eta azaldu zuen Kuban era askotara izan daitekeela gizon, baina “benetako” gizona izateko “gizonezko ar maskulinoa” izan beharra dagoela. Kubako Iraultzak klaseen edo arrazen arteko desberdintasuna deuseztatzea lortu zuen, adibidez, baina ez, ordea, genero desberdintasuna desagerraraztea. Kuban ohikoa da txiste matxistak entzutea, baina nekez entzun daitezke txiste klasistak edo arrazistak. Bada erdi brometan ”matxismo leninismoari" buruz hitz egiten duenik.
Gonzálezek adierazi zuen “kubatar gizonek segurtasun gabezia ugari dituzte(la), eta, horregatik, beharrezkoa zaie(la) etengabe berrestea euren maskulinitatea”. Hona hemen premia hori egiaztatzen duen datu bitxi bat: Kuban, prostatako minbizia da heriotza kausetan bigarrena gizonen artean. Hasiera batean, eta kontuan hartuta uhartean osasuna unibertsala eta doakoa dela, minbizi mota horrek ez luke halako hilkortasun tasa handia izan behar. Hortaz, nola liteke heriotza kausa ohikoenetako bat izatea? Gonzálezek azaldu zuen: “Minbizi hori antzemateko, ondeste haztapen bat egin ohi da. Aukera horren aurrean, gizon kubatarrek nahiago dute hil penetra ditzaten baino". Gonzálezen ustez, uhartean nagusi den maskulinitate eredua askoz hurbilago dago matxismotik berdintasun eredu batetik baino. Haren iritziz, “eredu hori sexuaren eta kulturaren inguruan eraikitzen da, nagusiki”.
“Kuban, musika eta sexua eskutik doaz. Uhartean arrakasta handien duen musikaren bidez (reggaetoia) transmititzen diren mezuak ez dira aproposenak eraikuntza lan horretarako”.
Berdintasunaren eztabaidak ez du lehentasunik Kuban, eta, oraintxe bertan, badirudi inboluzio bat gertatzen ari dela. Kuba merkatuetara irekitzen ari da, baina, aldi berean, kanpoaldetik iritsitako beste maskulinitate mota batzuen eraginpean dago. Gonzálezen ustez, Kuban izandako migrazio prozesuek eragin dute inboluzio hori, nagusiki Estatu Batuetara emigratu dutenen eraginez. “Azken urteotan, pertsona horien eraginaren ondorioz, berriro ari da zabaltzen familia patriarkalaren nagusitasunaren ideia”.