All news

Kokapen anitzeko mugak

Harrera eta babes politikaren logika alde biko harremanen logikarekin dator bat, giza eskubideen eta nazioarteko itunen logikarekin baino gehiago.

Ana López-Sala CSICeko ikertzaile zientifikoak erabiltzen du kontzeptu hori, migrazio fluxuak mugetako kontrolaren bitartez modulatzeari buruz ari denean.


Espainia EBren kanpo muga da, eta, gainera, barne mugak ditu EBn. Migrazioaren kontrola kanpoko mugan egiten da (itsasoko mugan, hegoaldeko kostaldeei eta Kanariei dagokienez), baita Ceuta eta Melillako lehorreko mugan ere, eta, gero, Frantziako mugan (migratzaileek Europako iparraldera iritsi nahi izaten dute). “Kokapen anitzeko muga aipatzen dudanean, zera esan nahi dut, ezin direla blokeo mekanismoak aztertu dinamikak "hainbat mugatan" lantzen ez badira, eta, are gehiago, iraganbideko migrazioei buruz ari bagara... ” “Ezin da EBko kanpo mugetan soilik eragin analitikoki, baizik eta barne mugetan zer gertatzen den ikusi behar da, eta mugikortasuna erregulazio ugariren mende dagoela kontuan izan, hau da, barne mugaren eta kanpo mugaren arteko elkarguneen mende”.


Luzaroan pentsatu izan da migrazio mugikortasuna lineala eta noranzko bakarrekoa zela, jatorritik helmugara, baina egiaztatu delarik migrazio fluxu hori askotan ez dela prozesu lineal eta jarraitua izaten, “iraganbideko mugikortasuna” kontzeptua txertatu da. “Bidean zehar, migratzaileak gelditu egiten dira, bizi egiten dira, blokeatuta geratzen dira edo erabakia eta ibilbidea aldatzen dituzte”.
Azken 15 urteetan, blokeoa areagotu egin da Espainiako kanpoko mugan. Blokeoa kanpoaldeko mugan, baina dagoeneko “lurralde nazionalaren barruan”. Migrazio kontrola aztertzean, mugara iritsi aurreko prozesuari erreparatzen zitzaion lehen. Maroko eta Mexiko, esaterako, Afrikatik eta Latinoamerikatik Europarantz eta Estatu Batuetarantz doazen fluxuak kontrolatzen dituzten “tapoi estatuaren” adibide garbiak dira.


Azken hamarkadan aldaketa handia gertatu da, blokeoa Espainiako lurraldearen barruan egiten delako. Ana López-Salak gogorarazi du hori gertatzen dela, hein batean, Espainiako kanpoko mugen ezaugarri geografikoak direla eta (sakabanatuak, zatikatuak, periferikoak): Ceuta eta Melilla (kontinentetik kanpo daude), eta Kanariar uharteak (kontinentetik kanpo ere bai). Iristen diren migratzaileak blokeatuta gera daitezke. Gauza bera gertatzen da Ceutan eta Melillan asiloa eskatzen dutenekin. Ceutan eta Melillan aplikatu diren blokeo praktika horiek Kanarietara ere hedatu dira, hein batean, azken bi urteotan ikusi dugunez. Prozesu hori Europako kanpoko mugaren beste testuinguru batzuetan ere ikusi ahal izan dugu, hala nola Grezian eta Italian, horiek bai baitituzte lurralde periferikoak eta uharteak.


Blokeoak ez die guztiei berdin eragiten. Ceuta eta Melillan ikusi dugu. Emigratzaile kalteberaren etiketa duten pertsonak penintsulara igaro daitezke, zentro berezietara, baina, askotan, administrazio erabaki horiek ez dira oso argiak izaten, ez dira gardenak izaten.
Migrazioaren kontrolak –politikak– modulatzen ditu migrazio fluxuak, baina beste eragile batzuk ere badira. Harrera zerbitzuak ematen dituzten boluntarioak; migratzaileen eskubideak defendatzen dituen gizarte zibil aktibista.


Migrazio politikek ondorio oso zehatzak dituzte pertsonengan. “Akademikook ere zapaldu behar dugu migratzaileek zapaltzen duten lurra. Mugako eremuetan, logika eta ikuspegi asko daude, kontrajarriak izan daitezkeen logika eta ikuspegiak”, “Mugak agertoki tristeak dira, etsaitasunezkoak, eta, aldi berean, elkartasuna sakonki bizitzen da agertoki horietan”. Ana López-Salak zioenez, "gaur egun, mugako eremuetan, eskubide eta askatasunei dagokienez, bada gero eta gehiago gertatzen den gauza bat; hain zuzen ere, migratzaileek eta elkartasun aktibistek berek ere pairatzen dituzten kriminalizazio prozesuak.


Elkartasun krimenak terminoa aspalditik aipatzen hasia da. “Europan eta munduko leku askotan, eta Europan bereziki 2015etik, migratzaileekiko elkartasunak mota guztietako administrazio oztopoak ez ezik, elkartasun hori zigor larriagoekin zigortua izateko arriskua ere izan du”.

Ukrainako migratzaileek tratu ona jaso dute, siriarrekin alderatuz gero, eta Ana López-Salaren ustez ez da hori gertatzen den lehen aldia. Espainiak jasotzen zituen asilo eskaerak –batez ere 2015etik aurrera– askoz errazago onartzen ziren nazionalitate jakin batzuen kasuan. Babes politikak selektiboak izaten dira, eta lotura handia dute nazioarteko harremanekin. “Segmentazio bat dago errefuxiatu estatutua edo beste babes modu batzuk merezi dituztenen eta merezi ez dituztenen artean, interes geopolitikoaren arabera”. Harrera eta babes politikaren logika alde biko harremanen logikarekin dator bat, nazioarteko itunen logikarekin baino gehiago, arrazoi geopolitikoengatik.