“Prebentzioa funtsezkoa da eskoletako krisi emozionalei aurre egiteko”, dio Patxi Izagirrek
Psikologo klinikoak prebentzioaren eta laguntza emozional goiztiarraren garrantzia nabarmentzen du hezkuntza-inguruneetan estres post-traumatikoaren eta beste konplikazio batzuen garapena saihesteko
Uztailaren 2an, Patxi Izaguirre psikologo klinikoak eta prebentzioan adituak, hitzaldi bat eman zuen Donostiako Miramar Jauregian. Izaguirrek eskola-eremuko prebentzioari ekiteko funtsezko estrategiak partekatu zituen, eta ikaskuntza-ingurune osasungarriak eta positiboak sustatzearen garrantzia nabarmendu zuen.
Zergatik da garrantzitsua egoera traumatiko baten aurrean hezkuntza - komunitatearen babesa edukitzea?
Komunitatearen babesa edukitzea garrantzitsua da bakarrik ez sentitzen laguntzen duelako. Trauma dagoenean, krisi garaian, oso galduta, bakarrik eta modu konfusionalean gaude, hau da, noraezean. Horregatik, komunitatearen presentzia oso lagungarria izaten da. Askotan shock egoera horretan, norberak erotzen ari dela pentsatzen du, ez dakielako zer gertatu den. Ez du sinesten gertatu dena eta zurrunbilo batean sartzen da.
Nolakoa da prozesu traumatiko baten hasiera? Ikastaroan aipatu zenuen denbora bereziki garrantzitsua dela eta lehen hiru asteetan hasi behako litzatekeela interbentzioa, zergatik?
Bai, aldaketa traumatikoaren garrantzia aipatu nuen ikastaroan. Berria edozein momentutan iritsi daiteke, ez bakarrik hil ondoren, aurretik ere iritsi daiteke, adibidez biopsia baten emaitzetan, sendabiderik ez daukan minbizi mestastasiko bat daukagula esaten digutenean. Momentu horretan egoera paliatiboan sartzen gara.
Burmuinean gertatzen dena, teknikoki, disoziazioa deitzen dugu. Disoziazioa da, alde batetik burua dagoela eta bestaldetik, emozioak eta erdialdean gorputza paralizatuta edo hiperaktibitatean. Horregatik, oso garrantzitsua da hasieran nolabaiteko lotura bat egitea pentsatzen dugun eta sentitzen dugun horretan. Ez bada hori sortzen, ez badugu horretan laguntzen, estres post-traumatiko edo disoziazioaren garapena sortu daiteke. Alde batetik burua eta bestetik emozioa.
Armonia falta batean sortzen da lehenengo zikatrizazioa eta gero askoz zailago da berriro ireki behar dugulako behar den moduan egiteko. Maiz, ez denean ondo lantzen egoera traumatiko bat, hasieran, arrazionalizazioa gertatu daiteke, oso dolu arrazionala edo somatizazio prozesu bat gertatzen da, gorputzak modu konplexu batean erreakzionatzen du, eta gero trauma hori ireki egin behar dugu hura lantzeko.
Zer ondorio izan ditzake etorkizunean trauma baten aurrean hezkuntza-komunitatearen interbentziorik egon ez izanak?
Hasieran hezkuntza komunitatearen interbentzioa lagungarria da agur horretan, erritu horietan parte hartzea, esku honetan gaudenaren seinale da. Bakarrik sentitzen denean pertsona bat dolu prozesuan sartzen da, hau da, oskol barruan, izaera iheskor bat eraikitzen doalako. Zailtasunak ditu laguntza eskatzeko edo ematen dioten laguntza hartzeko. Hasieratik ez bada komunitatean egon edo ez bada ausartu pertsona hori komunitatearekin egoten, hor egon daiteken arriskua da norbera ez ulertua sentitu daitekeela, edo baztertuta, eta bakardade horretan “outsider” bilakatzen da.
Askotan, dolu prozesuaren hasieran jendearekin egotea kostatzen zaio, ez du nahi ezagunekin topatu eta etxean geratzen da. Ez badago babes hori hasieran, hori horrela geratu daiteke gerorantz.
Askotan, kasu hauetan laguntzeko baliabideak ditugun arren, blokeatuta ikusten dugu gure burua shock-aren ondorioz, nola eman genezaioke buelta egoera honi?
Bi ahots daude, zure ahotsa eta nirea. Kasu horietan, bihotzetik egingo dugu interbentzioa. Krisian, iruditzen zait gero eta baliabide gehiago daudela hezkuntzan edo eskoletan, baina didaktikoki, ez hainbeste krisietan. Ikastaroan suhiltzaileak jarri nituen adibide gisa. Ponentzian adibide bat jarri nuen, suhiltzaileen kasua. Kasu honetan, su-itzalgailuak, maskarak, mahukak... dituzte, baina une kritiko horretan, zer egin jakiteko tresnak izan arren, une horietan, eskolen barruan, irakasleak ere dolu-prozesu batean daude, eta lur jota sentitzen dira.
Gaur egun, heriotza baten aurrean, hezkuntza-komunitateek ba al dituzte behar bezala erantzuteko tresnak?
Gauzak onerako aldatu dira, ni behintzat pozik nago. Gero eta material eta sentsibilitate gehiago dago, gainera, gero eta jende gehiagok hartzen du parte horrelako ikastaroetan. Alderdi interbentzionistatik krisia dagoenean, material edo protokolo gehiago daude, baina irakasleek bakarrik sentitzen dira protokolo horiek aplikatzerakoan, nik bereizketa hori egingo nuke. Azken 20 urteetan didaktikoki aurrerapen handiak daude, baina alderdi kritikotik, nahiz eta materiala egon, irakasleen eskuetan dago eta beraiek beldur handia sentitzen dute, ahal duten moduan aplikatzen dute.