Arantxa Urretabizkaia: "Iruditzen zait oraindik emakume askok ez dituztela gauza batzuk egiten, ez debekatuta daudelako, ausartzen ez direlako baizik"
Idazleak zahartzaroaz, emakumeen ibilbideaz eta ausartzeaz hitz egin digu.
Uztailaren 5ean Arantxa Urretabizkaiak hitzaldi bat eman zuen Donostiako Miramar Jauregian, eta zahartzaroari, emakumeen bizi-ibilbideari eta oztopoak apurtzeko ausardiaren garrantziari buruzko gogoetak partekatu zituen bertan. Idazleak zahartzeari buruzko liburu bat argitaratu du, eta gizarteak zahartzaroari buruzko ikuspegi negatiboa nola garatu duen azaldu zuen, eta pertzepzio hori aldatzeko beharra azpimarratu zuen. Gainera, Urretabizkaiak emakumeek bide tradizionaletatik aldenduz egin dezaketen ibilbide anitza azpimarratu zuen, eta guztiei euren amets eta erabakiak ausardiaz hartzeko deia egin zien.
Aipatu duzu gizartea lotsatu egiten dela zahartzaroari buruz, nola aldatu daiteke daukagun ikuspegia?
Hori ez da beti horrela izan, nire belaunaldiko adinekoek ez zuten lotsarik sentitzen zahartzean, hori kontatzen dit nire memoriak behintzat. Harro esaten zuten laurogei urte ditudala, baina azken hamarkada hauetan dikotomia moduko bat bezala onartu dugu:gazte berdin on, zahar berdin txarra eta hor gaude arrapatuak. Lotsa ematen digu zahartzeak, ez dago ondo ikusia.
Nola hasi zinen literatura munduan eta noiztik izan duzu emakume zaharrei buruz idazteko kezka?
Nik urte asko daramatzat honetan, 50 urte baino gehiago, nire izena lehen aldiz azal batean agertu zenetik, 50 urte igaro dira. Niri beti gustatu izan zait irakurtzea, izan ere, batzuetan irakurtzeko ezkutatzen nintzen, amak asko irakurtzen nuela uste zuelako. Halako batean pentsatu nuen niri hainbeste gustatzen zitzaidan hori agian nik ere egin nezakeela. Hor suertatu zen momentu hortan izan nintzela lehenengo emakumea eleberri bat euskeraz egin zuena. Nik ez nuen sumatzen ezer arraroa egiten ari nintzenik. Irakurtzen nituen liburu asko emakumeek idatzitakoak ziren, ez zen ilargira doan lehenengo astronauta izatea. Normala zen idaztea, euskaraz ez hainbeste, baina niretzat ez zen arraroa. Niri naturala iruditu zitzaidan.
Zure liburuetan protagonistak emakume zaharrak ziren, baina ez zenuen nahi amona-maitagarriak izatea, zer emakume mota nahi zenuen erakutsi?
Ibili diren eta amaiera berezia aukeratu duten emakumeak erakutsi nahi izan ditut. Nire belaunaldiko emakumeen ibilbidea orokortzen denean, gehienetan ibilbide tradizionala hartzen dela iruditzen zait: gaztea, ikasketa gutxikoa, lan pixka bat duena, ezkondua, haurrak, amonak, etab. Bide hori da, ziurrenik gehien ematen dena, baina orain eta aurreko mendeetan emakume askok beste ibilbide bat egin dute eta nik hori islatu nahi nuen ipuin honetan. Ez daukat ezer ibilbide tradizionala egiten dutenen edo egin dutenen aurka, bakoitzak nahi duena egiten du, baina adierazi nahi nuen emakume guztiok ez dugula ibilbide tradizional hori egin.
Aipatu duzu emakumeak beti gizon bati lotuta daudela, nola aldatu daiteke hori?
Ez dakit, nik hartarako ahalmena banu abnegazioa debekatu egingo nuke kodigo penalean. Zure gaitasun handiena besteei emateko duzun gaitasun hori da, eta norbaitek bide hori hartu nahi badu, har dezala, baina kontuan izan behar da, ama, alaba edo amona izanda ere, zu zeu zarela eta zure bizitzako erabakiak zureak direla. Hori nola lortzen den ikusita, zaila da, baina ez goaz bide txarretik.
Zer mezu nahi diezu transmititu emakumeei?
Nik ez dut mezurik jartzen, istorio bat kontatu nahi dut, irakurleari interesatzen zaiona. Iruditzen zait oraindik emakume askok ez dituztela gauza batzuk egiten, ez debekatuta daudelako, ausartzen ez direlako baizik. Ez dago debekatuta nobela bat idaztea, ausartzen ez direlako da, beste gauza askotan bezala. Mezu bat bidaliz gero, ausartzeko esango nieke, ez dela ezer gertatzen.