Toutes les nouvelles

Amaia Ispizua: "Informazioa boterea da, prozesua ezagutzeak zure eskubideak ondo borrokatzen laguntzen dizu"

Musika sustatzaileak merkatu digitalaren eragina, sare sozialen rola eta auto ekoizpenak artista berrientzat duen garrantzia aztertu ditu.

Amaia Ispizua Donostiako “Get In” enpresako sustatzaile eta managerrak, hitzaldi bat eskaini zuen Donostiako Miramar Jauregian Streaming bidezko musikari buruz Eresbilek antolaturiko Uda Ikastaroan. Bertan musikaren industriaren aldaketei eta gorabidean dauden artisten erronkei buruzko bere ikuspegia partekatu zuen.

Nola dago salmenta fisikoaren eta digitalaren egoera gaur egungo merkatuan?

Salmenta fisikoa erabat jaitsi da diskoetxeetan, guk ez ditugu diskoetxe lanak egiten “Get in”-en baina merkatuaren aldaketa honek bete betean eragiten digu. Salmenta digitala erabat igo da azkeneko hamabost urteetan, %85-eko igoera izan du, eta aldiz, salmenta fisikoa jaitsi egin da. Horrek esan nahi du artista guztiak plataformetan daudela eta gu promotore eta manager bezala, oso adi egoten gara azkeneko joerekin, artista berriak entzuteko eta interesgarriak badira fitxatzeko.

Zeintzuk esango zenituzke direla sare sozialen abantailak eta desabantailak?

Abantaila eta desabantaila asko dituzte sare sozialek ere. Streaming-aren joerarekin parekatuko nituzke, ze sare sozialak ere musika helarazteko plataformak bihurtu dira, ez bakarrik komunikatzeko, baizik eta musika erakusteko. Nik esango nuke artistentzat beraien musika erakusteko eskaparate handiak direla sare sozialak. Orain TikTok ari da batez ere nabarmentzen. Horien eraginez areagotu egiten da artisten ikusgarritasuna.

Bestalde, nik uste dut desabantaila nagusia kalitate falta dela, artista askok beren etxeetan grabatzen baitute. Hori oso ondo dago, gastuak jaisten direlako, baina aldi berean ez da berdina estudio batean grabatzea.

Nola bermatu daiteke euskararen erabilera?

Hori guztion erronka da, nik uste dut gizarte osoaren erantzukizuna dela. Niri, hitzaldi hau prestatzeko, adibidez, kostatu egin zait hainbat hitz ingelesetik itzultzea, ze gero eta mailegu gehiago hartzen ari gara. Hitz asko, adibidez sunset edo streaming, hainbat hitz barneratu ditugu gure eguneroko hitz egiteko eran. Atzo, adibidez lagun batek esan zidan sunset-a ikustera joango zela. Esango nuke komenigarria dela euskarazko hitzak baliatzea, bestela gure nortasuna galduko dugu laster.

Ikastaroan editoreen lana azpimarratu duzu, zer funtzio betetzen dute industria honetan?

Editoreek lan oso garrantzitsua egiten dute, ikastaroan “sinkroak” aipatu ditut bereziki, musikari baten katalogotik publizitatean, zineman edo iragarkietan sartzeko egokia den musika hautatzea. Editoreek lan ugari egiten dituzte baina horien artean funtzio hau azpimarratu dut, artista batentzat bere musika posizionatzeko interesgarria dela pentsatzen baitut.

Askotan, artista berriek zailtasunak izaten dituzte diskoetxeetan sartzeko, nola aldatu daiteke egoera hau?

Zaila da hastea. Nondik hasten zara? Nora zoaz? Asko Internetetik hasten dira. Zerbait egiten badute deigarria dena edo ikusgarritasuna lortzen duena gero diskoetxe konbentzional bat etorriko da haien bila. Nik esango nuke garrantzitsua jarraitzea dela, abesti batek ez badu ikusgarritasunik izan beste bat egin, igo, saltsan ibili. Garrantzitsua da baita ere auto produkzio mundu horri buruzko pauso guztiak ezagutzea, informazio boterea da eta dena egiten baldin badakizu, gero diskoetxe konbentzional batean ondo borrokatuko dituzu eskubideak. Nola masterizatzen den jakingo duzu, postprodukzio bat nola egiten den… eta hori oso informazio garrantzitsua da.