“Lanean jarraitu behar dugu euskal gizartean emakumeak merezi duen lekuan kokatzeko”
“Bertsolaritza leiho moduko bat euskal gizartea ulertzeko” azpimarratu du Jone Miren Hernández-ek, EHU-ko irakasle, antropologia aditu eta kazetariak, gaur “Txapelatik gobarara. Emakumeak, feminismoa eta genero ikasketak azkeneko hiru hamarkadetan” ikastaroan. Hernández-ek, 1935ean lehenengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa ospatu zenetik, 2009an Maialen Lujanbio-k txapelketa berdina irabazi zuen arte, tarteko trantsizio hartan gertaturiko aldaketetan eta bilakaeran jarri du begirada gaurkoan.
Azkeneko urteotan, gure gizarteak hainbat aldaketa antropologiko eta soziologiko bizi ditu. Lehenik eta behin, hizkuntza, hitzak eta bertsolaritzak gizartearekin izan eta gaur egun duen lotura. Bigarrenik, bertsolaritza garaikideak euskal kulturaren “ikur” bihurtzeko egin behar izan duen ibilbidea. Eta azkenik, bertsolaritzaren “eszenatokian” genero ikuspegiak eta feminismoak eskuratutako presentzia.
Hizkuntza, hitzek eta bertsolaritzak gizartearekin duten lortura
Hizkuntza, kultura sortzeko, testuinguruan eragiteko eta kultura sortzeko daukagun instrumentua da. “Hizkuntzaren bitartez kultura egiten dugu, eta kultura, hizkuntzan txertaturik dago”. Praktika bat ere kontsideratu daiteke hizkuntza, non botere izugarria dago bere barnean. Gizarteak, hizkuntzaren boterea generoaren arabera sailkatzen du Hernández-en ustez. Alde batetik, hitza eta boterea gizonekin erlazionatzen dira. Bestetik ordea, hitza eta hezkuntza emakumearekin askoz lotuago daude.
Alderdi nazionalistaren sorrera lan banaketa horren erruduna izan zen. Garai hartan, emakumeak biologikoki ama izateaz aparte, hizkuntzaren amak ziren ere. Beraien betekizuna, euskara erakustea, zaintzea, babestea eta irakastea zen, hura zen beraien “zeregin soziala”.
Gizonak ordea, “hitz ematearen” kontzeptuarekin lotzen ditu Hernández-ek. “Hitza zerbait bazen, gizona zen, eta gizona zerbait bazen, hitza zen”.
60. hamarkadan, Euskal Herrian hainbat aldaketa gauzatu ziren, eta hizkuntza jartzen da euskal nortasunaren definizioaren oinarrian. Momentu honetan, eta euskalgintzaren sorrerarekin batera, maskulinizazio prozesu bat gertatzen hasten da ere, non emakumeek hizkuntzarekiko zuten indarra gizonek hartzen dute.
Bertsolaritza garaikideak euskal kulturaren “ikurra” bihurtzeko egindako ibilbidea
Bertsolaritzari erreferentzia egiterakoan, bere jatorria oraindik argitu gabe dagoela azpimarratu beharra dago. Hala ere, adituek 1801 urtean kokatzen dute bertsolaritzaren sorrera, lehengo bertso desafioaren froga dokumental bat baitago. “Nire ustez, gaur egungo bertsolaritzaren garaia 1930 urtean gertatzen da, Manuel Lekuona-k bertsolaritzaren inguruan lehenengo teoria azaltzen ausartzen da eta. Bere ustez, bertsolaritza ahozko literaturan kokatuko litzateke; gainera gorputza eta egitura ematen dizkio muga batzuk jarririk”.
Prozesu honetan hitzaren erritualizazioa gertatzen hasten da eta aditu batzuen ustez, “bertsolaritza joko bat da”. Zer esan nahi du horrek? Lehia bat dela, oso egituratua dagoen eta irabazle bakarra behar duen ekintza. “Gaur egun txapelak duen indarra fenomeno honetatik dator”.
Bertsolaritzaren “eszenatokian” genero ikuspegiak eta feminismoak harturiko papera
Hernández-ek azpimarratu duen bezala, emakumeek 80-90eko hamarkadan hasi ziren indarra hartzen; saioen antolatzaile, epaile eta bertsolari moduan parte hartzen. Ordura arte, ezezagunak ziren lehenengo emakume bertsolarien izenak geroz eta ohikoak egiten hasi ziren. Baina ez hori bakarrik, garai hartan “Mari-ren istorioez bakarrik idazten zen, eta hamarkada hartan argitaratu zen “Mujer Vasca”, benetako euskal emakumea bultzatzen zuen liburua.”
Urteak aurrera joan hala, argi ikusten da “bertsolaritzaren kanona” gizonezkoena izaten jarraitu dela, baina ez hori bakarrik, orain dela gutxi arte emakumeen bi eredu nagusi bereizten ziren: dragking-ak eta dragqueen-ak. Lehenengoak, ez zuten inongo zalantzarik jartzen bertsolariak zirenik, baina dudatan jartzen zen ea benetako emakumeak zirenik. Zergatik? Ez zirelako “oso erakargarriak” batzuek ustez. Bigarrenak aldiz, panpinak ziruditelako, eta “panpinak, ezin zuten benetako bertsolariak izan”.
Momentu honetan, ondorio argirik gabe baina aurreko etapak pasa ditugu. “Gaur egun berdintasunaren fenomenoa eszenatokian dugu eztabaida moduan, eta oso ondo isladatzen du gizartean gertatzen ari dena. Guretzako halako fenomenoak erronkak dira, eta erronka hauetan lan egiten jarraitu behar dugu”.