Askotariko hartzaileei, bereziki gazteei, zuzenduriko eskaintza UPV/EHUren Uda Ikastaroen (UIK) 42. edizioan
Ezagutzaren alde jakin-mina piztu nahi da aurtengo edizioan
- Gazteek ezagutzaren plazan parte hartzea, beraien ekarpenak egitea eta UPV/EHUren Uda Ikastaroez gozatzea sustatu asmoz, eskaintza berezia prestatu dugu.
- Hezkuntzan berrikuntza eta hizkuntzaren transmisioa txertatu asmoz, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan Irakasteko ikasten eta Prest gara programa arrakastatsuei jarraipena emango zaie.
- Irizar Kooperatibak babesturiko bizitzaren bidaia programa bereziari esker, besteak beste, Jose Migel Barandiaranen unibertsora hurbilduko gara.
- Arteak eta kulturak tarte berezia izango dute: gai askoren artean, Igor Yebra eta Lucia Lacarra dantzarien ikastaroa eta Anjel Lertxundi idazlearen obrari buruzko monografikoa izango dira UIK-ren baitan.
Gaur goizean, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailburuak, Koldo Telleria Irizarko pertsona arloko zuzendariak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Itziar Alkorta UPV/EHUren Uda Ikastaroen (UIK) zuzendari akademikoak 42. edizioa osatuko duten zenbait programa espezifikotako edukiak aurkeztu dituzte Donostiako Miramar jauregian.
Aurten, bereziki, 25 urte arteko gazteek ezagutzaren plazan parte hartzea, beraien ekarpenak egitea eta Uda Ikastaroez gozatzea sustatu asmoz, eskaintza berezia prestatu dugu eta izena-ematerakoan, erraztasunak izango dituzte. Maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.
Ekainaren hasieratik irailaren amaiera bitartean askotariko hartzaileei zuzenduriko 152 ikastaroz osaturiko eskaintza interesgarria izango dugu. Uda sasoiaz harago, urte osoan zehar modu iraunkorrean ari gara UIK-ren gerizpean online ikastaroak, workshop-ak, Donostia Sustainability Forum ekimenak eta ikastaroak aurrera eramaten.
42. edizio honetan bederatzi erronka nagusi izango dira ardatz: gazteak hizpide; giza eskubideak ortzi-mugan; hezkuntzaren eta hizkuntzaren etorkizuna; bizi-kalitatea oinarri; kultura eta artea; iraunkortasuna; ekonomia soziala; digitalizazioa eta adimen artifiziala.
Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak azpimarratu duenez, "Aurtengo UPV/EHUko Uda Ikastaroek gaur egungo gizarteak dituen hainbat erronkei buruzko hausnarketa egiteko aukera paregabea eskaintzen jarraitzen dute. Horretarako, gai egokiak aukeratzeaz gain, arlo bakoitzean aditu eta arituak diren hainbat pertsonen konplizitatea batzea lortu du formatu egoki baten inguruan.
UPV/EHUko Uda Ikastaroei esker errealitate aberats bezain konplexuari era berezi batean begiratzen diogu, ikastaroak eskaintzen diren leku eta espazio ezberdinetara hurbiltzen direnen artean aparteko konplizitate berezi bat sortzen delarik. Gaur egungo munduarekin konektatzeko edota konektatuta jarraitzeko Uda Ikastaroetara hurbiltzeko gomendatuko nieke bakoitzak bere lekua aurkitzeko aukera izango duelako."
Programa bereziak, lankidetzan
Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera eta Irizarrekin elkarlanean garatutako programak aurkeztu dituzte erakunde horietako arduradunek. UIK-ren balio nagusienetakoa da lankidetza eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin eta Irizar Kooperatibarekin ezagutzaren zabalkundean egindako ibilbide aberatsa aitortu eta eskerrak luzatu dizkie, bi erakundeei, Itziar Alkorta UIK-ren zuzendari akademikoak.
Hezkuntzaren berrikuntza sustatzeko programa
1993. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta UIK-k elkarlanean diseinatzen eta garatzen dugu EAEko irakasleei zuzendutako eskaintza.
Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak adierazi bezala, elkarlan horren bitartez, bi erakundeok lankidetzan jarduten dugu berrikuntza hezkuntzan txertatzeko lanetan.
Elkarlan horren barruan sartzen dira “Irakasteko ikasten” eta “Prest_Gara” programak.
Sailak bere estrategia nagusiekin bat datozen ikastaroak (Uda Ikastaroak, online ikastaroak…) homologatzen ditu unibertsitatez kanpoko irakasleek beren eskumenak berritu ditzaten. Jarduera horiek “Irakasteko Ikasten” programan sartzen dira. Irakasleek deskontua lortzen dute ikastaro horien matrikulan. Aurten aurrez aurreko 20 ikastaroz osatutako eskaintza izango da udaran zehar. Horiez gain, online formatuko 8 ikastaro izan dira urtarriletik ekaina bitartean eta udazkenean gehiago izango dira.
Aldi berean, homologatutako ikastaroetatik 12 jarduera txertatu dira “Prest_Gara” eskaintzan. Ikastaro bakoitzerako 20 plaza eskaintzen dira programa honen baitan.
Berrikuntzari loturik, adibide bat jartze aldera, Adimen artifiziala eta etika: ikasleentzako adimen artifizialaren etika aztertzeko plana ikastaroa izango da ekainaren 26an eta 27an. Boladan dagoen gaia da, eta tentuz jarraitu eta egokitu beharko dugu erreminta berriek dakartzaten onura eta arriskuetara.
Hizkuntzaren transmisioa gaia ere lehen lerroan dugu garaiotan eta horri loturik, Hizkuntza-garapen ez-tipikoa haur elebidunengan: diagnosia eta esku-hartzea ikastaroa izango da irailaren 15ean eta 16an.
“Bizitzaren bidaia”, Irizar-en eskutik
Koldo Telleria Irizarko Pertsona Arloko Zuzendariak aipatu moduan, 18 urte dira, jada, Irizarrek UPV/EHUren Uda Ikastaroetan parte hartu eta Bizitzaren bidaia izeneko programa berezia babesten duela.
Edizio honetako “Bizitzaren bidaia”-n, haurtzaroan zein nerabezaroan gai garrantzitsua den eskola-jazarpenari aurre egiteko programei buruz ariko gara eta Jose Migel Barandiaranen unibertsora hurbilduko gara.
Bizitzaren bidaian haurtzaroa eta nerabezaroa etapa garrantzitsuak dira eta garai horretan gertatzen diren eskola-jazarpenei aurre egiteko dauden hainbat programa ezagutzera eman asmoz eta teknologia berriek duten eraginez ohartzeko Jokabide oldarkor edo agresiboa haurtzaro eta nerabezaroaurrean: haserrealdietatik eskola jazarpenera ikastaroa izango dugu uztailaren 13an eta 14an, Eider Pascual eta Aitziber Azurmendi zuzendarien eskutik.
Irailaren 7an eta 8an, Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta euskal Mitologiara Uda ikastaroa izango dugu Jose Antonio Mujika-ren zuzendaritzapean. Barandiaranek bizitzan zehar landutako ikerketa lerro nagusietara hurbilduko gara: Arkeologia, Etnografia/Antropologia Kulturala eta Mitologia. Ikastaroa Ataunen izango da eta Barandiaranen landa ikerketa hurbiletik ezagutzeko Aralar mendilerrora irteera bat egingo da.
TopaGune, herritarren arteko topaketa aktiboak sustatuz
2020an abiarazi zen TopaGune programarekin jarraituko da edizio honetan; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantza Departamentuarekin elkarlanean sortu genuen TopaGune herritarren arteko topaketa aktiboak sustatzeko asmoz, politikaren eta gizartearen arloko parte-hartzean urrats aktiboak egin ditzaten.
Aurten 4 TopaGune egingo dira:
Esperientziaren ahotsak: gizarteratzea lortzeko bidean parte hartzea, autodeterminazioa eta ahalduntzea. Uztailaren 17an izango da, Irati Frailek eta Francisco Javier Leturiak zuzenduta. Azken honek zuzenduko du uztailaren 18an, gai berari lotuta, antolatu den Inklusiorako trantsizioa: parte-hartzea, autodeterminazioa eta ahalduntzea sustatzeko eredu eta ikuspegiak ikastaroa.
Bi ikastaro hauen helburua da, besteak beste, gizarte-zerbitzuen erabiltzaile diren pertsonen parte-hartzeko eta autodeterminatzeko duten eskubideari buruzko hausnarketa bultzatu eta erraztea eta, era berean, garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko prozesuen ahalduntzeak duen garrantziaz hausnartzea.
Irailaren 6an eta 7an, Sexualitateak emakumeen ikuspuntutik izenburupean antolatu den Uda Ikastaroan sexualitateak ikuspegi positibo eta aberasgarritik eta lantze-baliotik landu nahi dira, sexualitatea emakumearen garapenaren prozesu dinamiko eta ebolutibo gisa ulertuz eta, beraz, bizi-trantsizio guztietan sexualitatearen ezaugarriak aztertuz. Maria Dolores Calle eta Mª Lourdes Perez dira ikastaro honen zuzendariak.
TopaGune proiektuaren baitan, azkenik, irailaren 11 eta 12an Igor Ahedok eta Andere Ormazabalek zuzenduriko Ekintza komunitarioa bazterretik eta absentzietatik ikastaroa izango da. Ikastaro honen helburua gizarte-azpiegitura ehuntzeko erakundeek zein elkarte-sareak bultzatutako ekintza komunitarioaren erronka eta aukeretara hurbiltzea da.
TopaGune programaz harago, parte hartze eredu ezberdinetan sakonduz, ikastaroetan parte hartzen duten eragile guztien partaidetza sustatzeko metodologia ezberdinak baliatuko dira hogeitik gora Uda Ikastarotan.
Gazteei zuzendutako eskaintza zabala
Programa zehatzez harago, askotariko gaiak jorratuko dira UPV/EHUren Uda Ikastaroetan (UIK). Guztiei buruzko informazioa argitaratuta dago UIK-ren webgunean eta matrikulazioa irekita egongo da ikastaro bakoitza hasten den egunera arte.
Lagin bat aipatze aldera, zenbait ikastaro nabarmendu ditu Itziar Alkorta UIK-ren zuzendari akademikoak gaurko agerraldian, eta, bereziki, gazteei zuzenduriko ikastaroak azpimarratu ditu: surfa, musika, iraunkortasuna… gazteen interesekoak diren hainbat gai izango baitira aurtengo edizioan.
Surfak gozamenarekin batera osasunean dituen onurak ezagutzera emateko, surfeko “gazte” komunitatea elkartu eta ezagutzak partekatzeko eta biztanlegoa surfa praktikatzera animatzeko Itsaso Gaztañagak zuzenduriko Surfa eta bere onurak osasunean ikastaroa izango da uztailaren 13an eta 14an.
Gazteei begira antolatutako eskaintzarekin jarraituz, Musika bizi: musikaren errealitatea hizpide ikastaroa izango dugu irailaren 7an eta 8an. Marina Landak eta Ion Andoni del Amok zuzendurik musikaren inguruko galdera zabalak egin eta bertaratutakoen artean gogoeta egin eta eztabaidatzea da asmoa, musikaren gaineko begiradak uztartu eta aberasteko. Hizlarien artean musikariak akademikoak eta kazetariak izango dira.
Data berean, irailaren 7an eta 8an, Ingurumen gaiak gazteekin eta gazteentzako nola komunikatu ikastaroa izango da, ingurumen informazioko kazetarien erakundeak (APIA) eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen kudeaketarako sozietate publikoak (Ihobe) antolatuta. Hainbat gai landuko dira: zerk mugiarazten ditu gazteak eta zer kanaletan dauden; nola egin diezaiekegun aurre klima krisiari eta beste ingurumen erronka batzuei; ingurumen jardunbide egokiak sare sozialen bidez… Ikastaroa bereziki praktikoa izango da, Itsasontzi esperientzia bat eta hainbat tailer ere (TikTok, podcasting eta zinema) barnebiltzen ditu.
Lucia Lacarra eta Igor Yebra nazioarte mailako bi euskal artisten ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da uztailaren 3an eta 4an. Dantzarekin lehen pertsonan harremanetan jartzea da helburua protagonistek beraiek kontatuta. Motibazio-ikastaroa da, esperientzia-gela bat, eta bertaratzen direnek dantzaren arlo profesionalean arrakasta lortzeko beharrezkoak diren trebetasunak eta gaitasunak ezagutu ahal izango dituzte.
Iratxe De Arantzibiak zuzendurikoa da Lucía Lacarra e Igor Yebra, el know -how de las estrellas vascas de ballet Uda Ikastaroa.
Uda Ikastaroen baitan eskainiko den jardueraz gain, Igor Yebra dantzariak 90 minutuko masterclass-a eskainiko du uztailaren 3an, 17:00etatik 18:30era Errenteriako Dantzagunean. Ikastaro honetako parte hartzaileentzat, edo hauen zuzeneko senideentzat, 10 plaza gorde dira masterclass-ean matrikulatu ahal izateko, 10€ soilik ordainduz. Masterclass-ean parte hartzeko dantza maila aurreratua eta 12 urtetik gora izan beharko dira. Uda Ikastaroan parte hartuko duten matrikulatu guztien artean zozketa egingo da ekainaren 9an.
Anjel Lertxundi, idazlea eta obra izango dira hizpide ekainaren hondarrean, 28an eta 29an, Miramar Jauregian. Euskal literaturaren izen handi bat eta bere obra literatur ikasketen erdigunean jarri nahi dira bi helburu nagusirekin: Anjel Lertxundiren obra ezagutaraztea, horren oparotasuna eta kalitatea nabarmenduz; eta, bestetik, Lertxundiren literaturgintzak ikergai gisa duen interes handia agertzea, ikerketa eremu berriei ateak zabalduz. Beatriz Zabalondoren eta Alexander Gurrutxagaren zuzendaritzapean eta Zarauzko Udalak lagunduta antolatu da. Ekainaren 20an, Zarauzko udalaren eskutik, kultur merezimendu domina jasoko du Anjel Lertxundi idazleak.
Ukraniako gerrak ezbaian jarri ditu nazioarteko itunak, bizitza eskubidea… demokraziaren krisia agerian utziz. Ekainaren lehen bi egunetan Demokrazia eta Gobernantza: nola egin aurre demokraziaren krisiari? Ikastaroaren baitan demokraziaren krisiaren aurrean administrazio publikoak dituen erronkak izango ditugu eztabaidagai, eta lankidetzazko gobernantzaren kontzeptua aztertuko dugu sakon, erakunde publikoen eztabaidarako espazioa eta ekintza demokratikoa indartzeko estrategia gisa hartuta. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna eraiki kasuaz gain, lankidetzazko gobernantzako beste estrategia batzuk ezagutzeko aukera izango dugu.
Uda Ikastaroen inaugurazioa
UPV/EHUren Uda Ikastaroen 42. Edizioaren hasiera ekitaldia ekainaren 13an izango da, 17:00etan, Donostiako Miramar Jauregian. Bertan, Constanza Tobio Soler Soziologian Katedradunak “Zientziak emakumeak deskubritzen ditu” izeneko hitzaldia eskainiko du.
Matrikula eta esker onak
42. edizio hau ez litzateke posible izango UPV/EHUren Uda Ikastaroen Batzorde Antolatzailearen eta Donostia Sustainability Forum ekimeneko kolaboratzaileen aldetik jasotako laguntza eta konfiantzarik gabe; eskerrik asko BBVA Fundazioari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari; baita Zikloetako eta Uda Ikastaro bakoitzeko erakunde laguntzaileei ere, proiektu ilusionagarri hau egia bihurtzen laguntzen digutelako. Eskerrak, halaber, gure komunitatea osatzen duten Uda Ikastaroetako zuzendari, hizlari eta ikasleei, aurre egin behar diogun aro berri honetan erreferentzia izateko inspirazio iturri direlako guretzat.
Matrikula egiteko epea zabalik dago, jarduera hasten den egunera bitarte; publiko guztientzako moduko proposamenak biltzen dira: mundu akademikoa, ikerketa, profesionalak, erakunde publikoak, ikasleak eta, oro har, gizarte osorako.
Matrikula erraz egin daiteke www.uik.eus atarian.