Berri guztiak

Bizitzaren bidaia egitasmoaren edizio berria Irizar kooperatibari esker

  • UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak eta Irizar kooperatibak 2009tik duten lankidetza berretsi dute gaur Miramar Jauregian izandako ekitaldian.

  • Bi erakundeek elkarlanean antolatzen duten Bizitzaren bidaia programaren baitan herritar orori zuzenduriko interes orokorreko Uda Ikastaroak eskaintzen dira urtero.

  • Lankidetzaren hamaseigarren edizioaren baitan, uztailaren hasieran heriotzaren pedagogiari buruzko Uda Ikastaroa izango da Donostiako Miramar Jauregian eta, irailaren hasieran Jose Miguel Barandiaranek arkeologia, etnografia eta euskal mitologiara egindako ekarpena aztertuko da Ataunen egingo den Uda Ikastaroan.

Donostiako Miramar Jauregian elkarlanerako akordioa berretsi dute gaur Irizar Kooperatibak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK). Koldo Telleria Irizar Kooperatibako pertsonaleko zuzendariak eta Itziar Alkorta UIK-ko zuzendari akademikoak hartu dute parte ekitaldian.

Aipaturiko ordezkariek elkarlanak bi erakundeentzat duten garrantzia azpimarratu dute, eta ezagutzari dagokionez bi erakundeek partekatzen dituzten balioak izan dituzte hizpide.

Koldo Telleria Irizarreko ordezkariak nabarmendu duenez “ezagutza sustatzea eta sustatzen laguntzea beti izan dira Irizarrentzat arrakastaren sinonimo eta hori herritar guztientzat zabaldu ahal izatea ilusio handiz jorratzen dugun erronka da. Gure filosofian beti izan dira oinarri sendo ezagutza eta etengabeko ikasketa. Elkarlanaren 16. ekitaldia hastera goazen honetan gu inoiz baino konbentzituago gaude gure apustuarekin. Ikastaroetako partaideek transmititzen duten ikasteko grin horrek eta jardunaldi ezberdinetan jorratzen diren ideiak eta gaien aniztasunak asko motibatzen gaitu. Irizarren egunero egiten dugu etorkizun hobe baten alde lan eta iruditzen zaigu horrelako proiektuekin kolaboratzea etorkizun hobe baten alde lan egitea dela”. Telleriak aditzera eman du halaber Uda Ikastaroek kooperatibari eta haren inguruari ematen dioten balioa eta urte askotan elkarlan honekin jarraitzeko asmoa berretsi du.

Itziar Alkorta UIK-ko ordezkariak, Irizar kooperatibari eskerrak emanez hasi du bere hitzaldia. Alkortaren hitzetan “Bizitzaren bidaia egitasmoa garrantzitsua da UIKrentzat, hain zuzen ere, ezagutza hiritarrengana hurbiltzeko aukera eman digu eta pentsatzen dugu datorren urteetan ere, egitasmoan sakonduz, Euskal Herriko txoko guztietara heltzeko aukera izango dugula Irizarri eta Bizitzaren bidaiari esker”.

Bizitzaren bidaia, 2024ko eskaintza

Aurten bi Uda Ikastaro izango dira Bizitzaren bidaia egitasmoaren baitan:

Kalitatezko hezkuntza baterantz: Heriotzaren pedagogia

Uztailaren 1 eta 2an heriotzaren eta doluaren pedagogiaren inguruan hezkuntza komunitatean izandako esperientziak eta adituen ezagutzak partekatzeko aukera izango da Miramar Jauregian. Hil Argi Elkarteko Nire Erkiagak zuzenduriko ikastaro honetan gaian adituak eta esperientzia sakona duten kideak ariko dira. Programa eskuragarri da hemen

Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta euskal mitologiara (II)

Irailaren 5ean eta 6an, Ataunen, Jose Migel Barandiaranen bizitzan eta lanetan sakontzeko eta arlo-ezberdinekoak egin zituen ekarpenak balioan jartzeko eta gizarteratzeko asmoz bi eguneko Uda ikastaroa izango da. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Jose Antonio Mujikak zuzenduriko ikastaroak hainbat adituk hartuko dute parte. Programa ikusgai da hemen.