Berri guztiak

Brasilgo justizia kriminalaren sistema gero eta gehiago da erantzukizunik aitortzen ez duen “akordioen” sistema bat

Kolonbiako Bake Akordioen ostean FARC gerrilla lurraldetik erretiratu ondoren, Amazoniaren deforestazioa areagotzen ari dira Hego-ekialdeko talde kriminalak (Primeiro Comando da Capital, Sao Paulokoa, eta Comando Vermelho, Riokoa), milizia parapolizialak eta enpresa ustiatzaileak.

Eduardo Saad Sao Pauloko Unibertsitateko (USP) irakasle eta REPMULT programako ikertzailea (Adan Nietok Gaztela-Mantxako Unibertsitatean zuzendutako programa) hizlari izan da Biktimologiaren Nazioarteko 17. Sinposioan, eta Brasilgo egoeraren berri eman du, Bolsonaroren agintaldian gertatzen ari diren ingurumen delituen testuinguruan.


Sinposioan salatu duenez, pandemiaren garaian Amazoniako 5.000 indigena inguru bakartu zituzten, “berariaz”. Konstituzioak babesten dituen lurraldeetan bizi diren pertsonak dira (“terras demarcadas”), non interes handiak dauden baliabide naturalak ustiatzeko eta ganaduaren bazkari eta soia landaketari begira lurraldea eraldatzeko. Bolsonaro 4 aldiz salatu dute jada Nazioarteko Zigor Auzitegian.

Bi kasutan, salaketak bertan behera gelditu ziren; beste bietan, artxibatuta. Eduardo Saadek probokazio puntu batez adierazten duenez, “Nazioarteko Zigor Auzitegiak, horrela jokatzean, genozidio bigun moduko baten figura sortu zuen, 5.000 pertsona ez zirelako nahikoak izan egintza bat genozidiotzat hartzeko. Zenbat hildako gehiago behar dira gertaera hori kalte sozial esanguratsutzat hartzeko, genozidiotzat?”.


Eduardo Saadek kalkulu bat egiten du: hainbeste arazo baditugu genozidio kasu bat egozteko, zenbat arazo izango ditugu Ekozidio delituen interpretazioan? Nola jokatuko dute epaileek, ikuspegi progresista batetik, ingurumenaren aurkako delituetan? Oker ez banago, desafioa da portaeraren mailakatze egoki bat sortzea, ingurumenaren kontrol sozialaren estrategiak konbinatuz fundamentu handiagoz. USPko nire ikerketak bide horretan doaz.


Joao Gianecchinirekin eta USP Business & Human Rights taldearekin batera, aztergai dira Bolsonaroren gobernuaren erregulazio atzerakadak, D. Trumpen aroan AEBen gertatu zenarekin alderatuta. “Harrigarria da ikustea nola erreproduzitzen ari den Brasilen mimetikoki AEBetan gertatu zen erregulazio atzeraldia. Neurriak ez dira zorrotz aplikatzen eta, horrez gainera, agintari fiskalizatzaileek batere eraginkortasunik gabe jokatzen dute”.


Eduardo Saadek bere buruari galdetzen dio ez ote diren Brasilentzat ikasgai garrantzitsu izango Joe Bidenen gobernuaren ahaleginak “biraketa erregulatzailea” (regulatory turn) gauzatzeko Trumpen ingurumen politikei dagokienez. Gai izango gara gure turn-a egiteko? Eta hori dio, hain zuzen ere, Brasilen hauteskunde garaian daudelako, eta beharbada orain da unea (ez hauteskundeetan hartzen diren konpromiso ugarien ondoren) zehaztasunez argitzeko zeintzuk diren ingurumena babesteko lehentasunak.

 
Gaur egun, Amazoniak atmosferara igortzen du xurgatzeko gai dena baino karbono gehiago, eta martxan dago eskualde horren “savannizazioa”. Deforestazioa konponezina da jada leku askotan eta beroketa globala areagotzen ari da modu esanguratsu batean.    
Eduardo Saad ikertzen ari da Amazonia ustiatzen ari diren talde berriak. “Kolonbiako bake akordioen ondoren FARC gerrilla erretiratu zenean, libre gelditu zen aberastasun handiko lurralde bat, eta Sao Pauloko PCCk (Primeiro Comando da Capital) eta Rioko CVk (Comando Vermelho) okupatu zuten. Drogaren komertzioan baino, interes askoz handiagoa dute beste ‘merkatu nitxo’ etekintsuago batzuetan, hala nola zuraren edo urrearen legez kanpoko merkataritzan eta oihanaren deforestazioan, korporazio handiek abeltzaintzaren eta sojaren negozioa zabaltzen jarrai dezaten”. Homizidioaren lorratza zabaltzen ari da Brasilgo hego-ekialdetik iparrerantz, eta dena da posible, talde kriminalen, milizianoen (talde parapolizialak) eta enpresa ustiatzaileen ekintza bateratuaren ondorioz. Horregatik, Eduardo Saadek proposatzen du Amazoniaren Kriminologia bat sortzea, urratsak egiteko ingurumenaren defentsan. 


Haren ustez, kontuan izan behar dira ere oraindik ekozidiotzat hartzen ez diren ingurumen injustiziak, Mariana eta Brumadinho meategien tragediak, non hondakinetarako eustormak erori eta 700 km2 lur desagertu ziren (gaizki eraiki ziren, kostuetan aurrezteko). 2 kasu planteatu ziren justizia administrazioan, erantzunik izan ez zutenak. “Justizia administrazioa ez da gai kudeatzeko horren gai konplexuak. Besterik gabe, “akordioetara” iristen dira, enpresak bere gain erantzukizunik hartu gabe eta kaltea zehaztu gabe. “Zoritxarrez ikusten ari garena da Brasilgo justizia kriminalaren sistema bihurtzen ari dela enpresen oso aldekoak diren akordioetan oinarritutako sistema bat, haiei inolako erantzukizunik egozten ez diena”. Erantzukizunik ez badago, ez da inongo jokabide gaitzesgarririk aitortzen eta, beraz, ez dago biktimarik”. 


Harrigarria bada ere -edo ez-, badira “penalki ez jazartzeko akordioak” bigarren instantziako auzitegietan, non erabakitzen den inputatuari akordioaren onurak ez ematea, konfiskatutako drogen eta beste inguruabar batzuen arabera. Horrek esan nahi du, ironikoki, “torturatu edo bahitu dezakedala eta akordio bat sinatu dezakedala nire erantzukizuna onartu gabe, baina nire delituak zerikusia badu drogekin, ezin dut inolako akordiorik egin. Sistema osoak droga trafikoko delituetan jartzen du arreta”. Ez alferrik, Eduardo Saadek gogoratu duenez, “Brasilek soslai berdintsuko 800.000 lagun ditu preso, beltzak eta 30 urtetik beherakoak, droga trafikoagatik eta ondare delitu txikiengatik”.


REPMULT taldean, Adan Nieto eta Raul Calvorekin, formulak aztertzen ari dira ingurumen delituen kasuak lehenesteko, justizia errestauratiboa aplikatuta. Gaztela-Mantxako Unibertsitatean abian da ikerketa proiektu bat giza eskubideak urratzeagatik pertsona juridikoei egotz dakiekeen erantzukizun penalari buruz, eta saiatzen ari dira irtenbide alternatiboak garatzen justizia errestauratibo korporatiboko kasu hauetarako.


Fiskalak eta epaileak “kualifikazio handiko profesionalak dira, baina Brasilgo justizia kriminalaren sistemak ez die aukerarik ematen egiten dutena baino gehiago egiteko, eta oraindik oso zaila da gainditzea erreparazioaren pentsamendu tradizionala eta urratsak egitea errestauraziorantz. Ez dago aitortzarik enpresaren jokabide kaltegarriak eragin zituen biktimentzat”.


Saaden hitzetan, okerrena da biktimak direla enpresa erantzuleen mende dauden pertsonak. UCLMko talde honetan, saiatzen ari dira zirriborratzen “nola elkarrekiten duten pertsonek, haien bizi kalitatea lehengoratzea posible egingo duten esku-hartzeak egiteko. Ez bakarrik ageriko kalteak, baita eragina dutenak ere haien nortasunaren garapenaren dimentsiorik zabalenean”. Daniela Prata ikertzaileak aztertu dituen pertsonak dira: jende guztiz apal eta umila, pairatu duten kaltea nekez egiazta dezaketena. “Uraren kutsaduragatik jada arrantzan egin ezin dezaketen arrantzaleak; beren lurraldeetatik kanporatuak izatean beren nortasuna galdu duten komunitateak, esklaboen ondorengoen (quilombolas) komunitateak…”. Hemen, berritasuna izango da esperimentu sozial berriak sortzea, enpresaren baliabideak era legitimoan eta eraginkorrean erabiltzeko estrategiak identifikatze aldera. 


Saio hauek guztiak egiten ari dira hauteskunde giro batean, eta are zailagoak izango dira berriro Bolsonarok irabaziz gero.