¿Cómo gestionamos el éxito de las ciudades? Ikastaroaren aurkezpena
Ikastaroa Iñaki Gaztelumendik zuzenduko du, eta ekainaren 15ean izango da. Matrikula doakoa izango da. Xedea du aztertzea zein diren hirien turismoaren arrakastaren ondorioak eta hausnartzea estrategia iraunkorren formulazioaren eta kudeaketaren gainean, hartara helmuga turistikoen oreka mantentzeko eta etorkizunerako prestatzeko.
Horretarako, teoria, praktika eta Berlingo, Amsterdamgo eta Bartzelonako adibideak aintzat hartuta, aztertuko dira garapen iraunkorra, harrera gaitasuna eta hiri helmugen kudeaketa sistema konplexuak diren aldetik. Orobat sakonduko da antolakuntza espaziala, "hiri turistiko"en gaztetzea, hiriguneen funtzio aniztasuna, "tokiko komunitatearentzako kalitatea-bisitariarentzako kalitatea" binomioa, ebazpen metropolitanoak edo lurraldekoak, eta antzeko kontzeptuetan.
Aldundiak badaki hirietako turismoaren hazkundeak aukera handiak ematen dituela hirien garapenerako, jarduera ekonomikoa eta enplegua handitzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko. Baina orobat da erronka handi bat funtzio berri hori, turistikoa, modu orekatuan sartzea hiri ehunean, ekonomian, kulturan eta tokiko gizartean. Hori dela eta, beharrezkoa da funtzio aniztasuneko estrategiak sustatzea, non egoitza, merkataritza, administrazioa, kultura eta abar uztartuko baitira.
Hirien arrakasta turistikoaren kudeaketa ez da lan erraza, eta, beraz, beharrezkoa da bere garapen modeloari buruz hausnartzea.
Gainera, Turismo Departamentuaren xedeetako bat da hazkundea orekatu izatea lurralde osoan, dela ase egin daitezkeen zonalde edo hiriak daudelako, dela bisitari kopurua handitu dezaketen herri edo eskualdeak daudelako.
Aldundiko turismoko arduradunentzat beharrezkoa da onartzea hirien harrera gaitasuna mugatua dela (fisikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala) eta bisitari kopuruak ezin duela jarraitu mugarik gabe handitzen.
Hori dela eta, turismoa eta hark hiriari ekartzen dion guztia, ez beti prestatuta dagoelarik, azken urteetako eztabaidagai interesgarrienetako bat bilakatu da. Horra zergatik den ikastaro hau egokia.
Ikastaroa Iñaki Gaztelumendik zuzenduko du. Gaztelumendik 20 urte darama alor turistikoan lanean, helburu turistikoak kudeatzen, planifikazio estrategikoak prestatzen eta proiektuak garatzen.
Eskolak emango dituzte: Johannes Novy, Brandenburgische Technische Universität Cottbus-Senftenberg-en lan egiten duen hirigilea; Stephen Hodes, Hegoafrikako arkitektoa da baina Amsterdamen bizi da, Amsterdam aldizkariaren editorea da;
Xavier Font. Bartzelonako Aldundiko Turismoko Bulego Teknikoko burua; eta Denis Itxaso diputatua eta Maite Cruzado zuzendaria, Gipuzkoako Aldundiko turismo arduradunak.