Donostia Sustainability Forumak amaiera emango dio nazioartean ospe handia duten zientzialari eta adituek egindako hitzaldi irekien zikloari, eta oso emaitza positiboa izan du
Gainera, publiko orokorrari irekitako 5 hitzaldi eskaini dira:
- Salman Khan (Nazioarteko Lankidetzarako Asturiasko Printzesa Saria, 2019) eta Javier Aizpurua (Materialen Fisika Zentroko ikertzailea, CSIC-UPV/EHU) iraunkortasunerantz nola hezi eztabaidatzen aritu dira.
- Bizitzen ari garen osasun-krisiari dagokionez, Rafael Bengoak (SI-Healtheko zuzendarikidea) ingurumenaren narriaduraren eta pandemiaren arteko lotura ezarri du, eta uste horren falta sumatu du hainbat gobernutan. Gainera, azpimarratu du lotura hori ezartzea izango dela Nazio Batuen Erakundean sortutako eta kide den Osasunaren eta Garapen Jasangarriaren Batzorde Paneuroparraren eginkizunetako bat.
- Trantsizio energetikoari dagokionez, Enrique Monasteriok (Energiaren Euskal Erakundeko Garapen eta Berrikuntzako zuzendaria) energia berriztagarrietarako trantsizio horretan kontsumitzaileek duten zereginaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, trantsizio horretan, banaka edo auzo-erkidegoan sortu eta gastatuko duten elektrizitatearen kudeatzaile bihurtuko dira. Enrique Monasteriok energia iraultza berri bati buruz hitz egin du, non iturria elektrizitate berriztagarria izango den.
- Lehen sektoreari dagokionez, Arantza Aldezabalek (UPV/EHUko ikertzailea) baliabide naturalen ustiapenaren eta naturaren zaintzaren arteko oreka mantentzearen garrantzia azpimarratu du.
- Hain zuzen ere, natura zaintzeari dagokionez, María José Sanzek (BC3ko zuzendari zientifikoa) klima-aldaketaren kausak eta eraginak nabarmendu ditu ondorioak arintzeko oinarri gisa. BC3ko zuzendariaren arabera, beharrezkoa da gogoeta egitea nola bizi nahi dugunari eta ongizateak zer esan nahi duenari buruz, natura eta biodibertsitatea babesteko eta klima-aldaketa arintzeko aldaketak egin behar ditugula ondorioztatzeko. Maria Jose Sanzek berotze globalaren aurka borrokatzeko hainbat bide daudela azpimarratu du, eta horietako askok egungo pandemiaren aurka edo etorkizunean sor daitezkeen krisi berrien aurka egiteko ere balio dute. COVIDaren krisia krisi klimatikoa indartzeko palanka izan daiteke, eta alderantziz.
Hitzaldi irekien edukiak eskuragarri daude Donostia Sustainability Forum online plataforman eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren sare sozialetan.
Jendearentzat irekitako hitzaldiez gain, 25 Uda Ikastaro egin dira modalitate ezberdinetan (presentzialak, online eta online zuzenean). Ikastaro horietan hainbat gai jorratu dira, hala nola bioesferaren erreserbak zaintzea, arkitektura jasangarria, hirietako mugikortasuna edo ingurumen-jasangarritasunaren esparruko energia-eraginkortasuna. Arlo sozialean, honako hauek azpimarratu dira: jasangarritasunean oinarritutako hezkuntzak hezkuntza-etapa guztietan duen garrantzia, hizkuntza gutxituen biziberritzea, lankidetzak tokiko garapenean duen eginkizuna, teknologia berrien eragina, edo Agenda 2030en eragina oraindik garatu beharreko politiketan. Agenda 2030 iraunkortasun ekonomikoaren ardatza ere izan da, arlo horretako kontabilitate soziala, erantzukizun sozial korporatiboa, ekonomia zirkularra eta negozio-aukerak azpimarratuta.
Aurten Uda Ikastaroak pandemiaren ondorioz udazkenera arte luzatzen direnez (Ikastaroen artean denbora gehiago utzi behar izan da), oraindik ere topaleku honetaz gozatu daiteke azarora arte programatutako ikastaroekin (www.uik.eus / www.donostiasustainabilityforum.eus).
BBVA Fundazioaren eta euskal erakundeen (Eusko Jaurlaritza – IHOBE, Gipuzkoako Foru Aldundia – Naturklima eta Donostiako Udala) laguntza duen plataforma horrek iraunkortasunaren arloko eduki garrantzitsuak txertatzen jarraituko du etengabe, eta dagoeneko hitzaldi irekien 2021. edizioan lanean ari da.