Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Donostia Sustainability Forumerako hitzarmena berritu da
UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak klima-aldaketaren eta ingurumenaren kontserbazioaren erronkei aurre egiteko aliantza indartu dute.
Akordioak jarduera irekiak, ikastaro espezializatuak eta lineako hezkuntza-baliabideak biltzen ditu, herritarrek jasangarritasunarekiko duten konpromisoa eta kontzientzia sustatzeko.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Itziar Alkorta UIKko zuzendari akademikoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, 2024an Donostia Sustainability Forumaren edizio berri bat bultzatzeko. Foro hori klima-aldaketari, biodibertsitatearen kontserbazioari eta bioetikari buruzko dibulgazioan oinarrituko da, herritarrak sentsibilizatzeko eta jasangarritasunaren aldeko konpromiso aktiboa sustatzeko.
Hitzarmen honen esparruan, jarduera ireki eta doakoak egingo dira, bai eta Uda Ikastaroen ziklo espezifiko bat ere, jasangarritasuna ardatz hartuta. Gainera, jasangarritasunari buruzko hiztegia garatzen eta Foroaren plataforma irekia zabaltzen jarraituko da. Plataforma horrek online eskaintzen ditu prestakuntza, dibulgazio eta informazioko edukiak. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 30.000 euro bideratuko ditu guztira.
Itziar Alkorta UIKko Zuzendari akademikoak gogora ekarri duenez, “Donostia Sustainability Forum 2020an sortu zen, eta plataforma ireki bat da jasangarritasunarekin lotutako erronka zientifiko eta sozial handien inguruan elkartzeko, hedatzeko eta prestatzeko. Bertan, komunitate zientifikoak, eragile sozial publiko zein pribatuek eta, oro har, herritarrek parte hartzen dute. Espazio horrek jasangarritasun-ziklo bat, publikoari irekitako jarduerak eta hezkuntza- eta dibulgazio-edukiak dituen plataforma digital bat barne hartzen ditu”.
Horri dagokionez, Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “hitzarmen honekin, Gipuzkoarako etorkizun jasangarriagoarekin dugun konpromisoa berresten dugu, etorkizun horretan gizarte osoak partekatzen baititu klima-aldaketaren aurkako borroka, biodibertsitatearen babesa eta gure ingurunearekiko harremanean etika arduratsua sustatzea”.Donostia Sustainability Forum funtsezko tresna da herritarrak sentsibilizatzeko eta ahalduntzeko, jasangarritasunarekiko konpromiso aktiboa eta erreala sustatuz. Espazio hori elkarrizketarako, prestakuntzarako eta ekintzarako topagune irekia izaten jarraitzea nahi dugu, komunitate zientifikoak, gizarte-eragileek eta herritarrek elkarrekin lan egiteko lekua, gure garaiko erronka handiei aurre egiteko”.
Sinatutako hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024-2027 aldirako Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Plan horren helburua da klima-aldaketari aurre egiteko trantsizioak sustatzea. Funtsezko ekintzen artean daude lurraldeko karbono-aztarna murriztea, karbonoa xurgatzeko gaitasuna handitzea, birziklapena indartzea, energia-iturrien erabileran aldaketak sustatzea eta energia berriztagarriak bultzatzea.
Lankidetza horren bidez, Donostia Sustainability Forum ingurumen-jasangarritasunaren eta -hezkuntzaren erreferente gisa sendotzen jarraitzea espero da, gizarteko sektore guztiek etorkizun jasangarriago baten eraikuntzan aktiboki parte har dezaten sustatuz.