Zehazki, HIGA Gasteizko Udaletxeko Gazteria eta Euskara Zerbitzuek bultzatu zuten eta antolatzeko babesle batzuen (EHU-ren Arabako Errektoreordetza eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra), laguntzaileen (Oihaneder Euskararen Etxea) eta Batzorde Akademikoaren (Garabide, Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra, Unesco Katedra eta Londreseko SOAS Unibertsitatea) bultzadarekin burutu da, urritik uztailaren amaiera luzatu den antolaketa lan izan zuten. Helburua laukoitza dela esan genezake: 1) Gasteizko gazteei aukera eman, beste hizkuntza gutxitu batzuetako hiztunekin, hizkuntza biziberritzeko esperientziak ezagutzeko, 2) euskararen aldeko jarrerak eta ekintzailetza areagotzea Gasteizko gazteen artean, 3) gazte ekintzaileak soziolinguistikan eta hizkuntza politikan trebatzea eta 4) Gasteizko egonaldi honek aukera ematea gazte horiei -atzerriko zein gasteiztar edo euskaldun- etorkizunean mantendu ahal diren harremanak eratzea beste komunitate batzuetako kideekin, bai hizkuntzen biziberritzeko esperientziak elkar trukatu ahal izateko eta baita elkarlanean hizkuntza kooperazio ekimenak antolatu ahal izateko.
Helburu horiek lortzeko, goizetan EHU-ko uda ikastaroen eskaintzaren barruan zegoen programa akademikoa zegoen, alde batetik. Jakintza eta praktika esparru ezberdinetako hizlariak gonbidatu genituen (Xavier Vila, Gemma Sangines eta Jon Sarasua, adibidez), eta goizari amaiera emateko hausnarketa dinamika batzuk egiten genituen, hizkuntza bakoitzaren egoera ulertu eta ondokkoarekin alderatzeko. Bestalde, eta HIGA-ren alde ‘ludikoena’ asetzeko, arratsaldetan Oihanederren kontzertuak, elkar ezagutzeko dinamikak, dokumentalak eta antzekoak izaten genituen. Ez da ahaztu behar antolakuntzak matrikula, otorduak eta egonaldia ordaintzen zizkiela gazte horiei, eta horri eskerrak gazteek 4 egun pasatu zituzten oso-osorik elkarrekin, taldearen giro onerako funtsezkoa izan zena.
Gazteak lortzeko Batzorde Akademikoko elkarte eta erakundeen laguntza izan genuen eta haiekin batera nazioarteko erakunde, elkarte eta hiztunekin jarri ginen harremanetan HIGA-ra euren inguruko gazteak gonbidatzeko deialdia zabalduz. Azkenean 32 hizkuntza komunitatetako 75 gaztek eman zuten izena topaketan, eta hainbat arrazoi tarteko, 65 agertu ziren topaketa osoan zehar. Hala ere, antolakuntzatik behar-beharrezkoa iruditu zitzaigun HIGA ahalik eta irekiena egitea eta Gasteizko eta Euskal Herriko eragileei malgutasunez etortzeko deia egin genien. Hori dela eta, 65 parte-hartzaile horiez gain beste 60 lagun ere bertataratu ziren momenturen batean HIGA-ra, eta antolakuntzatik egindako balorazioa oso baikorra da ezinbestean.
Ikusten den bezala, ekimen arrakastatsua izan da HIGA hau eta gazteek euren eguneroko bizitzarako (esparru pertsonalean zein akademiko/profesional/formalean) hartutako konpromisoek indarra eman ziguten topaketa horretako parte-hartzaile guztiei gure hizkuntzen biziberritzean jarraitzeko eta gure nazioarteko lagunengan sostengua eta elkarlana bilatzeko. Antolakuntzatik ere konpromisoa hartu nahiko genuke, eta hiztun gazteen bigarren topaketa honen emaitzak ikusita, erregulartasunarekin antolatzea komeni zela aipatu zen, gazteek ere horrela eskatu zutelako. Mundu mailan bakarra den ekimena dela iruditzen zaigu eta esanguratsua da Gasteizen eta Euskal Herrian antolatu izana.