Berri guztiak

Ikusle ala eragile izan nahi duzu? Izan Gazte Ekolider!

  • Gazte Ekoliderrak: Jasangarritasunean eta lidergoan trebatzeko formakuntza programaren izen-ematea zabalik dago urriaren 20ra bitartean
  • Guztira 30 gaztek izango dute 6 hilabete iraungo duen Gazte Ekoliderrak formazioan parte-hartzeko aukera.
  • Irailaren 29a baino lehen izena ematen duten gazteei %10eko deskontua egingo zaie.

Gazte Ekoliderrak, gazteak jasangarritasunean eta eraldaketarako lidergoan trebatzea helburu duen formakuntza eta bizitzarako ibilbidea da, 20 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoena. Egitasmoa Kutxa Fundazioarekin lankidetzan sustatu du UIKk eta izen-ematea urriaren 20an itxiko da.

Gazte Ekoliderrak trebakuntza-programa 3 dimentsiotan banatzen da: trebatu, ekin, izan. Ezagutzak zabaltzeko ez ezik, gazteak ekintzarako ahaldunduko dira eragile aktibo bihurtu daitezen. Aurtengo edizioan, gainera, proiektuen garapenerako ibilbidean (ekin) erakunde desberdinekin lankidetzan arituko dira gazteak, jasangarritasunari lotutako egiazko erronketan inplikatzeko aukera izan dezaten.

Kutxa Fundazioko zuzendari den Ander Aizpuruak azaldu duen bezala, “Gazteen artean jasangarritasunerako eraldaketan eragile izateko bidea egin nahi dutenei bidaia hasten laguntzeko gaitasun eta ezagutzak eskaini nahi dizkiegu. Bidai horretan bidelagun izan eta duten jomuga argi dutelarik, horren alde ekiteko erremintak eta sareak emateko lanean ari gara.”

Aurtengo edizioaren leloak “Egin bidea. Eragin aldaketa.” gazteek, eragile aktibo bilakatzeko, landu ditzaketen ezagutza eta gaitasunetan jarri du arreta. Klima larrialdia eta gizarte krisia denon ahotan daude eta etorkizun jasangarria lehen mailako erronka dela badakigu. Hala ere, egoera honen aurrean, norbanakoak non kokatzen gara? Ikusle ala eragile izan nahi dugu? 

Gazte Ekoliderrak 2023-2024 edizioa

Gazte Ekoliderrak formazio programak 6 hilabeteko iraupena izango du 120 ordutan, azaroan abiatu eta apirilera arte. Programari dagokionean, edukiak 5 ezagutza bloke nagusitan antolatu dira aurten. Gutxi gora behera, hilabete bakoitzean gai baten inguruan arituko dira gazteak. 

01 Testuingurua: Klima larrialdia

02 Pertsonak: Justizia soziala

03 Ekonomia: Kapitalismo berdea aztergai

04 Planeta: Biodibertsitatearen galera

05 Parte-hartzea: Ikusle edo eragile?

Honez gain, 3 ibilbide egingo dituzte parte-hartzaileek: jasangarritasunaren ikuspegi holistikoan sakonduko dute, gai eta eduki desberdinak landuz; lidergo kontzientea landuko dute, 15 konpromiso iparorratz gisan hartuz; eta proiektuaren garapenean zentratuko dira. Azken fase honetan, aurten, lehen aldiz, erakunde erreferenteekin elkarlanean aritzeko aukera izango dute parte-hartzaileek eta egiazko erronkei erantzuteko proiektuak garatu eta aurrera eramango dituzte. 

Guztira 12 aurrez aurreko saio egongo dira, hilean 2 (lehenengo eta hirugarren astearteak); 3 elkarbizitza asteburu, egun eta erdiko irteerak; eta online gune bat, edukien testuingurua kokatzera bideratuta egongo direnak. Lan pertsonala ere aurreikusten da, jasotako trebakuntzetan sakontzeko eta proiektuei forma emateko. Prozesu osoa talde gidari baten laguntzaz eta jasangarritasunean eta lidergoan adituak diren profesionalen bidelaguntzarekin gauzatuko dute gazteek. 

Itziar Alkorta, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko (UIK) zuzendari akademikoak azpimarratu duenez, “egitasmo hau bete-betean lerratuta dator UIK-k jasangarritasunarekin duen konpromisoarekin. Aldaketa klimatikoaren gaineko sentsibilizazioa, prestakuntza zein ezagutzaren zabalkundea bultzatzea gure zeregina da. Horiekin batera, parte hartzea eta eraldaketa sustatzea da gizartearekin dugun konpromisoa. Gazteek dute etorkizunaren giltza eta Donostia Sustainability Forum (DSF) plataforman kokatzen dugun formakuntza honek gazteak ahalduntzen eta eraldaketarako eragile bilakatzen 8 urteko ibilbidea du. Metatutako esperientziak eta bertan parte hartuko duten irakasle eta irakaskuntza materiala oinarri, kalitatezko programa dela ziurta dezakegu, eta, interesa duen gazte oro animatu nahi dugu formazio hau jasotzera.”

Plaza mugatuak

Guztira 30 gaztek izango dute Gazte Ekoliderrak egitasmoan parte-hartzeko aukera. Formazioak 300 €-ko prezioa du eta bere gain hartzen ditu 120 orduko formakuntzako hizlari eta mentorizazioaz gain, 3 egonaldietako pentsio osoa, irteeretako desplazamenduak, asegurua, talde ekintza eta proiektua gauzatzeko laguntza ekonomikoa eta akreditazio diploma. Gazteek ordainketa bi zatitan gauzatu dezakete.

Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzei dagokienean, ezinbestekoa izango da elebidunak izatea (euskaraz ulertzeko gaitasuna eduki beharko dute), eta saioen %80an parte hartzea.

Izen-ematea Kutxa Fundazioaren webgunean egin daiteke: https://kutxa.eus/eu/ekoliderrak