Jarduera egitura indibidualista edo lehiakorretik ikasketa egitura kooperatibora
Ikastaroa Pedro Roak planteatutako galdera batekin hasi da: “zer da ikasketa?”, izan ere ikasketei buruzko ikastaro batean ikasketa zer den jakitea garrantzitsua da. Urte luzeetan zehar “ikastea testuek diotena errepikatzea eta hitzez hitz gogoratzea” izan da. Hainbat sinismen errotuekin elkartzen da definizio hori. Adibidez ikasketa zeregin indibidual batekin lotu izan da hainbat urteetan, baina beste ikasleen laguntzarekin gehiago ikasi daitekeela baieztatu du Irungo Berritzegunearen zuzendariak. Beste alde batetik, ikasketan soilik erantzun zuzenak ikasi behar direla pentsatu izan da, baina argi dago gaur egun akatsengandik ere asko ikasi daitekeela. Azken batean “ikasi dugun bezala irakasten dugu” eta hori aldatu behar dela adierazi du Pedro Roak.
Ikastaroak dinamizatzeko joko bat egin dute ikasleek. Pedro Roak karta batzuk banatu ditu ikasleen artean. Horrekin karta berdina zuten beste ikasleekin elkartu behar izan dira eta haien artean beraien burua aurkeztu. Akenean 4 pertsonetako taldeak sortu dira eta elkarrekin eseri dira klasearekin jarraitzeko.
Ikasketa prosezu kooperatiboa aurkezteko abiapuntu gisa hiru ideia azpimarratu ditu Pedro Roak. Lehenik eta behin, “ikastetxe eta gela inklusibo batek mundu guztia barne hartzen du”. Hau da, ez du inor baztertzen, ez du axola ze kultura daukan edo ze hizkuntza ikasten duen.Beste alde batetik, “kooperazioaren atzean elkartasuna eta errespetua dago”, eta hauek landu behar dira. Ikasleek ez badute kooperatzen edota besteak errespetatzen soilik berarena lortzen saiatuko dira, inori lagundu gabe. Azkenik, “komunikazio gaitasun” batzuen beharra azpimarratu du Pedro Roak, haien artean, sentimenduak, arrazoimena eta gatazkak konpontzeko gaitasuna.
“Gela batean ezaugarri batzuk bete behar dira lehen esandako ‘gela inklusiboa’ lortzeko: ikasleen taldekapena, curriculumaren izaera eta jardueren egitura. Batez ere lehenengo biak landu dira eta jardueren egitura oso gutxitan aldatu da”. Pedro Roak jardueren egituraren aldaketan apostua egiten du “homogeneotasun logikatik heterogeneotasunara” pasatzeko.
Hiru jarduera egitura aurkitu daitezke klase batean: indibidualista, lehiakorra eta kooperatiboa. Indibidualistan “ikasleak bakarka egin du lana, besteek egiten dutenari erreparatu gabe”. Lehiakorrean, “ikasle bakoitzak bakarrik egingo du lan, beste ikaskideekiko lehian sartuta”. Azkenik, kooperatiboan, “ikasleek lan talde txikiak osatuko dituzte eta elkar laguntzeko eta animatzeko prest egongo dira”. Kooperatiboaren garrantzia azpimarratu du Pedro Roak, izan ere ikasleek haien artean lagunduko dira eta horrela gehiago ikasi dezakete. “Jarduera egitura indibidualistan zaila da parte hartzea eta ia ezinezkoa ikasleen aniztasuna artatzea”. Kooperatiboan, berriz, “indobidualistan dagoen ikasleen arteko banakako lana gehi taldeko lana bermatuko da”. Horrekin parte-hartze ekitatiboago bar eta aniztasun gehiago lortuko da.