Berri guztiak

Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko

2022-2023 ikasturtean, lanketa bat egin du Elhuyarrek jasangarritasuna eta klima-larrialdiaren inguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntzarekin. Horren emaitza da “Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko” liburuxka. Bertan, jasangarritasuna ikasgelan lantzeko zenbait gako eta proiektu aurkezten dira. Azaroaren 3an, honen berri eman zuten “Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko” mahainguruan.

“Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko” mahaingurua egin zen azaroaren 3an. Elhuyarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntzarekin egindako lanaren emaitza aurkeztu zen bertan: jasangarritasuna ikasgelan lantzeko zenbait ideia gako eta proiektu biltzen dituen liburuxka.


Liburuxka honek zenbait proiektu eta hausnarketa eskaintzen dizkie irakasleei, ingurumenarekiko arduraren ikuspegitik. Hezkuntza-komunitatea inspiratzeko eta laguntzeko baliabideak eskaini nahi ditu. Izan ere, gaur egungo gazteek ezinbestean inplikatu beharko dute ingurumen-larrialdiari aurre egiteko. Horregatik, interesgarria da ikasgelan gazteekin jasangarritasunari eta klima-larrialdiari buruzko hausnarketak eta ekintzak sustatzea, betiere berdintasuna, inklusibitatea eta eraldaketa soziala kontuan hartuta.
Mahaingurua, Aitziber Lasa Iglesias, Elhuyar Zientzia Unitateko STEAM Hezkuntza arloaren arduradunak gidatu zuen eta ekitaldiari hasiera Itziar Alkorta Idiakez, Udako Ikastaroetako Zuzendari akademikoak, Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko zuzendari nagusiak eta Nagore Manzano Rodriguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko teknikariak eman zioten.


Segidan, Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek, Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arloaren arduradunak,  jasangarritasuna eta ingurumen-larrialdia gelan lantzeko 20 ideia gako aurkeztu zituen.


Joseba Aldasoro Galan, Elhuyar STEAM Hezkuntzako teknikariak, ikertzaileek proposatutako 20 proiektu inspiragarriren berri eman zuen. Proiektu hauen bidez, honelako galderei erantzun behar diete ikasleek: auto jakin batean 100 km egiteko behar den energiarekin, zenbat ogi egin daitezke? Nondik galtzen du energia gure ikastetxeak? Jasangarria da soinean jantzita daukaguna? Zer plastiko-motak kutsatzen dituzte hondartzak?...


Proiektuetako bat Iker Aranjuelo Michelenak proposatu du, Agrobioteknologia Institutuko (IdAB-CSIC) ikertzaileak. “Airearen kalitate fitoarakatzen” izenarekin, trafikoak airearen kalitatean duen eragina aztertzea proposatzen du. Pasa den ikasturtean, Alegiako Aralar BHI-ko ikastetxeko gazteekin burutu zuen ikerketa eta esperientzia horren berri eman zuen.


“Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko” liburuxka doan deskarga daiteke honako esteka honetan

 

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.