Berri guztiak

Klima-aldaketa, biodibertsitate-galera eta bioetikaren arloko zientzia guztien eskura

Hiru urteko ibilbide arrakastatsuaren ostean, Donostia Sustainability Forum ekimenak estrategia berrikusi eta atari zein programazio berria estreinatu ditu.

2020an abiatutako foroak ibilbide oparoa egin du hiru urtez. Sorrerako beharrizanek eta helburuek garaiko kezka iturri izaten jarraitzen dutenez, Donostia Sustainability Forum- DSF abian jarri zuten erakundeek egitasmoa indartzeko eta honen zabalkundea areagotzeko konpromisoa hartu dute eta foroaren Internet atari berritua eta udazkeneko lehen jarduerak aurkeztu dira.


UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren (UIK) eta BBVA Fundazioaren ekimenez abiatu zen Donostia Sustainability Forum. Askotariko diziplinen begiradatik, iraunkortasunaren arloko erronkei aurre egiteko eragileen topagune bihurtzea zen haserako helburua eta, abiatzerako, EAEko erakunde nagusien babesa jaso zuen proiektuak: Eusko Jaurlaritzarena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Donostiako Udalarena.


Iraunkortasunaren arloko erronka handiak ezagutzera emateko eta eztabaidarako, hedapenerako eta prestakuntzarako plataforma irekia da Donostia Sustainability Forum, eta abiatze fasean, esparru hauetan jarri du indarra bereziki: Ekosistemak eta baliabide naturalak, Elikadura, osasuna eta tokiko garapena, Enpresa-iraunkortasuna eta ekonomia zirkularra eta Ingurumen-komunikazioa eta hezkuntza.


Ibilbide aberasgarria izan du hastapenetik proiektuak eta askotariko formatuak baliatuz gaiari buruzko Uda Ikastaroak, hitzaldiak eta tailerrak zein BBVA Fundazioak lagundutako Iraunkortasunerako Elkarrizketak programatu dira. Aipaturiko elkarrizketetan BBVA Fundazioak eskainitako Biophilia eta Bioaniztasunaren Kontserbazio Sariak  jaso dituzten adituek hartu dute parte. 
Orain arte programatutako ekintzetan guztira 9179 pertsonen parte hartzea izan da. 3873 parte-hartzaile hurbildu dira doako 35 hitzaldietara eta 5603 lagun uda sasoian antolaturiko 108 ikastaroetara. Jarduera irekiak grabatu eta UIKren youtubeko kanalean sareratu dira eta 18000tik gora bistaratze izan dituzte. Aldi berean bi erakusketa antolatu dira eta iraunkortasunaren inguruko hiztegi audiobisuala garatu da, eta egun, 32 adituk azaldutako beste hainbat terminoren azalpenak jasotzen ditu plataformako gune honek. 


Lehen etapa honen emaitzak aztertuta, DSFaren plan estrategiko berria egin da eta egungo beharrak kontutan hartuta begirada larrialdi klimatikoan, bioaniztasunaren kontserbazioan eta bioetikan jartzea adostu da. 


UIKtik sustatutako foroak mundu mailan kezka iturri den iraunkortasunaren alorrean dauden beharrizanen identifikazioa eta hauen plazaratzea indartzea du helburu, beti ere, eremu berean ari diren gainerako erakundeekin eskuz esku lan eginez eta sinergiak baliatuz.


Norabide horretan, Europako Itun Berdearen printzipio nagusiekin lerrokatutako Basque Green Deal paktuarekin bat egiten du DSFek eta Euskadiko 2030 Ingurugiro Esparruko Programaren diseinuan parte hartzeaz gain honen garapenean elkarlanean aritzea da DSFen borondatea.


Horrez gain, UIKk Erronka Garbia ekimenarekin bat egin du, barne prozesuei eta antolakuntzari dagokionez ingurumenean izan ditzaken inpaktu negatiboak murrizteko asmoz.


Webguneari dagokionez, garatutako plataforma berriak, eskuragarriago jarriko ditu aurrez garatutako edukiak eta idatzizko elkarrizketak eta, horiez gain, beste hainbat formatu eskainiko ditu.
Udazkeneko programazio berriari ekin zaio jada. Kutxa Fundazioarekin batera 20 eta 35 urte bitarteko gazteak jasangarritasunean eta lidergoan trebatzeko Gazte Ekolider izeneko formakuntza programaren edizio berria jarri da abian. 


Urriaren 19an, Miramar Jauregian, 18:00etatik aurrera, Matt McGrath eta Caty Arevaloren arteko elkarrizketa izan zen BBVA Fundazioaren eskutik. Caty Arévalo (EFE agentziaren ingurumen-korrespontsala da eta BBVA Fundazioak eskainitako Biodibertsitatearen Kontserbazioan Sariduna) eta Matt McGrath (BBCko ingurumen-korrespontsala da eta BBVA Fundazioaren Ingurumen Komunikazioko lehen Biofilia Sariduna) kazetariek bi hamarkada baino gehiago daramatzate klima-aldaketari buruzko informazioa ematen. Berotze globalak gero eta eragin handiagoak eta agerikoagoak dituela azaldu digute baina, horrekin batera, itxaropenerako arrazoiak ere jarri dizkigute mahai gainean.


Azaroaren 3an, Elhuyarren eskutik, ikasgelan jasangarritasunerako eta klima-larrialdiaren inguruko hausnarketa eta ekintzak sustatzeko jardunaldia izango da Donostiako Miramar Jauregian. Doako jarduera irekia izango da eta aurrez aurre zein online zuzenean jarraitu ahal izango da.


Azaroaren 23an, COP28ari buruz 2023ko abenduan Dubain egingo den klima-aldaketari buruzko goi-bileraren lehentasunei buruzko jardunaldi teknikoa izango da. Publiko espezializatuari zuzenduriko jarduera da, kazetariei, enpresa-erakundeei, akademiari… eta goi mailako adituek hartuko dute parte.


Ondoren, 2024ko urtarrilaren 19an, COP28ren baitan Dubain hartutako erabaki nagusiei buruzko dibulgazio-jardunaldia izango da, publiko orokorrari zuzendua. 

2024rako gainerako programazioa lantzen ari gara eta aurki Donostia Sustainability Forum-en atari berrituan eskuragarri izango da.