“Letra-jarioa landu behar da haurren artean”
Irune Ibarraren ustetan, “eskuz idaztea izugarri garrantzitsua” da. “Eskuz idazten dugunean, garunean hizkuntzari eskaintzen diogun espazioa handiagoa da tekleatzen dugunean erabiltzen duguna baino, eta ondorioz, konplexutasun handiagoko testuak ekoizteko kapazak gara” esan du. Izan ere, eskuz idazterakoan, “hobeto fijatzen dira ideiak eta gehiago barneratzen dira kontzeptuak”.
Bestalde, idazterakoan dugun letra-jarioak zeresan handia du hizkuntzarako ahalmenean. “Geroz eta letra-jario handiagoa izan, orduan eta automatizatuago dugu letren idazketa prozesua”. Eta automatizazio horrek ahalbidetzen du hain zuzen ere gure garunak testuaren formalizazio estiloaren inguruan pentsatzen aritzea. “Gure burua testuko ideietan beharrean letretan eta hitzetan pentsatzen badabil ezin dugu ez kalitatezko ezta koherentziazko testurik ekoizi, baina prozesu hori automatizatuta badugu, gure garunak bestelako kontuetan pentsatzeko espazioa izango du”.
Hizkuntza heziketa derrigorrezko hezkuntzan
Errealitate honek berebiziko garrantzia du hezkuntza arloan. “Eskoletan ez dugu letra-jarioa neurtzeko inolako baremorik idazketen inguruko ikerketak falta direlako” autortu du Ibarrak. Horrexegatik Hezkuntza fakultateko irakasleak Lehen Hezkuntzako 500 ikasleko lagina hartuz letren-jarioa neurtu du hezkuntza garapen maila neurtzeko indikatzaile bezala. “Nire ikerketako ondorioak zintzelada orientatibo bezala har daitezke soilik, gehiako sakontzeko betarik izan ez dudalako. Hala ere, antza denez, emakumezkook letra-jario handiagoa dugu gizonezkoek baino. Izan ere, beste ikerketa batzuen arabera generoaren arabera idazterakoan garuneko bestelako guneak aktibatzen ditugu”. Gainera, minutuko 10 hitz baino gutxiago idazten dituzten haurrek “testu inkoherente, labur eta sakontasunik gabeak” idazteko harriskua dute. “Tekleatzerakoan, ikerketek ikasleek eskuz idazterakoan baino hitz gehiago idazten dituztela frogatu dute, baina hori ez da garrantzitsuena. Kopuruak ez du kalitatea bermatzen, eta eskuz egiterakoan hitz gutxiago idazten ditugun arren, gutxi horien ideiak askoz hobeto barneratuak direla erakutsi da”.
Horrelako egoerak ekiditeko, Ibarrak eskolan testu eleanitzak lantzeko proposamena bota du. “Haurrek asko xurgatzen dute, baina gero hori azaleratzeko zailtasunak izan ohi dituzte maiz. Horregatik, azaleratze prozesu hori ahalik eta gehien erraztu beharrean gaude. Esaterako, umeei ‘idatzi nahi duzun bezala’ esateak asko lagun dakie”. Ibarraren esanetan, ume batek, adibidez, euskaraz ederki mintzatzeko gaitasuna izan dezake, baina idazterakoan erderaz hobeto egin. “Azken finean, hizkuntzak nahasteak ez du axola. Izango da aurrerago hobetzeko denbora nahikoa”. Testuen ideiak hizkuntza ezberdinetan konparatu, testuen antolakuntza ikertu, lexikoa aberasteko ariketak egin, baina batez ere, eskuz idatzi. Horiexek dira Ibarrak haurren hizkuntza ahalmena hobetzeko proposatutako zenbait aktibitate.
“Eskuz idaztea ez da estetika kontu bat soilik, umeen hezkuntzarako derrigorrezkoa den eta ariketa kognitibo garrantzitsu bat suposatzen duen ekintza bat baizik. Eskuz idaztean, neurogarapena aurreratzen da nabarmen” defendatu du irakasleak. Testuinguru horretan, diktaketen oinarrizko funtzioa azpimarratu du. “Zahar kutsua duen arren, diktaketak biziki inportanteak dira, gauza asko lantzen direlako bertan. Lehenik eta behin, entzumena lantzen da eta entzuten den hori prozesatzen da. Gero, prozesatutako hori garuneko hizkuntzako guneak lantzen du eta eskuz letraz letra idaztean, ikasleak erabat barneratzen du”. Izan ere, Ibarraren esanetan, irudi batetik kopiatzea ez da berdina, “begibistaz zerbait idazten dugunean lan kognitibo askoz ere txikiagoa” egiten dugulako.
“Azken finean, ikasleei idaztea eskatzen diogunean zer landu nahi dugun jakitean dago gakoa”. Kopiatzea, testu bat sortzea edo beste bat hobetzea ez direlako berdina. Lehenengoan, “hizkuntzarako ahalmen formala” lantzen da, bigarrenean aldiz, aurrekoaz gain, “ideien lotura koherentea” lantzen da ere bai, eta azkeneko ekintzak, berriz, “hiztegi aberastasuna” du gehigarri.
Idaztea “konplexutasun handiko ekintza” bat da eta horretarako umeei “letra-jarioen automatizazioaren bitartez, idaztearen ekintzak suposatzen duen karga arindu behar zaie”.