Material topologikoak: Nobel saritik ikerlari gazteen trebakuntzara
80 nazioarteko zientzialari gazte bilduko dira aste honetan zehar Miramar jauregian Donostia International Physics Center-ek (DIPC) Euskal herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) uda ikastaroen baitan antolatu duen “Topological Matter School 2016” ikastaroan. Abuztuaren 21etik 25erarte, «DIPC school» honek trebakuntza espezializatua eskainiko du material topologikoen inguruan, fisikaren esparruan azken urteetan gorakada handia izan duen ikerketa alorra. Dario Bercioux (DIPC) eta Reyes Calvo (CIC nanoGUNE) Ikerbasque ikerlariek eta Jérôme Cayssol, Bordeleko Unibertsiteko eta Maia G. Vergniory UPV/EHUko eta DIPCko ikerlariak osatzen dute batzorde antolatzailea.
2016ean, hiru fisikari teorikok Fisikako Nobel Saria jaso zuten materiaren fase topologikoen aurkikuntzagatik. Fisika kuantikoa eta topologia izeneko erreminta matematikoa erabiliz, zientzialariek bi dimentsiotako eta dimentsio bakarreko materialetan supereroankortasuna aurreikusi zuten. Hurbilketa berri honek, orain arte pentsaezinak ziren propietate exotikodun materialen aurkikuntza ahalbidetu du. Horien artean, isolatzaile topologikoak bilakatu dira ezagunenak bereizgarri batengatik: isolatzaileak dira barrualdean eta eroaleak gainazalean. Bestalde, ikerketa lerro garrantzitsua da material topologiko supereroaleena ere, eta arreta berezia jaso du ordenagailu kuantikoentzako teknologiaren garapenean. Sailkapen topologikoak propietate exotikoak aurreikusteko balio du, aplikazio desberdinei begira, materialen diseinurik onena eskaintzeko: sakabanaketarik gabeko eroaleak, goi mailako eroale termikoak, edo eta dispositibo elektronikoetarako material egokiagoak.
Bost egunetan zehar, herrialde desberdinetatik etorritako Master eta doktoradutza ikasleek oinarrizko formakuntza eta aurreratua jasoko dute. Nazioartean puntako erakundeetako ikerlariak izango dituzte irakasle: Claudia Felser, Solidoen Kimika Fisika Max Planck Institutuko zuzendaria (Dresden), Alexander Altland, Kolonia Unibertsitateko ikerlaria, eta Andrei B. Bernevig, Princeton Unibertsitateko irakaslea besteak beste.