Edizio berria osatzeko proposamenak 2024ko abenduaren 16tik 2025eko urtarrilaren 19a bitartean aurkeztu ahal izango dira.
2025eko Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean ospatuko dira, Baionan.
2022an hainbat unibertsitateren eskutik eta mugaz gaindiko erakundeen babesarekin abiatutako proiektua askotariko eragile eta ikaslerentzat topagune aberasgarria bilakatu da eta segida izango du 2025ean ere.
Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak unibertsitate eta erakunde zientifikoetan sortutako ezagutza zabaltzea dute xede eta mugaz gaindiko herritarrei, ikaslegoari eta mundu akademikoari zuzendurikoak dira.
Laugarren edizioa 2025eko ekainaren 30etik uztailaren 4ra ospatuko da Baionan, eta edizio berria osatzeko proposamenak jasotzeko epea zabalik da jada.
Proposamenak lantzerakoan aintzat hartu beharko da gutxienez mugaz gaindiko eskualdeetako bi erakunde publiko edo pribaturen partaidetza izan beharko dutela, eta horietako bik estatu desberdinetakoak izan beharko dutela. Era berean zuzendari bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du.
Ikastaroetan landuko diren gaiei dagokionez, interes sozial edo zientifiko ezberdinen ingurukoak izan daiteke, beti ere mugaz gaindiko ikuspegia txertatuz. Hauek dira iradokitako gaietako batzuk: arkitektura eta hirigintza, kultura eta artea, hezkuntza, osasuna, ekonomia, nutrizioa eta gastronomia, zientzia eta teknologia, klima-aldaketa eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH).
Ikastaroak publiko orokorrari zuzenduak izango dira, baina baita akademikoei, ikasleei eta profesionalei begira antolaturikoak ere. Bereziki baloratuko da publiko gazteenaren partaidetza sustatzea. Gazteen parte-hartzea sustatzeko eta haien intereseko gaietara hurbiltzeko, proposamenek prestakuntzan doktoreak, profesionalak edo gizarte-eragile gazteak sartzeko aukera kontuan hartzea iradokitzen da.
Metodologiari eta formatuari erreparatuz, partaidetza sustatzeko metodologiak baliatuko dira eta amaierako mahai-inguru bat izango dute, gutxienez. Ikastaroak aurrez aurre eman beharko dira, baina aurrez aurre zein online parte hartzeko aukera egongo da.
Ikastaroak Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euro eskualdeko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahalko dira, euskaraz, gazteleraz zein frantsesez, alegia, eta, ikastaro bakoitzaren premietara aldi bereko itzulpena egokituko da.
Proposamenak lantzerakoan kontuan hartu beharreko irizpideak araudian dira eskuragarri eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren (UIK) plataformaren bitartez aurkeztu beharko dira.
Euroeskualdeko unibertsitate eta erakunde publikoen lankidetza
Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak 2022an sortu ziren, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euro eskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker, eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin. Egitasmoa erakunde guzti hauen lankidetzaren emaitza da:
l’Université de Bordeaux (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioa, l’Université Bordeaux Montaigne (UBM), l’Université de Pau et des Pays de L´Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA/NUP), Euskampus Fundazioa, CNRS/IKER zentroa eta Maison des Sciences de l’Homme de Bordeaux (MSH Bx). Halaber, mugaz gaindiko tokiko erakundeen babesa dute: Gipuzkoako Foru Aldundia, Communauté d’Agglomération Pays Basque eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearena.