Berri guztiak

SALTILLO eskola-ontzian Uda Ikastaroa uztailaren 2tik 5era

Aldi berean uztailaren 3an eta 4an itsas inguruaren ikerketa, baliabideak eta osasunari buruzko Uda Ikastaroa izango da doan.

Ingurunearen osasunagatik mugaz haraindiko miaketa egiteko bi eguneko itsas zeharkaldia egingo dute Saltillo eskola-ontzian Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitateko zenbait ikaslek.

Unibertsitateetan eta mugaz gaindiko itsasertzeko ingurune sozioekonomikorako garrantzitsuak diren ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetan egiten den lan zientifikoa, prestakuntzazkoa eta dibulgaziokoa ezagutaraztea da Uda Ikastaro honen helburua, eta, beraz, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen hirugarren edizioaren baitan kokatzen da.

Hirugarren edizio honetan Santurtziko UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolako eta Nautikako Prestakuntzako egoitzaren eta Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-UPV/EHU). artean joan-etorria egingo du Mikel Lejarza ontziko kapitainak zuzendutako ikasle tripulazioak. UPV/EHUko Nautika Graduko (9 parte-hartzaile), UPV/EHUko hezkuntza berrikuntzako (8 parte-hartzaile) eta Bordeleko Unibertsitateko zenbait titulaziotako (5 parte-hartzaile) ikasleek hartuko dute parte.

Uztailaren 2tik 5era nabigazioari buruzko nozioak lantzeaz gain konferentziez, gradu eta master amaierako proiektuen aurkezpenez, mahai-inguruez eta ikerketa lanen aurkezpenez osatutako programa sendoa izango dute ikasleek.

UPV/EHUko Imanol Basterretxeak eta Bordeleko Unibertsitateko Patrice Gonzalezek zuzenduriko Uda Ikastaro honetan hainbat ikerlari eta adituren parte hartzea izango da.

Azpimarratzekoa da Mugaz Gaindiko Uda Ikastaro hau UPV/EHUren IKDi3 hezkuntza-ereduan oinarrituta dagoela. Eredu horretan, iraunkortasunarekin konprometitutako herritarrak hezteko, ezagutza, trebetasun eta balioetan oinarritutako prestakuntzaren aldeko apustu irmoa egiten da. Era berean, diziplina arteko, kultura arteko eta hizkuntza anitzeko tripulazioa osatzea estrategikoa da unibertsitateen arteko itunari bizia ematen dion komunitatearen isla gisa.

SALTILLO eskola-ontzian izango den Uda ikastaroari buruzko programa zehatza eskuragarri da esteka honetan.

Itsas inguruaren ikerketa, baliabideak eta osasuna, doako ikastaroa uztailaren 3an eta 4an

Saltillo eskola-ontziko Uda Ikastaroari lotuta, aldi berean, publiko orokorrari zuzenduriko eta doako Uda Ikastaroa izango da uztailaren 3an eta 4an Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU).

Itsasoari eta itsas munduari loturiko ikerketa, baliabideak eta osasuna oinarri dituzten hitzaldiak eskainiko dira Uda Ikastaro honetan. Era berean, ozeanoen jasangarritasunarekin, klimaren aldeko ekintzarekin, energia ez-poluitzailearekin eta kalitatezko hezkuntzarekin lotutako erronkei erreparatuko zaie.

Askotariko gaiak landuko dira: itsasoan energia garbia sortzea, gure inguruan High Living Lab zentroak sortzea, ingurumen-poluitzaileak egotea eta horiek itsas ingurunean duten eragina. Era berean, unibertsitateko ikasleek itsasoari buruz egiten duten ikerketa modu publikoan erakutsiko da.

Doako Uda Ikastaro honen programa zehatza ikusgai da uik.eus atarian.

Agenda: