Proposamen berritzaile eta interesgarriak izango dira aurten Bizkaian egingo dugun Uda Ikastaroetan.
Landareen mundu liluragarria zientzia aztergai izango da gure elikaduraren eta osasunaren begiradatik, eta naturaren munduko biologo ezagunek horren inguruko ikuspegi abangoardistago bat emango digute. Espezie inbaditzaileen agerpena, Asiako liztorrarena bereziki, aztertuko dute ekologiaren, sozioekonomiaren eta osasunaren ikuspegitik. Jarduteko protokoloak, haren alergia, neutralizatzeko eta erradikatzeko metodoak ere aipatuko dira.
Kimikarien talde batek zientziaren espiritu kritikoa zabalduko du, herritarrek irizpide zorrotz bat eduki dezaten, kimikaren inguruko neurri gabeko irudi negatiboari aurre egiteko, kimika baita inguratzen gaituen guztia. Farmakologiaren arlotik, abusu droga berrien errealitatea emango da ezagutzera. Droga horien efektuak eta arriskuak ezezagunak dira baita kontsumitzaileentzat ere.
Medikuntzaren arloan, immunologiari, immunopatologiari eta immunoterapiari buruzko ikastaro bat emango da: alergiak eta hipersentsibilitateak, txertoak.
Lanbideren eskutik, “Finlandiako Etorkizunaren Batzordea” izeneko esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu, lan eta ekonomiaren etorkizunerako joerak, aukerak edo mehatxuak identifikatzeko gizarte aurreikuspen sistemei buruzko ikastaro batean.
Marketin online, zer da CRO? Adwordseko SEM eta DISPLAY – Zure hurrengo bezeroa 2 mm-ra, etab. Horiek denak azalduko dira “MR. Googleren boterearen” V. edizioan.
UPV/EHUko Uda Ikastaroek “Territorios y Fronteras” ikastaroaren beste edizio bat emango dute. Bertan, gaur egungo zinema dokumentala izango da hizpide, akademia, zinemagile, programatzaile eta publikoaren arteko elkartruke batean (BilbaoArte). Zinematik atera gabe, “Y si pintáramos con luz” ikastaroak zinemaren, argazkilaritzaren eta pinturaren arteko harremanak aztertuko ditu. Arloen arteko harremanei eutsita, “Cultura con M de matematicas” ikastaroan, literatura, papiroflexia, bideo jokoak edo magia harremanetan jarriko dituzte matematikekin.
Eta kultura neurtzerik bai? Kulturmetriaren laugarren edizioa ere egingo da, ikasketa, politika, administrazio edo berrikuntzaren ikuspegitik kultura neurtzeko egitasmoari jarraipena emanez.
Musika eta dantza tradizionalak: bertakoak edo partekatuak? Haien jatorrizko esanahia. Jota mediterraneoa edo aragoiarra edo “gurea”. Musika eta dantza izango dira Areatzan, Tradeginen beste edizio batean.
Hogei bat proposamen, hiru agertokietan: Bizkaia Aretoa, Areatza eta BilbaoArte.