Berri guztiak

"Ricardo Echepare" lehen konferentzia Pedro Miguel Echeniqueren eskutik

Irailaren 30ean, arratsaldeko 17:00etan, Donostiako Miramar Jauregian Ricardo Echepare konferentzia egitasmoaren lehen ekitaldia izango da. Bertan, Pedro Miguel Echenique Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradunak eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidenteak "Ricardo Echepare: Pentsamendua eta ekintza" konferentzia eskainiko du. Ekitaldia doakoa eta herritar ororentzat irekia izango da eta aurrez aurre eta online jarraitzeko aukera izango da.

Ricardo Echepare (Irun, 1948) Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna eta Donostiako Ingeniaritza Teknikoko Eskolako zuzendaria izan zen. Epe labur batez Irungo alkate eta Gipuzkoako kultura diputatu izan zen.  1980ko hamarkadaren hasieran UPV/EHUko Uda Ikastaroak bultzatu zituen sortu berri zen unibertsitatea euskal gizartera hurbilarazi asmoz. UPV/EHUko Uda Ikastaroetako zuzendaria izan zen 1981etik 2008ra eta Uda Ikastaroak unean uneko akademiko, intelektual, artista eta politikari garrantzitsuenen nahitaezko hitzordu izatea lortu zuen.

Ricardo Echeparek ezagutzaren zabalkundearen mesedetan eta hezkuntzaren alde egindako lanari eta izpiritu horri bide emanez bere izena daraman konferentzia antolatuko da aurrerantzean urtero. Ikerketa zientifiko eta teknologikoaren ezagutzaren transferentzia eta inpaktu sozialaren inguruko konferentziak izango dira, aldi berean, goi-mailako hezkuntzari, ingeniaritzetako prestakuntza dualari eta kalitatezko unibertsitate-kudeaketari buruz aritzeko espazio prestigiotsua bilakatzea da xedea.

Ricardo Echepare izeneko konferentzia Miramar Jauregiko Errege Jangela aretoan ospatuko da urtean behin eta areto bertan Echeparek egindako ekarpena ohoratuko duen plaka bat jarriko da.

Irailaren 30ean izango den lehen ekitaldia berezia izango da eta egitarau zabala izango du:

  • Ricardo Echepareri omenaldia
  • Juan Ignacio Perez Iglesias, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuaren hitzaldia
  • Pedro Miguel Echenique katedradunaren konferentzia. Ricardo Echepare: Pentsamendua eta ekintza
  • Eva Ferreira Garcia UPV/EHUko errektorearen hitzaldia

Ekitaldia doakoa eta herritar ororentzat irekia izango da eta aurrez aurre eta online jarraitzeko aukera izango da. Izena emateko formulario eskuragarri da esteka honetan.

Pedro Miguel Echeniqueren hitzaldia streaming bidez jarraitzeko aukera ere badago: https://labur.eus/qKXhc