Berri guztiak

UPV/EHUko Uda Ikastaroen 43. edizioaren irekiera ekitaldia izan da gaur Donostiako Miramar Jauregian

Gonzalo Muga doktore eta EHU Quantum Center zentroko zuzendari ohiak eta UPV/EHUko kolaboratzaileak “Fisika kuantikoa: txigorgailutik ordenagailura” hitzaldia eskaini du irekieran.

Donostiako Miramar Jauregian ospatu berri da UPV/EHUko Uda Ikastaroen (UIK) 43. edizioaren inaugurazio ofiziala. 140 lagun hurbildu dira: Uda Ikastaroetako antolakuntza batzordeko kideak, ikastaroetako zuzendariak eta hizlariak eta hedabideetako ordezkariak, besteak beste.

Eva Ferreira, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren presidente eta UPV/EHUko errektorearen hitzekin hasi da ekitaldia eta, jarraian, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak; Eneko Goia Donostiako alkateak; Juan Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak, Laura Poderoso BBVA Fundazioko zuzendariordeak eta Itziar Alkorta, UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak hartu dute parte.

Uda Ikastaroetako antolakuntza batzordearen parte hartzearen ostean Gonzalo Muga doktore eta EHU Quantum Center zentroko zuzendari ohiak eta UPV/EHUko kolaboratzaileak “Fisika kuantikoa: txigorgailutik ordenagailura” hitzaldia eskaini du.

Adierazi duenez, fisika kuantikoak naturari buruz dugun ikuspegia aldatu du eta mende batean baino gehiagoan funtsezko zutabe bat izan da teknologia garatzeko. Oraindik ere gu harritzeko gaitasuna du eta, gaur egun, ezagutza berritzaileak eta aplikazio eraldatzaileak ematen jarraitzen du. Hitzaldian aurkikuntza eta fenomeno kuantiko nagusiak eta aplikazio nabarmenenak aipatu ditu, horien artean transistorea eta mikroelektronika, izan ere, horiei esker dauzkagu egun ordenagailuak eta mugikorrak. Laserrari ere erreparatu dio, funtsezkoa baita komunikazioetan, materialen prozesaketan eta kirurgian, besteak beste. Hitzaldian aurrera egin ahala, sentsoreen, komunikazioen eta konputazioaren arloetan aplikazio berriak garatzeko aurrez aurre ditugun erronkak jorratu ditu. Era berean, nazioarteko eta tokiko egoerari buruzko ikuspegi bat eskaini du, testuinguru horretan, UPV/EHUk EHU Quantum Center zentroaren bidez prestakuntzaren, ikerkuntzaren eta teknologia-transferentziaren arloan egin duen ekarpen handia azpimarratuz.

Ekainean abiatu ziren Uda Ikastaroak eta matrikula zabalik dago

Ekainaren erdialdera abiatu zen Uda Ikastaroen 43. Edizioa eta irailaren amaiera bitartean, ikastaro andana da ezagutzaren baitan murgildu nahi duen ororentzat. UIKren atarian eskuragarri dago informazio osoa: www.uik.eus.