UPV/EHUren Uda Ikastaroek Euskadi Lagunkoia mugimenduak sustatzen duen adinekoekin lagunkoiak diren establezimenduen sarearekin bat egin dute
UPV/EHUko Uda Ikastaroek Euskadi Lagunkoia mugimenduak sustatzen duen Adinekoekin Lagunkoiak diren Establezimenduen Sarearekin bat egin dute. Horrela, Udako Ikastaroen sustatzaileek konpromisoa hartu dute adinekoek parte hartzeko bide ematen duten jarduera lagunkoiak sustatzeko; horretarako, baliabideak pertsona horien beharretara egokitu eta pertsona horiek prestakuntza-jardueretan sartzea bultzatuko da.
Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak Carmen Agoués UPV/EHUren Udako Ikastaroen zuzendari akademikoari erakutsi dio esker ona. Erakunde honek bat egin du guztira hiru lurraldeetako 47 udalerritako 330 establezimendu batzen dituen establezimendu lagunkoien sarearekin.
Atxikipena UPV/EHUren Udako Ikastaroetan hainbat lanetan diharduten zenbait pertsonak eta Euskadi Lagunkoia Sareak eskaintzaren lagunkoitasunari buruz hausnartzeko programaren ondoren izan zen. Hainbat lanbide-profiletako pertsonek adinekoek ikastaroetan duten parte-hartzea edo pertsona guztiek ikastaroa osatzeko orduan egiten duten ibilbidea aztertu dute. Hausnarketa horren ondorioz, adineko pertsonek izan ditzaketen zailtasunak egiaztatu eta, horrela, gertakari horiek arindu ahal izateko hobekuntza posibleak proposatu ahal izan zituzten. Horren guztiaren ondorioz, gida espezifikoa sortu da; gidak Udako Ikastaroetara sartzeko bidea adinekoen ezaugarri eta beharretara egokitzeko aholkuak eta gomendioak jasotzen ditu.
Ekintza hori ‘2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategia’n kokatzen da; bertan, aipamen berezia egiten zaio “bizitzan zeharreko ikaskuntza euskal gizartean txertatzeari”. Halaber, Bizitzan Zeharreko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen aplikazioarekin egiten du bat; Legeak prestakuntza hori euskal herritarren eskubide gisa jotzen du, zeinak pertsonek garapen pertsonalerako oinarrizko gaitasunak eskuratzeko duten aukera-berdintasunaren printzipioari bide ematen baitio.
Gainera, Europako Batzordeak, etengabeko ikaskuntza lehentasunezko helburu politiko gisa aldarrikatzen duela kontuan hartuta, hezkuntzak gizarte-partaidetzarako eta garapen pertsonalerako derrigorrezko baldintza gisa duen garrantzia aitortzen eta azpimarratzen du: “ezagutza, jarrera eta gaitasunak etengabe geureganatzen eta eguneratzen egotea herritar ororen garapen pertsonalerako ezinbesteko baldintzatzat eta gizarteko eremu guztietan parte hartzeko baldintzatzat jotzen da –herritartasun aktiboa izan zein lan-merkatuan txertatzea izan–”.
Euskadi Lagunkoia Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako Age-friendly Environments Programme ekimenean oinarritzen da. Tresna eraginkorra da adinekoei eta erkidegoei beren ahalmen guztia aprobetxatzen eta beren ingurunea, udalerriak, herriak eta hiriak dauzkaten beharrizan, nahi eta gaitasunen arabera eraikitzeko gizartean parte hartzen laguntzeko. Tresna horrek, aldi berean, laguntza, babesa eta segurtasuna ematen die eta mugimendu horren eragile nagusi bilakatzen dira, bai eta proiektuaren protagonista, eredu eta garapenaren lider ere.
Gaur egun, Sarea –Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du– hiru lurraldeetako 46 udalerrik osatzen dute. Euskadi Lagunkoia Sarearen bidez, Euskadi abangoardian dago gai honetan; izan ere, mundu-mailan udalerri lagunkoi gehien duen lurraldea da, eta nazioarteko erreferente gisa ezarri da, ekimenean hainbat tamainatako hiriburu, hiri eta herri batu baitira.
Establezimendu Lagunkoiak
Merkataritzaren eta Gizarte Politiken ardura duten sailek, 2016an, Establezimendu Lagunkoiak programa abian jarri zuten, lagunkoitasuna sustatzeko Euskadiko establezimendu publikoetan, merkataritza- eta ostalaritza-lokalak barne. Programaren helburua da lagunkoi bilakatu nahi diren establezimenduei erraztasunak ematea eta, horretarako, gida bat eta prestakuntzarako sarbidea ematea.
Establezimenduen kudeatzaileei zuzendutako aholkuak eta urratsak dira; horien bidez, merkatariek eta ostalariek beraiek beren lokalak espazio lagunkoi bilakatzea lortu nahi da eta, horrela, bezeroari arreta emateko zerbitzua hobetzea, langileak hobeto sentsibilizatuz. Pertsona guztiei eta, bereziki, adinekoei kalitateko zerbitzua emateko urrats eta gomendioak dira, kasu askotan doakoak edo oso kostu txikikoak. Horrela, adinekoek hainbat eremutan izan ditzaketen beharrizanak konpentsatzen dira: mugikortasun-galera, ikusmenaren gutxitzea, entzumenaren gutxitzea edo narriadura kognitiboa.